Idoia Labaien, ikerlaria: «Elikadura osasuntsua zer den jakinda ere, ez dugu ezer egiten»

Lander Muñagorri Garmendia / 2014-01-15 / 903 hitz

OME Osasunaren Mundu Erakundeak egindako jakinarazpena da: obesitatearen eraginez, bizi-itxaropenak behera egingo du etorkizunean. Europako nerabeen artean gora egin du joera horrek, elikadura kaskartzen eta sedentarismoa gailentzen ari delako.

Kirola egitearekin soilik ez da nahikoa. Nerabeen obesitatea gora egiten ari den garai honetan dietak zeresan handia duela ondorioztatu du Idoia Labaienek (Iruñea, 1968), Biologiako doktore eta ikerlariak. Nerabeen bizimodu osasuntsua ikertzeko Europako Helena proiektuan parte hartu du, eta kontinenteko 3.500 gazteren gorpuzkera aztertu. Gero eta bizimodu sedentarioagoa izateak eta elikadura ohitura kaskarragoek eragin dute nerabeen artean obesitatea areagotzea.

Nerabeen artean gizentasunak gora egin duela dio egin duzuen ikerketak. Zenbat igo da?

Ez daukagu datu fidagarririk, baina ikerketa honetan 13 eta 18 urte arteko nerabeen %25 obesoa dela jabetu gara. Egiten diren ikerketa gehienetan hiru urtetik 18ra arteko adin esparrua hartzen da, eta ez da zifra banaturik ematen. Horregatik, ez dakigu zenbat handitu den kopurua, baina handiagoa bada. Badakigu, ordea, Mediterraneoko herrialdeetan ehunekoa handiagoa dela iparraldean baino.

Zergatik izan daiteke joera hori?

Ikusi dugu jarduera fisikoa handiagoa dela Europa iparraldean hegoaldean baino, eta elikadura ohitura hobeak dituzte gainera. Fruta eta barazki gehiago jaten dute, baina horiek hemen ekoizten ditugu. Beraz, gure nerabeen artean, elikadura ohiturak izugarri aldatu dira.

Iparraldeko herrialdeetan ohitura hobeak dituztela diozu. Harrigarria ere bada, Mediterraneoan elikadura hobea den pertzepzioa zabalduta baitago…

Harrigarria da, bai. Hemen eguraldi hobea dugu, eta Suediako nerabeek bizikleta gehiago erabiltzen dute. Han ez daukate frutarik, eta hala ere guk baino gehiago kontsumitzen dute. Zerbait gaizki egiten ari gara. Hango herrialdeetako elikadura kaskarragoa dela esan ohi da, baina hori helduekin gertatzen da, nerabeekin ez. Esan daiteke kontrako joera bat gertatzen ari dela.

Zergatik zentratu duzue ikerketa nerabeengan?

Garapen prozesuan hiru aldi kritiko daude. Jaioberriena da lehenengoa, bederatzi urte inguruko adina ondoren, eta nerabezaroa azkenik. Aldaketa asko gertatzen dira garai horretan, fisikoak, psikologikoak eta sexualak. Eta, oro har, zailagoa da eurei osasun mezuak bidaltzea. Horregatik, hobe da prebentzioa haurrekin hastea, nerabeekin baino. Aldaketa asko gertatzen dira, eta, horregatik, interesgarria da jakitea zer gertatzen den hor.

Gizentasuna elikadurarekin lotuta dagoela diozue, baina jarduera fisikoak zeresana ere izango du…

Bai, jarduera fisikoaren inguruan ikerketa asko atera ditugu, eta osasuntsua dela ikusten dugu, gorputz konposizioan eragiten duelako. Baina horrekin bakarrik ez da nahikoa. Dietaren konposizioa aztertu dugu, eta ikusi dietan gantzaren kopurua handitzen bada hori gizentasunarekin lotzen dela. Eta gantzaren kokapena abdominala bada arriskua asko areagotzen da. Bestalde, jarduera fisikoak hori konpentsatzen ote zuen jakin nahi genuen, ea hori bakarrik nahikoa ote den. Eta ezetz ikusi genuen. Beraz, biak egin behar dira batera: bai elikadura osasuntsua eta bai jarduera fisikoa ere. Eta alde horretatik, badakigu hegoaldeko herrialdeak iparraldean baino sedentarioagoak direla.

Jarduera fisikoa prebentzio faktore gisa hartzen jarraitzen duzue?

Bai, hori da. Batak ez du bestea konpentsatzen. Dietaren konposizioa oso indartsua da. Gantzaren metaketan arrisku faktorea dago, eta ez da konpentsatzen kirola eginda. Jarduera fisikoa prebentzio faktorea da, baina horrek bakarrik ez du balio.

Abdominaleko gantzak arriskutsuenak direla esan duzu. Zergatik?

Gantza horiek arrisku kardiobaskularrekin lotzen dira. Gantza sabelaldean metatzen bada arteria presioa handitzen da, baita kolesterolaren maila ere; bestalde, triglizeridoak, eta diabetesaren arriskua areagotzen da. Gantzaren kokapena abdominala eta gehiegizkoa bada, arriskua dago, nahiz eta obesitatea garatuta ez eduki.

Nerabezaroan hartzen diren joerak etorkizunean eragina izango du, ez da hala?

Bai, eta ikusten dugu gorputza aztoratuta badago, eta haurtzaroan eta gaztaroan gantza agertzen bada, helduaroan mantendu egiten dela joera hori. Orduan, elikadura eta jarduera fisikoko ohiturak lehenago hartu behar dira. Bestela, denak obesoak geratuko dira. Gaur egun gizenak direnak ondoren ere hala izango dira.

Elikadura ohiturak kaskartzen ari direla esan daiteke?

Bai, eta joera hori, gainera, ahal bezain laster aldatu behar da. OMEk egin du deialdi bat, eta jende asko ari da ohartarazten. Obesitatearen eraginez bizi-itxaropena motzagoa izango dela uste da, baina Europan oraindik argazki bat ateratzen ari gara. Baina ez dugu parte hartzen, ez ditugu gauzak aldatu. Oraindik elikadura ohiturak txarrak dira, eta eskoletan heziketa fisikoko orduak jaitsi egin dira. Eta hori gure nerabeen ohituren aurkakoa da.

Elikaduraren inguruko gero eta informazio gehiago edukita, zergatik joera hori?

Nik uste denok dakigula zer den elikadura osasuntsua. Badakigu barazki eta frutak egunero jan behar direla, eta elikadurak orekatua izan behar duela, baina gero ez dugu ezer egiten. Beraz, osasun publikoan lan egiten dutenek beste zerbait egin beharko dute. Mezuak populaziora iristeko eta gauzak aldatzeko lan egin behar da. Badakigu produktu horiek merkeagoak direla, baita nerabeentzat atseginagoak ere. Baina horrekin ere lan egin behar da. Europa iparraldeko erakunde batzuk halako produktuentzat zergak igotzea pentsatzen ari dira, gutxienez merkeak ez izateko.

Zergatik ez da ezer egiten?

Nik ez dakit. Ez dauka lehentasuna, eta horixe gertatzen da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarentzat beste lege bat prestatzen ari dira, eta, nahiz eta esaten aritu heziketa fisiko gehiago egin behar dela, ez da horrela gertatzen. Astean behin egiten da, eta gutxienez bost aldiz egin beharko litzateke. Elikadura ohiturekin ere gauza bera. Etxera iristean, denbora arazoengatik edo ez dakit zergatik, baina nerabeen elikadura eskasa da, meriendan ogitartekoa desagertu egin da…

Kirol gutxiago, eta elikadura kaskarragoa. Zuek aipatzen dituzuen bi arrisku horiek betetzen ari dira.

Bai. Ikusten dugu obesitaterako joera areagotzen ari dela. Lehen ezezaguna zen nerabe edo haur baten kasuan bi motako diabetesa ikustea, eta orain garatzen dute. Zifrak ateratzen ditugu soilik, baina inolako neurririk hartu gabe.

Zer egin beharko litzateke?

Beste herrialdeetan begiratzen ari dira telebistan zer eskaintzen duten, eta ikusi zer ikasten ari diren iragarki horiekin. Begiratzen hanburger, pizza eta litxarreriekin zer erabilera dagoen. Eta produktu batzuetan zergak igotzen hasi dira, ea horrela kontsumoa jaisten den behinik behin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.