Ane Urrutikoetxea / 2014-05-23 / 546 hitz
80ko hamarkadan errefuxiatu familia baten istorioa kontatu du Lander Garrok ‘Gerra txikia’ nobelan.
Gerra guztietan daude hildakoak, eta hildako horien galera sufritzen duten senideak. Euskal Herrian gerrate ofizialik izan ez den arren, ezkutuko gerra txikiak bizi izan dituzte familiek, bereziki 80ko hamarkadan. Garai ilun horietako mamuak bisitan etorri zaizkio Lander Garro idazleari (Errenteria, 1975), eta oroitzapen horietan oinarrituta argitaratu du Gerra txikia bere bigarren liburua. Kontrarioa (2010) aurreko nobelaren moduan, Susa argitaletxeak kaleratu du Garroren lan berria, baina honetan bestelako gaiak landu ditu idazleak. Politikak sortutako gatazka eta izua dira istorio honetako protagonistak; GAL-en garaian girotutako atxiloketak, hilketak eta deportazioak gogora ekarriz, iraganeko mamuak berreskuratu ditu.
Erbesteratzeen ondorioz, 80ko hamarkadan Iparraldea Hegoaldetik ihesi zebilen jendez bete zen, eta ezohiko egoera sortu. Hedoi Etxarte idazlearen esanetan, Garrok ezohiko egoera horretan zeudenen artean ahulenaren ikuspegia aukeratu du istorioa kontatzeko: «Gerra txikiak, botere egituraren aurka egiteko sortzen dira, eta borroka horietan ahulek indartsuen kontra egin behar izaten dute. Halako istorioetan ahula inteligentea izan ohi da; Garroren liburuko protagonista ez da bereziki argia, baina bai ahula. Etengabe gerra txikiak galtzen dituen pertsonaia da; begi arruntekin, arrunta ez dena ikusten du. Azken finean, Garrok existitzen ahalegintzen diren horien istorioa kontatzen du».
Mamuekin borrokan
Garai ilunez ari da Garro, baina umorea eta xamurtasuna ez dira falta haren nobelan. Xabi Ugarte haurraren begirada errugabe eta xaloaren prismatik kontatzen du istorioa; aita errefuxiatua denez, Xabiren familia Hendaiara bizitzera joango da, ezkutuko gerra horretatik ihesi. Dena den, gerra horren atzaparretatik ez dute erabat ihes egingo, eta haur batek kontu horiek erabat ulertzen ez dituen arren, giro nahasi horretan biziko ditu Xabik bere abenturak, hala nola lagun berriak, etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera eta baita lehen amodioak ere. Xabiren istorioa idazlearen bizipenekin lotuta dago, Garroren esanetan: «Duela zazpi urte joan nintzen Hendaiara bizitzera, eta orduan hasi nintzen iraganeko mamuak bazter guztietan ikusten. Liburu hau mamu horien jazarpenarekin amaitu eta ni neu jazarle bihurtzeko tresna izan da». Mamu horien artean Bixente Perurena aipatu du idazleak. «Peruren heriotzak asko markatu ninduen. Aurretik bizi izan nuen aitonaren heriotza, baina Peru hil zutenean konturatu nintzen heriotza mingarria zela, eta ez nuela Peru gehiago ikusiko». Hildakoei duintasuna bueltatzeko ariketa ere izan da liburua. «Hasieran Euskal Herriko errefuxiatuen istorioa kontatzera nindoala uste nuen, baina etengabe nire bizipenetara itzultzen nintzela konturatu nintzen. Nire familian, liburuan bezala, istorio tragikomikoak izan ditugu, eta horietan oinarritu naiz, pertsonaien alde onak eta ilunak aldi berean landuz». Alde ilun horiek uste baino ugariagoak zirela ohartu zen Garro, baina ez ditu zuritu: «Gure herria txikia da, eta perspektiba inperialistak gurean gerrak egon direla ukatzen du. Liburu honetan, ozen aldarrikatu nahi izan dut hemen gerra bat izan dela, hildakoak egon direla eta egoera gogorrak izan direla, batez ere senideen artean».
Xabik gauza asko ulertzen ez dituen arren, bere begiradapean garaiko gizartearen zati handi baten bizipenak kontatu ditu Garrok. «Errefuxiatuen komunitate horrek egoera zailak izan zituen, ume batentzat ulertzeko oso zailak zirenak. Aita errefuxiatua du umeak, baina ezin du hori ulertu; harentzat, etxean boterea duena da. Botere hori galtzen duela ikusteak umearen balioak ukitzen ditu». Familia guztiaren egoera ere hankaz gora jarriko da erbestera joatean. «Errefuxiatuen familiengan izuak sekulako arrakala eragin zuen; pipiak bezala, pixkanaka etxeko habeak jaten ditu izuak, oreka galtzeraino. Pentsa, ume batentzat familia instituzioa da, eta Xabiren mundu guztia kolokan jarriko da, familia, eskola… Neskengan bilatuko du salbazioa».