Hiru debeku

Angel Erro /2014-01-19 / 165 hitz

Hitzen gainean aginteren bat banu, haietako hiru debekatzeko eskatuko nuke. Urtebetez bada ere. Zehazkiago, hiru erabilera jakin. Maiz ikusten ditut erabilita, eta beti hartzen nau hitzek jeneralean gordetzen duten iruzur kopurua baino gehiago daukatelako inpresioak.

Gustura. «Gustura ikusi dut X filma», «gustura irakurri dut X liburua» eta antzeko esaldietan. Gure gustua gehiegi ez konprometitzeko taktika. Gustura leitu duzu, baina ona da? Nik eserita ikusi dut X filma, edo erdi etzanda, eta zer? Iritziaren ordez, ekintza kulturalak gugan eragiten duen sentsazioaren berri ematea oso gaurkoa da, baina ez dit balio.

Interesgarria. Aurrekoaren ildotik, zerbait interesgarria dela esaten da askotan gomendio moduan: «Interesgarria, Yk Argiako elkarrizketan esandakoa». Adostasuna erakusteko tenorean xuhurrak gara, eta zerbait interesgarritzat jotzeak ez gaitu engaiatzen: Jean-Marie Le Pen zein Slavoj Zizek hagitz interesgarriak dira, biak ala biak.

Bitxia. Behin «pertsonaia bitxi» moduan aurkeztu ninduten, eta oraindik ez dakit zer esan nahi zuten. Neure arrunkeria barru-barrutik ongi ezagutzen dudan aldetik, une horretan pentsatu nuen ez nintzatekeela ni bitxitzat jotzen nauen herri batean gustura biziko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.