Eta begira!

Anjel Lertxundi / 2014-04-03 / 124 hitz

Modernoak ginelakoan, gure seme-alabak gu baino modernoagoak ateratzen ari zitzaizkigulakoan, eta non esan berri diguten ez daudela oso prestatuak bizitza modernorako, ez direla guk uste genuen bezain garaikide eta gaurko. Zailtasunak omen dituzte Metroan ibiltzeko, mapak irakurtzeko, edo termostatoa martxan jartzeko. Guk bezala, gutxi asko. Baina oso zait deserosoa kontsiderazioak egiten hastea; deserosoa zait hau eta hura esanez ibiltzea gazteen prestakuntzari edo jarrerari buruz pontifikatzen, neure belaunaldiaren ispiluan begiratu gabe. Zer eman diegun; zer nolako ereduak izan garen; zer aldea dagoen guk bizitzaz esan diegunaren eta gure/beren eguneroko bizitza errealaren artean; gazteen autonomia ala babesa, zer lehenetsi dugun…

«Dena egina eman diegu, eta begira!». Ez daukat lepoa jokatu beharrik: guk gazteei egindako kritikez betea dago eta begira! horren zakua, eta ez geure buruen autokritikekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.