Gu denboraren, denbora gure

Zihara Enbeita / 2014-04-27 / 241 hitz

Seme-alaben urtebetetzeetan edota «zein urtetan izan zen?» galdetzerakoan konturatzen gara ze azkar doan denbora, edota curriculuma idazterakoan lanpostu berean zenbat urte egin dituzun konturatzerakoan. Urteak banan-banan barik binan-binan doazen sentsazioa izaten dugu horrelakoetan. Eta denbora alferrik galdu izanaren damu gara (ea noizbait gure hiztegitik desagertzen den berba hori), ez dugula behar beste aprobetxatu. Orduan pentsatzen dugu zoragarria litzatekeela zenbait momentu izoztu ahal izatea, betirako gordetzea. «Orain dauden ederren umeak, hau da momenturik onena, gero etorriko dira benetako arazoak». Baina nola betikotu zerbait monotonia bada gure etsairik handiena. Baina nola betikotu aspertzeko beldur bagara etengabe?. Ahaztu dugu zer den besterik gabe ezer berezirik ez egitea, egotea, begiratzea, behatzea, atseden hartzea. Umeak denbora libre gehiegi dute, eta ez aspertzeko zer hobeto ikastaro eta klase gehiago baino? Oso umetatik horrenbeste ordu eskolan pasatzea nahikoa ez balitz legez. Jolastea bera garrantzitsua ez balitz legez, edota besterik gabe egonean egotea. Jolasaren bidez ikasten denean seguruenez gehiago eta hobeto.

Badira bideoaren agintailua eskuan eguna azkar pasatzeko aukera izatea deseatzen ditugun egunak. Forward. Edota eszena jakin bat arin pasatzeko. Elkarrizketa jakin bat azkar amaitzeko, dagoeneko aurrekoa zer esaten dabilen ere entzuten ez dugunean. Edota Rewind botoiari eman ahal izateko ahalmena. Hanka sartu dugunean, adibidez, berriro hasteko (horrelakoetan, une batez ikusezin egiteko ahalmena gurago dugu egia esan).

Gu denboraren menpe, ala denbora gure menpe? Biak nahi ditugu, eta bat ere ez dugu nahi aldi berean. Denboraren menpe ez gaude gustura, baina denbora gure mende izateaz ere azkar aspertuko ginateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude