«Norenak dira eskolako etxerako lanak?»

Joxe Amiama / 2014-03-05 / 676 hitz

Behin baino gehiagotan galdera hau egin diot neure buruari eta erantzun batzuk lortzen saiatu naiz gai honi buruz egin berri dudan tesian.

Hasieran erantzunak erraza ematen du: «ikaslearenak, noski», baina agian hausnarketa sakonagoa egin beharko genuke.

Neurri batean, ez al dira eskolarenak? Eskola bakoitzak aukera dauka bidaltzeko ala ez. Gure testuinguruan arraro egiten zaigu, baina hemendik kanpo, hainbat herrialdetan, eskola bakoitzak, gai honetaz, bere dokumentua dauka, non zehazten da zenbat etxerako lan bidali, ze maiztasunarekin, ze helburuekin, ze motatakoak… Era honetan, eskolak berak hartzen du etxerako lanen ardura.

Bestalde, eta gure inguruan askoz gehiago, etxerako lanak ez al dira irakaslearenak? Hasteko, hezitzaile bakoitzak erabakitzen duelako bidali ala ez, bere argudio pertsonalekin.

Beti harritu nau ikusteak ze desberdintasunak zeuden etxerako lanen kopuruan, «tokatzen» zitzaizun irakaslearen arabera: ez zen gauza bera «A» edo «B» gelan egotea!

Eskola eta irakasleez aparte, agian hirugarren protagonista handi bat ere badaukagu: ikasgaia bera. Etxerako lanak eta matematikak ia-ia sinonimoak dira. Hemen, kanpoan bezala, ikasgai liderra da. Gure ume eta gazteen etxerako lanen erdia baino gehiago ikasgai espezifiko honena da (gero, ranking honetan «Lengua» edo «gaztelera» dator eta hondakinak gainerako ikasgaientzat dira). Berriz, eta agian sorpresa bat jasoko duzue, ikerketetan etxerako lanen onurak ez dira hain garbi ikusten, onurarengatik errendimendu akademikoa ulertzen badugu. Era sinple batean esanda, matematikako etxerako lan gehiago bidaltzeagatik ikasleen notak ez dira hobetzen. Nola esplikatu paradoxa hau? Hau da, ikasle batek ez badu ulertzen egin behar duena, nola burutuko ditu etxerako lanak bere etxean, laguntza profesional bat gabe?

Eta laguntza profesional hori nahitaezkoa kontsideratzen badugu, nor izango litzateke eskolaz kanpo gure seme-alabei laguntzeko profesional hori?

Planteamendu hau ontzat emanez gero, familiar bat bihurtu beharko da irakasle; nik, figura honi, PT (pedagogo terapeutikoa) deitzen diot. Beraz, senitarteko honen funtzioa, ume edo gazteen zalantza kontzeptualak bideratzea litzateke, eta horretarako «ikasi» egin beharko luke seme-alabekin (biderketak edo erro karratuak, fotosintesiaren funtzioa…).

Baina familiar guztiek, eta, batez ere, amek, ba al dute etxeko irakasle izateko behar adinako maila akademikorik? Eta hainbat kasutan, euskara menperatzen ez badute? «Ene jainkoa!!», pentsatuko du gurasoren batek hau irakurtzean, «nire seme/alaba kuttunari?».

Eskema mental horri jarraituz, eta bada asko erabilia den eta familiaren kulpa sentimendua gutxitzen duen hautabidea: klase partikularrak.

Erregulatu gabe dagoen eskola paralelo hau, DBHko ikasleen herenak jasotzen du, eta, gainera, bai familiak baita ikasleek ere, izugarrizko balorazio baikorra emanik (irakasleek, berriz, ez diote hainbesteko balorerik ematen).

Aurreko planteamendu honekin eskola eta familien rolak eta funtzioak nahastu egiten dira, eta nire ustetan ez da funtzionala. Limiteak ez badira garbi uzten, bi eragile hezitzaile horien artean, tentsioak eta gatazkak handitzen dira. Funtzio horiek ere familietan definitu egin behar dira. Hainbat ume eta gaztek ez dute onartzen amaren paper berri hori: «kontrolatzailearena»; eta helduak intentzio ona eduki arren, etxean eztabaida gogor batean bukatzen da.

Panorama hau ikusita, agian dagoeneko pentsatu duzu honako estrategia hau ez dela beharrezkoa gure ume eta gazteen ikasketetan.

Eztabaida kalean dagoela ematen du, baina, egia esan, ez dago halakorik: ikasturteak aurrera doazen heinean, etxerako lanen aldeko apustua egiten dela ikus daiteke. DBHn, adibidez, ia-ia irakasle guztiak alde daude, eta familien artean bakarrik %10-15 kontra dago (etxe gehienetan, nahiago dute semea/alaba etxerako lanak egiten ikusi, sofan deskantsatzen egon edo jolasten aritu beharrean). Eta nahiz eta harrigarria iruditu, nerabeek ere ondo baloratzen dituzte, gehiago ikasteko baliabide baliotsu kontsideratuz: bi herenak ontzat ematen dituzte; hori bai, ikasleen kexak kantitatea edo gelako antolakuntza falta izaten dira: egun batzuetan, asko, eta, besteetan, berriz, bat ere ez.

Nire ustetan, eskolak hausnarketa bat egin behar du errekurtso didaktiko bat balitz bezala erabili nahi badu. Batetik, honelako galderen bidez: zertarako bidali? (edo teknikoki esanda, ze konpetentzia nahi dugu landu?); zenbat?; maiztasuna?; … Eta baita ere, zer-nolako eragina du horrek guztiak familiengan? Azken finean, eskola beste denbora bat inbaditzen ari baita. Honen inguruan, honako hau da nire oinarrizko galdera: noiz bukatzen da eskola? (arratsaldeko zazpiak eskolako ordutegia al da? Eta asteburuetan ba al dago eskolarik?).

Beraz, ez da legezkoa etxerako lanak bidaltzea bakarrik: pentsaketa sakon bat egin beharra dago. Planteamendu honetan, familiek laguntza eskolatik jaso behar dute.

Marko teorikoan baditugu hainbat pista, etxerako lanak hobeto antolatzeko. Ausartak izateko garaia heldu da: saia gaitezen!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.