Bernardo Atxagak eta Joxan Artzek irabazi dute Espainiako Kritikaren saria

Igor Susaeta / 2014-04-26 / 407 hitz

‘Nevadako egunak’ hautatu dute narratiban, eta heriotzari eta bizitzari buruzko bi liburu poesian.

Bernardo Atxagaren Nevadako egunak lanak (Pamiela) irabazi du euskarazko narratiba arloko Espainiako Kritikaren Saria, eta eta poesiarenean Joxan Artzek idatzitako heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza liburuak (Elkar) hautatu dituzte. Iaz argitaratutako liburuen artean egin dute aukeraketa AECL Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteko kideek, eta irabazleak atzo adostu eta jakinazi zituzten, Logroñon (Espainia).

«Sariak jasotzeak esan nahi du oraindik ez zaudela gain beheran», adierazi zion Atxagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1951), sariduna bera zela jakin eta gutxira, Efe berri agentziari. Idazlearen esanetan, aurrera egiteko bultzada ematen dute sariek, eta sasoiko egoten lagundu. «Izan ere, hasieran,ez duzu inoren laguntzarik behar izaten idazteko». Irakurleen zeregina ere nabarmendu zuen Atxagak: «Robinson Crusoek ez zituen nobelak idatziko. Publikorik gabe zaila da idazten jarraitzea. Ez da beharrezkoa uharte bat hondartza turistiko batekin, baina bai zure uhartean jendea edukitzea».

Jon Kortazar eta Javier Rojo kritikariak izan dira epaimahaiburuak sariaren euskarazko atalenean, eta, Kortazarren aburuz, Atxagaren obra pertsonalenetakoa da Nevadako egunak. «Autobiografiatik fikziora egiten du jauzi, baina bere esperientzia propiotik abiatuz». Izan ere, duela urte batzuk Renon (Nevada, AEB) egindako ia urtebeteko egonaldiko inpresioak biltzen ditu egileak liburuan, kronika, nobela eta biografia zantzuak uztartuta — genero literatura gaur egun ez zitzaiola batere deigarria egiten adierazi zuen joan den abenduan, liburuaren aurkezpenean—. Kortazarren iritziz, Atxagak irakurlea lotzen du liburura, bere «begirada garbiari» esker. «Munduari begiratzen dio aurrenekoz egingo balu bezala, eta, gainera, irakurlea erakartzen du bere hitzen maisutasunaren bidez».

Atxagak seigarrenez irabazi du kritikaren saria. Aurrez, Bi anai (1985), Obabakoak (1988), Gizona bere bakardadean (1993) eta Soinujolearen semea (2003) hautatu zituen epaimahaiak; poesiarena ere eman zioten 1978an, Etiopia lanarengatik.

Azken 26 urteetan idatziak

Azkeneko 26 urteotan idatzitako poemak argitaratzen hasi da Artze (Usurbil, Gipuzkoa, 1939), eta joan den azaroan plazaratu zituen aurreneko biak, heriotzari eta bizitzari buruzkoak. Mende laurdenean poema ugari ondu ditu, eta, joan den urtarrilaren 18an BERRIAk argitaratutako elkarrizketan adierazi zuenez, buruhauste gehiago izan ditu idatzitakoak sailkatu eta elkar lotzen, berriak idazten baino. Bere kalkuluen arabera, sei liburutan banatuta kaleratuko ditu ale guztiak.

AECLek hautatutako gainerako irabazleak ondokoak izan dira: gaztelerazkoan Rafael Chirbesen En la orilla narratiban, eta Antonio Hernandezen Nueva York después de muerto poesian; katalanezkoan Pep Collsen Dos taüts negres i dos de blancs nobela eta Carles Duarteren Alba del vespre poesia obra; eta galizierazkoan Anxos Sumairen A lúa da colleita eleberria, eta Berta Davilaren Raíz da fenda poemategia. Kritikaren saria irabazten duten idazleek ez dute dirurik jasotzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.