Errozaterako igoera, Beherobitik

Gorka Lopez / 2013-12-20 / 473 hitz

Errozate mendiaren altitudeari eta kokaguneari esker, ikusmira zabala izango dugu bai Garaziko landetarantz eta bai Iratiko basorantz. Ezterenzubitik abiatuko dugu mendirako igoaldia.

Baserri auzotxo bat da Beherobi, Ezterenzubi udalerrian dagoena (Nafarroa Beherea), izen bereko amildegiaren barren-barrenean, Pirinioetako mendilerroko hainbat gailur ezagunen artean kokatua, doi-doi; Urkulu eta Errozate artean, besteak beste. Errozate gailurrera, berriz, Ezterenzubiko amildegitik igoko gara; amildegi horretan daude, esaterako, Harpea haitzulo ezkutua eta Errobi ibaiaren iturburuak.

Gure asmoa da ipar-mendebaldeko erlaitzetik igotzea Errozate gailurrera, horixe baita biderik zuzenena eta erakargarriena. Asmo horrekin abiatuko gara gorantz, bada, Beherobiko ostalaritza gunea baino lehenago dagoen aparkalekutik; asfaltozko bide estu eta kartel batez seinaleztatu batetik joko dugu Errobiren iturbururantz.

Maldan gora egingo dugu lehenik, eta maldan behera gero; Errobi ibaiaren bestaldean, baserri baten ondotik pasatuko gara, eta pista batetik segituko dugu ibilian, etxebizitza batzuk inguratuko ditugu, eta Errobiren ibaiadar bat igaroko dugu, zeinetako urak ezkerraldeko zuhaizti batetik baitatoz. Errekaren osteko maldan gora egingo dugu, harrizko mugarri bateraino; ezkerretara dagoen bidexka bat seinalatzen du mugarriak, eta, handik jota, pagadi batean sartuko gara.

Basarteko bidexka horretatik igoko gara, iturburu batetik igaro, eta Beherobi amildegiaren gainean ageriko zaigun mazela etzanean ezarriko gara. Hurrengo, bihurgune bat egingo du bidexkak mazelean, eta amildegian sartuko gara bete-betean, Errozate gailurra buru gainean izateraino. Mazelean gora egiteko bidea erakutsiko digu mugarri batek, haraino eraman gaituen bidexkatik beretik jarraituta; handik gertu, utzi egingo dio gora egiteari, eta marra zuzen bat marraztuko du. Behin toki horretara iritsiz gero, bidexka utzi eta ezkerretara joko dugu, belar handiko zelai batean barrena. Ehunka metro egin ostean, eskuinetik jo, eta aurki hasiko gara inguruko erlaitz harkaiztsuan gora.

Hala, gailurretik datorren ertzaren goreneraino igoko gara, eta, handik, zuzenean egingo dugu gailurrerantz, aurrez aurre ageriko baitzaigu. Lehenik, harkaitzaren hegitik ibiliko gara; hurrengo, belarrez estalitako zati batetik, eta, haren hurrengo, asunez jositako eremu batetik barrena; orduan, beste bidexka bat agertuko zaigu, eta, handik, bestaldera joko dugu gailur ertzetiko ibilbide horretan, Agerreko baso gaineko hegaleraino.

Bidexka baliatuz, erlaitz malkartsuan gora egingo dugu, xafla harkaiztsu baten azpiraino, eta, hura bazterrera utzita, haren eskuinaldeko zelaigune lau batetik joko dugu. Zelaiaren goiko aldetik jo, eta gailurreko harkaitz tontorretarantz egingo dugu, haietatik bereizten gaituen hesia igaro, eta Errozate gailurraren goreneraino iritsiko gara; ingurumariko lursailen gainetiko ikusmira zoragarria izango du zain hantxe opari.

Gailurretik beherantz, baina, bestaldeko muturretik jaitsiko gara, alegia, hegoaldeko mazelatik; asfaltuzko pista sigi-sagatsu bat aurkituko dugu, eta hainbat artzain borda ibaiertzean. Behin errepide horretara iritsita, ezkerretarantz utzi, eta maldan behera segituko dugu hesi bateraino. Haren paraleloan kokatu, eta beherantz egingo dugu Errozateko leporaino, eta, han, hesia zeharkatuko dugu horretarako egokitutako tokitik.

Mendi lepo horretatik, dozena bat metro egingo ditugu beherantz, eta beste bidexka bat aurkituko dugu eskuinaldean, Beherobi amildegiaren hondoraino jaisten den malda belarreztatu batean behera. Aurreraxeago, bitan banatuko da bidexka: urtaroko uren ildoaren ondotik doan bide beheranzkoa utzi, eta amildegian aurrera egingo dugu mazelaz mazela igoerako bide beretik, eta, behin hor, hegalerantz desbideratuko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.