Odol lagin batekin alzheimerra iragartzeko metodo bat garatu dute

Erredakzioa / 2014-03-13 / 215 hitz

Testa Georgetowneko ikertzaileek sortu dute, eta agertu baino hiru urte lehenago antzeman dezake gaitza.

Georgetown unibertsitateko (AEB) ikertzaileek alzheimerra eta narriadura kognitibo arina iragartzeko ahalmena duen metodo berritzaile bat garatu dute. Odol lagin baten bidez, hiru urteren buruan pazienteak bi gaitz horietako bat garatuko ote duen argitzen du test horrek, %90eko zehaztasunez. Nature Medicine aldizkariaren apirileko zenbakian emango dute ikerketaren berri. Sarean eskuragarri dago jadanik.

Zehazki, bi gaitz horiek iragartzeko balio duten odoleko hamar biomarkagailu lipido aurkitu eta balioztatu dituzte, eta horri esker garatu dute test berritzailea. Georgetown unibertsitateko ikertzaileek ez ezik, AEBetako beste sei erakundek ere hartu dute parte lan honetan: Rochesterreko Unibertsitateak, ospitale nagusiak eta Unity osasun sistemak; Kaliforniako Irvine unibertsitateak, Temple unibersitateko Medikuntza fakultateak eta Denverreko Regis unibertsitateko Farmazia fakultateak.

Mugarri honi esker, alzheimerra era goiztiarrean tratatzeko terapiak gara daitezkeela azpimarratu dute ikertzaileek. Horrek gaitza moteltzeko aukerak handituko lituzke. «Gure odol test berriak potentziala dauka gainbehera kognitiboa izateko arriskua duten pertsonak identifikatzeko. Gainera, pazienteek, senideek eta sendagileek gaixotasuna kudeatzeko duten modua alda dezake», adierazi du Howard J. Federoff doktoreak, artikuluaren egileetako batek.

Aurkikuntzak aurrerapauso handia dakarrela azpimarratu du Federoffek, arriskuan dauden pertsonak identifikatzeko test bat merkaturatze aldera. «Saialdi kliniko bat diseinatzeko asmoa dugu, alzheimerra izateko arrisku handia duten pertsonak identifikatu, eta gaitza atzeratu edo saihestu dezaketen agente terapeutikoak aplikatzeko», azaldu du ikertzaileak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude