Liburutegiak App, euskadiko liburutegi publikoen sare soziala

Aitor Aretxaga / 2014-04-16 / 327 hitz

Jakintza eta ezagutza bilguneak dira liburutegiak, baina baita zalapartari ihes egiteko leku lasaiak ere. Lanerako edo aisialdirako isiltasuna bilatzen dutenentzako txokoak dira. Hala ere, gehiago zabaldu ahal izango dira, beharbada, Liburutegiak aplikazio berriari esker.

Teknologia berriak integratuz eta liburutegi publikoen sarea baliatuz, ohiko kontsultak edo maileguak egitea ahalbidetzen du. Euskal Autonomi Erkidegoko sare osoa baliatu daiteke horretarako. Baina benetako xedea zerbitzua garai berrietara moldatzea du: sare sozial eran antolatu eta jendearen parte hartzea bultzatu, alegia. Ikus-entzunezkoak hautatzeko, aplikazioko iritziak aintzat hartu daitezke aurrerantzean. Izan ere, iruzkinak zein esperientziak partekatzea posible egiten du. Erregistratu ondorenean, erabiltzaile bakoitzari puntuazio bat ematen zaio, ospe sistema eran funtzionatzen duena. Honela, jardueren eta parte hartzearen arabera, puntuak pilatzen dira profilean. Esaterako, edukietan iruzkinak eginez eta baloratuz, liburutegietan check-in eginez, eta abar.

Puntako baliabideekin bateragarria da Liburutegiak aplikazioa, sakelakoaren edo tabletaren geokokapena baliatzen baitu; eta ez erabiltzailearen jarraipenerako bakarrik. Sareko liburutegi guztiak mapan adierazita agertzeko, edo uneko kokapenaren arabera nahi denera iristeko argibideak eskuratzeko ere balio du.

Gainera, liburutegietan programatzen ari diren ekintzak ikus daitezke. Zehaztasun maila ezberdinetan banatzen da informazio hori; hurrenez hurren, bakoitzaren lehentasunezko liburutegia, momentuko kokapenetik gertuen daudenak eta liburutegi sareko gainontzekoen artean.

Liburutegiek antolaturiko ekintzen berri jaso ostean, hala nahi izanez gero, horietan izena emateko aukera dago, baita gainera telefonoko egutegira esportatzeko aukera ere. Alerta bat programatzeko balio dezake horrek.

Katalogoa kontsultatzeko atala ere badu: tituluaren, egilearen eta hitz gakoaren bidez iragazteko aukera eskaintzen du. Bilaketa bertako liburutegien katalogora ere muga daiteke. Ondoren, liburu berrien hautaketa bat jaso daiteke, aipamen labur eta guzti. Eta horiekin batera, gehien mailegatutako dokumentuen sailkapena ikus daiteke, tipologiaren eta generoaren arabera ordenatua.

Aipamen berezia merezi dute blog eta bideoen kanalek. Horien bidez, liburutegi bakoitzaren blogak bisita daitezke, gertueneko egunerokoen berri izateko. Bideoen bidez, tutorial eta gida txikiak eskaintzen dira, informazio eta prestakuntza iturri gisa erabiltzekoak. Hemen ere kutsu soziala baztertu gabe, boluntarioek bideoak eskegi ditzakete, haien ezagutzak partekatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa da Liburutegiak App. Euskaraz erabilgarri dago, Android zein iOS gailuetan eskuratu daiteke dagoeneko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude