Orubea

Idurre Eskisabel 7 2014-03-22 / 157 hitz

Nerabe ginela gurasoek ez zuten ulertzen zergatik aukeratzen genituen elkartzeko oruberik ezkutu eta bazterrekoenak. Etxera sartu, eta «non egon zarete» eta «zer egin duzue» erretorikoen ostean, hasperen doinuz lagundutako autoerantzunak aditzen genizkien mututa, arrosario errepikakorra: «auskalozertankalebazterzikinenetanplazaberrianegonordez!». Tira, ez da guztiz egia ez zutela ulertzen: ulertzen zuten beren begiradatik gordetzeko aukeratzen genituela halako zokoak, eta, halaxe zen. Baina gainulertu egiten zuten ezkutatzearen arrazoia, eta uste zuten benetan egiten genituenetan baino askoz ere gauza «arriskutsuagoetan» laketzen ginela; laburbilduz, sexu eta droga mordoa jartzen zuten, batik bat, pipa-jate eta hitz-aspertu izaten ziren arratsetan. Gordetzen ginen, baina ezer ezkutatzeko premiaz baino gehiago, geuk sortu eta araututako espazio baten beharragatik.

Nerabezaroko orube zikinaz akordatzean ulertu dut Koldo Diez Bizkarguenaga soziologoari irakurria: gazteek kalean aurkitzen ez duten espazio pribilegiatua topatzen dutelako jotzen dutela Facebookera. Ulertu dut gero eta zailagoa dela erabat araztu eta arautu gabeko kale zokoak aurkitzea. Eta gainulertu dut uste dudana baino pipa eta hitz-aspertu gehiago dagoela Facebooken. Nire kontsolamendurako, ziurrenera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude