Bozooko artelatzak

Josean Gil-Garcia / 2014-01-10 / 578 hitz

Kondaira ugariko basoa dago Bozoon, Arabako mugan. Azken artelatzak hazten dira, eta behialako klima epelaren lekuko dira.

Artelatza (Quercus suber) oso zuhaitz mota interesgarria da. Begiratu batean artea (Quercus ilex) dirudien arren, nekez desberdinduko genituzke espezie biak urrutitik ikusiz gero. Mediterraneoko eskualdeko espeziea da artelatza, eta, horregatik, izugarri maite ditu tenperatura epeleko bazterrak. Itsasoak leundutako tokiak ere begiko ditu. Euskal Herrian ez da espezie arrotza, aspaldi-aspaldi landatu zen eta. Aski da Muskizetik Kobaron aldera doan kostaldeko ibilbidea egiten hastea, artelatzak han eta hemen ikusteko. Mendebaldeko aleak tamaina txikikoak izanagatik ere, neurria handitzen dela ikusiko dugu gure bidaia ekialderantz egin ahala. Artelatzek Euskal Herrian basorik osatzen ez badute ere, itxura oneko ale ederrak ikusiko ditugu Getaria-Zarauzko tartean, baita Aturri ibaiko badiaren inguruan ere.

Araban, haatik, nekez aurkituko dugu artelatza, herrialde horretan beste espezie batzuek aurrea hartzen baitiote azal zimurtsua duenari: arteak, erkametzak, ametzak, abaritzak eta haritz kandudunak, besteak beste. Ebroz bestaldean, ordea, azken artelatzak bizirik daude. Obarenes natur parkeko iparraldean hedatzen dira, batez ere Recuenco mendi magalean zehar. Neurri txikikoak direlarik ere, aski preziatuak dira Burgosko probintzian, baso bakarra delako. Kortxo ustiapenaren arrasto gutxi nabarmenduko ditugu Bozooko paseoan, artelatzen azal preziatua ez baita komertzializatzen, Potesko (Kantabria, Espainia) eta Fornillos de Fermoselleko (Zamora, Espainia) baso ederretan gertatzen den moduan. Bozooko aleak askoz apalagoak dira. Erabat babestuta daude, eta Obarenes natur parkearen esparruan hazten dira.

Artelatzen bidea

Bozoo herrian hasiko dugu ibilbidea. Lehenik eta behin, Miranda de Ebrora iritsiko gara autoz. Gero, Larrazubi aldera doan errepideari segituta, Ebro ibaia gurutzatu, eta Santa Gadea del Cideraino jarraituko dugu. Bozoorako bidea Erdi Aroko harresiaren aurrean ikusiko dugu. Plazara iristeaz batera, GR 291 Ura eta haitza, Ebrotik Obarenesera izeneko ibilbide luzeari dagozkion seinaleak ikusiko ditugu, baita Bozooko bidexka laburrari dagozkionak ere. Seinale zuri-gorriak alde batera utzita, ordea, SL BU 92 zidorrari jaramon egiten hasiko gara. Herriko plazan ezkerrera jo, eta mendebaldera egingo dugu. Herritik irtengo gara, Barrancal kaleari men eginez. Azken etxearen parez pare, eskuineko bidea hautatu, eta garaiera hartzen hasiko gara, tindu berdeko arrastoek adierazten dutenez. Aldatsa samurtzen denean, ur biltegi txiki baten ondotik igaroko gara. Ibarra korritzen duen basabide nagusiari eutsiko diogu, betiere ibarra bera ureztatzen duen ur emaritik gertu-gertu ibilita. Anartean, gora eta gora jarraituko dugu, intxaurrondoak, pikondoak, makalak eta arteak gogaide. Behi azienda atzean utzita, Bozooko artelatzak ezagutzen lagunduko digun bidezidorrera iritsiko gara. Basabide nagusia bertan utziko dugu, eta, eskuinera eginez, bidexkan gora egingo dugu. Baso isileko lehen artelatzak tupustean agertuko zaizkigu. Ler gorrien artean kamuflatuta dauden arren, haien azal gogorrak eta zimurtsuak erraz salatuko ditu. Faunarentzat babesleku preziatua da enborraren azal biguna, nahiz eta Bozookoan baso xumea baino ez den osatuko. Zuhaitzon estaldura bereziari esker, udako tenperaturari aurre egitea errazago gertatuko zaie. Bestela esanda, suteetatik babes eraginkorra lortzen dute artelatzek.

Lepora iristean, burdinazko pasabidea igaro, eta eskuinetik jarraituko dugu. Paseo gozoan behera egiten hasita, ur putzu batera helduko gara. Lehen utzitako zidorrarekin bat egingo dugu bidegurutzean. Eskuinera hartuko dugu, Bozooraino geratzen zaizkigun 4,4 kilometroak egiteko asmoz. Los Campos atakatik igaro ostean, garaiera galtzen hasi, eta, ia ohartu gabe, Castroko ur putzuaren aurrean izango gara; Tobalinako ibarrera doan bide zabala uzteko unea da. Ezkerrera egingo dugu Castroko putzuan, eta, hezegunea inguratuta, Bozoorako bidexkari ekingo diogu. Hasieran, ibarretik behera eramango gaitu bidexkak; laster batean, ordea, zehar-zehar, aspaldiko galtzada batean gaindi ibiliko bagina bezala.

Basoa atzean utzi bezain pronto, Cerroko lepo zabalera irtengo gara. Basabide berri bati lotuko gatzaizkio han. Gero, bidegurutze batera heldutakoan, ezkerraldeko bidea alde batera utzi, eta hegiz hegi doanari jaramon egingo diogu. Jaitsiera aparta borobilduko dugu Bozoora iristeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.