Lander Muñagorri Garmendia / 2014-04-16 / 803 hitz
Bikingoek Urdaibain lantokia eta gune nagusia eduki zutela ondorioztatu du Erkorekak, garai hartako musulmanen kronikak irakurri ondoren. Europa iparraldeko tribu horiek euskal kostaldean, gainera, eragina eduki zuten. Besteak beste, herrien toponimian.
IX. mendean Karlomagnoren inperioa ahultzen hasi zenean hasi ziren Europa iparraldeko bikingoen indarra hedatzen. Kontinentean barrena eraso ugari egin zituzten, baita Bizkaiko golkoan, Nafarroan eta Pirinio iparraldeko lurretan ere. Alegia, egungo euskal lurraldean bikingoen presentzia ere aipagarria izan zen. Gai hori abiapuntu hartuta hitzaldia eskaini zuen lehengo astean Anton Erkoreka historialariak (Bermeo, 1950) Bilboko Itsasadarra itsas museoan.
IX. mendeko Europan, bikingoen presentzia nabarmena izan zen kontinenteko kostaldeetan. Zein garrantzi izan zuten?
Handia. Kontuan hartu behar da, gainera, bikingoak ez zirela Europan bakarrik egon. Eskandinavian, hiru herrialde eta hiru hizkuntza ezberdin dauzkate. Eta bakoitza eremu ezberdinetara iritsi zen. Batetik, Suediako bikingoak daude. Errusiatik sartu ziren, eta Konstantinoplaraino iritsi ziren [egungo Istanbul]. Norvegiako bikingoak, bestetik, Eskozia eta Irlandara iritsi ziren lehenbizi, eta gero Islandiara. 1000. urte inguruan, azkenik, Groenlandiara ere ailegatu ziren, eta ziurrenik baita Amerikako iparraldeko kostaldera ere. Baina haien herriak Groenlandian bakarrik topatu dira, eta han bizi izan ziren XIV. mendera arte. Azkenik, Danimarkako bikingoak ere badaude, eta horiek Europako kostatik hasi ziren jaisten, egungo Alemaniara, Herbehereetara, Belgikara, Frantziara eta baita Bizkaiko golkoraino ere.
Non egon ziren zehazki?
Golkora iritsi zirela dioten lehen aipamenak 814. urtekoak dira. Baina 823. eta 825. urteetako idatzi batzuek Guernic izeneko herri bat aipatzen dute. Historialari askok pentsatu izan dute Araban egongo zela herria, eta, berez, egon badago izen hori duen hilerri bat. Baina nik uste Bizkaiko Gernikan egon zirela.
Zergatik diozu hori?
Deskribapenak oso argiak direlako. 823. urteko musulmanek egindako eraso baten kronika batek honela dio: «Guernic izeneko haran bat igaro ondoren lautada bat zegoen, eta aurkariek bertan zeuzkaten euren hornidurak». Halako deskribapen bat eginda, Arabako herrietan ez da aurkitzen biltegi edo aberastasunik. Eta, ziurrenik, Bizkaian ere ez zen egongo, baina lantegi bikingo bat egon bazegoen Urdaibain. Beraz, pentsatzekoa da erasotzaile horiek Arabatik Gernikara joan zirela. Geografikoki antza eduki dezake deskribapenak.
Bestetik, 825eko beste kronika batean madjus-en [hala deitzen zieten musulmanek bikingo paganoei] aurkako beste gudaldi bat deskribatzen da. Mendien behealdean izan zen, eta musulmanek zioten suak egiten zituztela mendi gainetan. Pentsa liteke Sollubeko mendia izan daitekeela, Erdi Aroan bertatik deitzen baitzuten su bidez batzarretara.
Zure ustez, beraz, Urdaibain egon ziren bikingoak.
Bai, eta litekeena da haien hornidura gunea bertan egotea. Leku aproposa zen itsasontziak konpontzeko, eta hortik erasoak prestatzeko. Iberiar penintsulara zabaldu aurretik iparraldeko kostan egon zirela diote musulmanen kronikek. Eta ez da oso logikoa Asturiasen egotea, administrazio bat zegoelako, ezta Frantziako kostan egotea ere. Baskonia izeneko herrialde erdi independentean egon ahal ziren. Baina bikingoen guneak ez ziren harriz egiten, zurez baizik. Horregatik ez da arrastorik topatzen.
Eta bertatik barnealdeko erasoak prestatu zituzten. Horietako batzuk, Nafarroako erresuman…
Bai. Bikingoek errege, apezpiku edo antzeko pertsonaia garrantzitsuak bahitzen zituzten. Euren guneetara eraman, eta gero bahisaria eskatzen zuten. Askotan prozesu luze eta garestiak izaten ziren. Nafarroako kasuan, musulmanen kronikek kontatzen dute madjus-ek, Iruñera heldu, eta baskoiei eraso zietela. Erasoaldiaren ondoren, Gartzea Eneko erregea bahitu zuten. Bahisaria eskatu zuten, eta, horretarako, bere bi semeak bikingoengana joan ziren negoziatzera. Erregea libre utzi zuten, baina haren ordez bere bi semeak geratu ziren bahituta, eta Enekok dirua lortu behar zuen semeak askatzeko. Eta hala egin zuen. Iturriak ez datoz bat diru kopuruan; urrezko 70.000 eta 90.000 txanpon aipatzen dituzte, besteak beste. Bahiketa luzea izan zen hura, 859 eta 860 artean iraun baitzuen. Baina ez zen zerbait berezi izan, haien lan egiteko modu bat baitzen.
Bikingoei buruz hitz egiten dugunean, askori etortzen zaie burura irudi hori, erasotzaileak zirela. Baina ez zen hori izan haien jardun bakarra…
Ez, haien jarduna gehienbat merkataritza izan zen. Erasoen ondoren esklaboak hartzen zituzten, eta ahalik eta material gehien hartzen zuten, gero saltzeko. Bikingoak Mediterraneoan sartu zirenean, esaterako, Afrikan harrapatutako esklaboak saltzen zituzten Irlandan. Biak egiten zituzten: batetik, lapurreta lana, eta, bestetik, merkataritza.
Euskal kostaldean egon ziren bikingoak IX. mendetik. Zein arrasto utzi zuten denbora horretan?
Arrasto kulturalak Bizkaian topa daitezke, batez ere. Jaun Zuriaren kondairak, esaterako, baliteke zerikusirik izatea bikingoekin. Baina, bestetik, kostako toponimian oraindik geratzen dira ondare batzuk; Mundaka izena bera, esaterako: Mund horrek ibai aho edo bokale esan nahi du danieraz. Bermeo izenak, bestetik, baliteke Europa iparraldeko jatorria izatea, itsasoaren gaineko amildegia adieraztea. Horren erakusgarri dira Norvegiako Verma eta Alemaniako Bremen hirien toponimiak. Beraz, ondare hori nahiko argia izan daiteke, baina batez ere Urdaibai ingurura mugatzen da arrasto hori.
Gaur egun oraindik ere badirauen arrastoa.
Haien egonaldiak ez zuen denbora luzez iraun, IX. mende erdialdean batez ere. Hurrengo mendeetan ez zen horrenbesteko harremanik egon. Baina interesgarria izan zen utzi zuten ondarea. Kasu berezia da, gainera, arrasto biologikorik ez baitzuten utzi. Hau da, ez ziren lurraldea inbaditzera etorri familiekin: erasoak prestatzeko leku bila etorri ziren, baita euren lantokiak edukitzeko ere. Orduan, lehen begiradan ez zuten arrasto handirik utzi, baina, gertutik ikusiz gero, interesgarria izan daiteke utzitako arrastoa.