Mozorroak ez du generorik

Nora Arbelbide-Iker Tubia / 2014-02-11 / 1.283 hitz

Plaza, hau da, eremu publikoa gizonena izan da luzaz; etxea, berriz, emazteena. Debeku zenbait oraindik indarrean badira ere, emakumeak emeki-emeki ari dira bereganatzen inauterien erritualen plaza.

Mozorrotik berdintasunera jauzi egiteko aukera ematen ari dira inauterien erritualak. Ez idurian bakarrik, aldaketa sakonak hauteman daitezke han-hemenka. «Gure garaietako iraultza da emakumearen plazaratzea, hitz horrek duen adierarik zabalenean», idatzi zuen Aingeru Epaltza idazleak joan den udan. Uda hartan, Elbeteko jaietan (Nafarroa), Baztango auzapez emaztea plazan hasi zen mutil dantzak ematen, besteen artean. Eta orduan, txistuka eta irainka hartu zuten. Horren harira idatzi zuen iritzitik hartua da Epaltzaren errana.

Inauteri garaian, Elbeteko debekuek bere oihartzun zehatzak baditu. Lehen, eremu publikoa gizonena zen, eta etxea, emazteena; orain, eremu publikoan berdintasuna aldarrikatzen den heinean, horren lekuko da plaza. Dela aitzinamenduetan, dela debekuetan.

Hasiz, debekutik, beraz. Uztaritzeko Kaskaroten kasua horren lekuko. 300 bat urte, gutxienez, Kaskarotak urtero etxez etxe ibiltzen direla herrian. Eta beti mutilak izan dira. Eta orain ere hala izaten segitzen dute. Eztabaidak izan dira, baina ez dira hausturaraino joan. Neska batzuk saiatu dira beren aldetik erritual zenbait sortzen, baina mementoko deusezek ez du hartu.

Hazparneko joaldunetan ere, gizonak bakarrik: «Zergatik aldatu aski gizon harrapatzen delarik? Galiar menderaezinak izanen gara beharbada, basak, neskak ez baititugu hartzen. Baina horrela deliberatu izan da denen artean. Eta orainokoan horrela izanen da», dio Michel Ospitalek, joaldun horietako batek. Taldea duela 25 bat urte sortu zuten. Mutilen lagun talde baten artean sortu zuten, eta horrela segitzea dute xede.

Hazparneko afera aditzean harritu egin da Jone Altxu iturendarra. Hura izan zen Iturenen joareak jantzi zituen lehenbiziko emakumea, harekin atera zen beste emakume batekin batera. Hogeita hamar urte igaro dira ordutik, eta ezin uler dezake inori sexuarengatik joareak paratzeko debekurik jartzea; are, «lotsagarria» iruditu zaio. Lehenbiziko aldi hura gogoan du Altxuk, inprobisatua izan zela azaldu du: «Hantxe aurkeztu ginen gure joareekin, jarri behar genituela, eta gizonezkoek onartu zuten». Lehenbiziko aldi horretan jendea harriturik zegoela aitortu du. Batzuek animatu egin zituzten, badaki ere beste batzuek ez zutela begi onez ikusi, bai gizon bai emakume. Dena den, ordutik ez da arazorik egon. Aurten, adibidez, Iturenen ez da emakume joaldunik izan, baina Zubietan bai, lauzpabost.

Euskal Herriko egoerari so, herri gehienetan ez dago arazorik emakumeek inauterietan parte hartzeko. Badira urteak Goizuetako zahagi dantzan emakumeek parte hartzen dutela, eta generoari ez zaio erreparatzen Altsasun momotxorroak janzteko tenorean. Inauteri ezagunena, baina, Tolosan dago. Han ere izan dira joera matxistak, eta besta gizonek eta gizonentzat egina zen. Eredua aldatu egin da, baina. Lauzpabost urte dira Oihane Amategi antropologoak beste lankide batzuekin batera emakumeak Tolosako mozorro bestan jokatzen duen rola aztertu zuela. 1936ko gerratik aurrera egin zuten ikerketa.

«Emakumea ikusezintasun batean zegoen, baina urteak aurrera egin ahala leku publikoak hartzen hasi zen berdintasun jakin baten barruan», azaldu du Amategik. Azaldu duenez, 40 eta 50eko urteetan emakume gehienek gizonen jantziak josi eta etxeko balkoiak apaintzen zituzten inauterietan. «Baziren inauteriarekiko harremanean oso bisibilitate handia eta askatasun handia zutenak», esan du antropologoak, baina salbuespenak ziren. Berdintasunerako urratsak nabarmenak izan direla aitortu du, eta dagoeneko kuadrilla asko mistoak direla. «Ez bakarrik bisualizazioa, parte hartzean ere emakumeak pisua hartu zuen; behaketa egin genuen, eta ikusi genuen oso parekidea zela antolakuntza ere», gaineratu du.

Biologikoa baino haratago

Beharbada bigarren hori ez da hain zabaldua. Emakumea kalera ateratzen da, mozorrotu egiten da, baina, nork antolatzen ditu inauteriak? Altxuk azaldu duenez, Iturenen gizonak izan ohi dira inauteria antolatzen dutenak. «Gauzak hobetuz joan dira. Oraindik ardura handienak gizonezkoek dituzte, baina nik uste dut nahi duenak parte har dezakeela», zehaztu du.

Inauteria bada ere mozorro, eredu hauste, sistema iraultze. Eta, alde horretatik, generoarenak badu nondik zer tira: «Nik uste dut ez duela garrantzirik biologikoki zer garen, inauteritan jokatzen dugunean mozorro bat. Ez du axola benetan zakilik dugun ala ez dugun, baizik eta gure pertsonaia horrek baldin badu, ba, izango bagenu bezala jokatzea, eta ez badu, ba, jokatuko da izango ez balu bezala. Eta kasu gehienetan, tradizioan, mozorroek ez dute generorik», deritzo, bestalde, Oier Araolaza dantzan aditu eta dantzariak. Ohartarazi du, bide batez, maskaradetan neskek rol batzuk bereganatu badituzte ere, jantziak ez dituztela aldatu. Aurten, adibidez, beltzen artean badira neskak.

Rol guztiak ez dira hain automatikoki neskei ematen, haatik, maskaradetan ere. Salbuespenak salbuespen. Kauteren artean, adibidez, Kabana Handi emazte bat izatea ez da hain begi bistakoa. Thierry Truffaut antropologoa horren alde da. Hau da, emazteei zenbait rol debekatzearen alde da. Adibidez, Zamaltzainak irudikatzen duen zaldiaren zikiratzea antzezten dutela maskaradek, Zamaltzaina neska bat izatea, kontra zentzua dela dio. Berdin hartzarekin. «Iratzartzen da lurra ongarritzeko. Emaztea bada, sistema osoa da zapuzten. Fantasmatzen ahal da, baina koherentziak atxiki behar dira». Hori emazteentzat suerte baten gisan ikusten du: «Gizonen matxismo deseroso hori berriz lehengoratzeak ez dut uste interesik duenik».

Tradizioa tradizio, zehaztekoa da, nonbait, betidanik ere izan direla moldaketak. Maskaradetan, une batez Kantiniersarengana doa Pitxu, horren zikiratzeko, baina horrek ez duela koskoilik badakite denek, eta irri egiteko aitzakia bilakatzen da. Kantiniersa luzaz mutil batek du antzeztu, kontra zentzu bat sortuz, baina moldatzen ziren iduriz. «Kontua ez da gizona ustela dela eta emaztea saindu bat», nabarmendu nahi izan du Truffautek. «Baina orokortasun batetik begiratuta, halere, gerla, bortizkeria, gizonen aldean dago, emazteen aldean baino gehiago. Beharbada arduradun garrantzitsuenen artean emazte gehiago balira —emazteak amak ere baitira, semeak hiltzera bidaltzea zer erran nahi duen baitakite—, gerlen beste ikuspegi bat eman zezaketen. Baina egia da emazteen artean ama-Thatcher batzuk badirela».

Truffautek gehiago defendatzen du neskek beren tradizioa sortzea. Eredu horren alde egin zuten Mundakan, besteak beste. Inauterietan atorrak eta lamiak ateratzen dira kaleetan kantatzera: gizonak zuriz janzten dira, eta emakumeak, beltzez. Goizean gizonen ahotsak aditzen dira herrian, eta iluntzean emakumeak ateratzen dira kantatzera.

Bereizketa frankotan jantzian datza. Hala egiten dute Agoitzen maskaritek eta kaskaboboek. Antzeko jantzia dute, baina berezitua generoaren arabera. Donibane Garaziko Libertimenduan ere Xaindia pertsonaia irudikatzen dute neskek azken urteetan. Bolanten heineko pertsonaia da, Antton Luku arte draman aritu den idazleak tokiko ipuin batetik hartua. Mutikoei begietara so egiten duena da Xaindia, ausarta.

Gero, bada jantzia, eta bada ere zer egiten den jantzi horrekin. Donibane Garazin, beti, luzaz Euskaldunak Sorginak dantzak ez zituzten ematen neskek. Baina azken aldietan bai. Dantzak ontsa ikasirik ez zela arrazoirik ez emateko pentsatu zuten. «Eta zinez maite ditugu dantza horiek», azpimarratu du taldeko Anita Falxak. Xibandiarrak, berriz, bakarrik mutilek dituzte ematen. Falxak dioenez, neskek ez dute dantzatu nahi: «Ez dugu gustukoa». Akigarria zaie, entrexanta gehiegi, «fisikoki iraun behar da». Eta funtsean, mutilek ere ez dutela beti gogo onez dantza hori ematen zehaztu du. Baina kondizioa landuz egingarri dela argi du, haatik. Ez du baztertzen noizbait horri lotzea ere. Detaile bat dirudien horrek anitz erraten du plaza hartzeko nesken ausardiaz ala lotsaz.

Gakoa, prestakuntza

Plaza hartzeko, prestakuntza behar. Eta, horretan, Lukuk berak eman ditu pista batzuk. «Lehen trabes ekonomikoa zeukan mutikoak eta neskak bi bide ezberdinetik hazteak, sexu bakoitzaren jakintzak bizia segurtatzen zuen bere moldean. Orain ikasketa berak egiten ditugularik, gorputz heziketa bera eskatzen dugularik alaba edo semearentzat, biek dantzari curriculuma bera ez izatea deusek ez du justifikatzen, berehala ezabatuko ez den gustu estetiko batetik kanpo».

Gustu estetikoak, ordea, laster gainditzen dira beharrak hor direlarik. Ezpeletan (Lapurdi), adibidez, Ezpela dantza taldeko neskak izan dira Kaskaroten tradizioa xutik atxiki dutenak. Neskek ez balute hartu lekukoa arrunt galtzekotan zen errituala, Virginie Ipharragerreren ustez. Kaskarota gehienak neskak baitira gaur egunean: «Pixkanaka-pixkanaka sartu dira neskak, taldean mutiko gutxiago baitziren. Herriko mutikoak ez ziren baitezpada Kaskarotetara heldu. Ez ziren serioski heldu, ez zuten segitzen». Kritikak entzun izan dituzte, baina hori «denetan bezala da». «Memento baten buruan batzuek ez badute hartzen, ez da deus egiten gehiago. Ni segur naiz Ezpeletan galduko zela. Espero dut lotuko direla gazteak».

Berdin gertatzen da maskaradetan. «Gero eta neskatila gehiago bada. Beharra bada. Gizonak berak ez dira aski. Gero eta gaitzagoa da maskaradaren plantatzea. Behar da gazteria ukan. Kargu handienek behar dute euskara jakin», zehaztu du Maider Larrori aurtengo maskaradan xorrotxetako baten rola jokatzen duenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude