Udaberrian ere ez dago etenik

Juan Luis Zabala / 2014-02-21 / 838 hitz

Iñigo Aranbarri, Juan Kruz Igerabide, Felipe Juaristi, Karlos Linazasoro eta Iban Zalduak liburu berriak kaleratuko dituzte udaberrian.
Plazan berriagoak diren egileen lanak ere iragarri dituzte ondorengo hilabeteetarako.

Ez Hasier Etxeberriaren Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburukorik, ez Ana Urkizaren Zortzi unibertso, zortzi idazle liburukorik dago aurtengo udaberrian obra berriak plazaratuko dituzten idazleen artean. Horrelakorik nekez gertatuko litzateke neguan, argitaletxeek Durangoko Azokarako nahi izaten dituztelako urteko libururik aipatuenak eta mediatikoenak, salduenak izan daitezkeenak. Pixkanaka-pixkanaka, urterik urte, euskal literaturako produkzioa behera egiten ari dela pentsatzeko zantzuak ari dira agertzen, eta jaitsiera hori, igartzekotan, udaberriko eskaintzan igarri ohi da negukoan baino aiseago. Baina udaberrian ere ez dago etenik. Argitaletxeek irakurleen arreta eta interesa piztuko duten lan asko iragarri dituzte orain ere.

Iñigo Aranbarri, Jon Arretxe, Josetxo Azkona, Luis Garde, Juan Kruz Igerabide, Iñaki Irasizabal, Felipe Juaristi, Karlos Linazasoro, Juan Ramon Makuso, Asier Serrano eta Iban Zalduaren obrak izango dira, besteak beste, ondorengo hilabeteetan argitaletxerik ezagunenek kaleratutakoen artean, plazan berriagoak diren idazle gazteagoenekin batera: Ana Jaka Garcia, Irati Goikoetxea, Jule Goikoetxea, Hasier Larretxea, Ana Malagon, Danele Sarriugarte…

Iñigo Aranbarrik bere laugarren eleberria kaleratuko du pare bat hilabete barru: Apirila. Hondamena, langabezia, krisia, matxinada, larderia eta jazarpena dira nobelako gai nagusiak, Susa argitaletxeak azaldu duenez. Egoera ekonomikoak oso baldintzatuta dauzka nobelako pertsonaiak. Esteban Alberdi du izena protagonistak. Hondoratzen ari da. Lana galdu du, bananduta bizi da, eta haren egoera gehiago okertzeko bidean dago. Kolpe handi bat hartu ondoren konortea galduta, amets moduko batean murgilduko da, denboran bi mende eta erdi atzera eginez. Azkoitian (Gipuzkoa) ikusten du bere burua, 1766ko apirilean, gariaren eta artoaren prezioa garestitu dutenean eta herritarrak matxinatu egin direnean.

Juan Kruz Igerabideren nobela

Juan Kruz Igerabideren Zangotraba nobelako pertsonaia nagusiak Joxe duela izena azaldu du Ereinek, eta aduana agentzia batean lan egiten duela. Baina haren bikotekideak eta lagunek ezagutzen ez duen nortasun ezkutu bat ere badu Joxek: Juan Fernandez, maitasun kontuetan espezializatutako detektibe pribatuarena. Poliziarekin elkar hartze ilunak, ETAren aurkako gerra zikinaren zipriztinak eta saldukeria kasuak ageri dira, besteak beste, nobelaren traman; baita adiskide minenak zapaltzeko eskrupulurik gabeko zangotraba gaiztoak ere. Dena umorez kontatua.

Iban Zalduak estilo, gai eta luzera aldetik askotarikoak diren 38 ipuin batu ditu Inon ez, inoiz ez bilduman, Elkar argitaletxeak jakinarazi duenez. «Zalduak ohi duen maisutasuna, zorroztasuna, fikziorako asmamen izugarria eta zirti-zarta banatutako ironia-dosiak topatuko ditu irakurleak bertan». Ipuinen artean, badira fantastikoak eta errealistak, metaliteratura lantzen dutenak, eguneroko bizitzaren ifrentzua erakusten dutenak eta azkenaldiko Euskal Herriko panorama politikoa erretratatzen dutenak.

«Abisalia Asier Serranoren unibertso literarioan irla berri bat da», iragarri du Txalaparta argitaletxeak. «Euskal literaturan ez-leku berri bat. Idazle eibartarraren sor-marka diren eta bere literaturan inoiz erabat agortu gabe azalberritzen diren Loreleiren eta hiri gorriaren azken gordelekua. Pertsonaien ordoki abisaletara jaisteko, Serranok ipuinek beren baitan dituzten teknika guztiak erabiltzen ditu. Literaturaren pultsio poetikoari esker, indar handiko irudi estetikoak sortzen ditu, baina bere hitzen oihartzuna haratago doa: lur honetan edo lur honen sakonean baino are sakonago dagoen beste batean bizi garen gizakion bulkadez galdetzea du helburu».

Felipe Juaristiren itzulera

Poesiaren arloan, nahitaez aipatu beharrekoa da Felipe Juaristiren itzulera, hamar urte baitira bere orain hurrengo poema liburua argitaratu zuenetik, Begi-ikarak (Erein, 2004), Aingeruaren angelua alde batera utziz gero bederen, poema bakarreko liburu bat, Luces de Galibo argitaletxeak (Malaga, Espainia) 2011n kaleratutakoa eta Euskal Herrian oihartzun handirik izan ez zuena. Pentsamendua eta gogoeta dira nagusi Juaristiren Piztutako etxea-n, Ereinek jakinarazi duenez. «Egilearen aurreko poema liburuen ildoan idatzitako poesia da honetan ere nagusi. Ez da faltako filosofo askoren aipurik, ezta filosofiatik eguneroko bizitzara erakarritako gogoeta mamitsurik ere. Inoiz egoki erabili izan baldin bada Pentsamenduaren poesia izenburua poesia estilo bat ezaugarritzeko, honetarako ere balioko luke. Hala ere, ez da pentsamendu biluzia, poesia baino. Soilik poesiaren bidez atzeman daitekeen giza kondizioa du kontagai».

Poesiaren arloan aipatu beharreko beste liburu bat Xabier Lete poesia sariketaren irabazlearena da. Oraindik epaimahaikideak ez du ebatzi nor den sariketaren irabazlea, baina haren liburua Pamiela argitaletxeak kaleratuko du uda baino lehen.

Narratibaz besteko prosazko generoen arloan ere ez dira gutxi irakurleen arreta eta interesa piztuko duten liburuak, hala nola Eneko Bidegainen Lehen Mundu Gerra ‘Euskalduna’ astekarian, Karlos Linazasororen Aforismoak, Emilio Lopez Adanen Biolentzia politikoaren memoriak 1967-1978 obra dokumentazioz ondo hornitua, Josu Martinezen Hamaika aldiz ihes —Tene Mujika beka aurten desagertuaren azken irabazlea—, Piarres Xarritonen Kultura eskubideen oinarri etikoak eta Koldo Zuazoren Euskalkiak, adibidez. Ez da ahaztekoa Pamielak dagoeneko plazan jarri duen saiakera mardul bat ere: Antton Lukuren Libertitzeaz.

Huts egiten ez duten arloak

Ohi bezala, haur eta gazte literaturaren eskaintza ere oparoa da. Testuen egileen artean Uxue Alberdi, Pello Añorga, Leire Bilbao, Joxemari Iturralde, Xabier Mendiguren Elizegi, Xabier Olaso eta Iñaki Zubeldia daude. Itzulpengintzak euskal literaturara ekarriko dituen liburuen arloa ere ez da inondik ere gutxiestekoa, honako idazle hauen liburuak argitaratuko baitira itzulita: Pablo Antoñana, Jane Austen, Elias Canetti, Montse Flores, Vladimir Kaminer, Toti Martinez de Lezea, Raimon Juventeny, Maria Merce Marçal, Nuria Marti, Francis Scott Fitzgerald, Maurice Sendak, Georges Perec, Françoise Sagan, Georg Trakl, Rebecca West eta Yomada Zuñiga. Horiei Hobe kontatzen ez badidazu gehituko behar zaie, hainbat egile katalan garaikideren narrazioen bilduma, Pasazaite argitaletxeak kaleratua: Quim Monzo, Inma Monso, Sergi Pamies, Empar Moliner eta Francesc Seres.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.