Imanol Mercero / 2014-06-01 / 389 hitz
- Izenburua: Dinosauroen lurraldean
- Idazlea: Elisabeth de Lambilly
- Ilustratzailea: Remi Saillard
- Itzultzailea: Aztiri
- Argitaletxea: Ttarttalo
Dibulgazio lanek sail berezi bat osatzen dute literaturan. Eta irakurketaren eta plazeraren artean sortzen den binomioa eragiten dute, kalitatea tarteko denean, fikziozko liburuekin gertatzen den bezalaxe.
Hutsala baita fikzioaren eta dibulgazioaren arteko bereizketak egitea. Eta, are okerragoa dena, bi genero horien artean bereizkeriatan hasten denak ohikoa du dibulgazioa astuntzat jotzea, eta fikzioa dibertigarritzat, parametro askoz eraginkorragoak bilatu beharrean; demagun, halako idazle maitatzea edo holako bilduma gogoko dugun erabakitzea. Ondorio penagarriena ez da izaten dibulgazio-lan ederrak irakurtzeko aukera galtzea. Okerrena da, soilik fikzioa maite dugula diogunean, fikzioari geure burua janzteko eskatzeko tentazioa oso handia dela. Eta paradoxa horren ondorioz, zientzia lardaskatzen duten lauzpabost eleberri irakurrita jantzia sentitzen da irakurlea, nahiz eta ezjakintasunaren apologista bihurtu halabeharrez.
Guraso eta bitartekariok adi egon behar dugu topiko horiekin. Argi izan behar dugu dibulgazio liburu onak badaudela, jakintza liburuekin ongi pasatzen dela eta, zalantzarik ez izan, iturri fidagarri bakarra direla, letren munduan gabiltzanean.
Baina nolakoak dira? Zeri buruzkoak dira?
Alde batera uzten baditugu haur txikienei dedikatutako azalpen liburuak, euskal haur eta gazte literaturan dibulgazio liburu gutxi argitaratzen da, itzulpenak, salbuespenak salbu, eta gai aldetik oso murritzak, ia beti animaliei buruzkoak. Hori bai, normalean, kalitate onekoak eta bikainekoak izaten dira.
Mamiari dagokionez, gehienetan eskola berriko dibulgazio liburuak izaten dira: infografia ugari dituzte, eta jakingaiak orriz orriko antolaketa mailakatuan eskaintzen dira, irudi eta argazkiekin lagunduta.
Demagun esku artean dugun liburua. Sei bat urtetik aurrerako irakurleentzat pentsatutako dibulgazio liburu bat da, guztira hogeita bederatzi orrialde dituena, bi partetan banatua.
Lehen partean, ipuin bat dugu, dinosauroen artera bidaiatzen duten Koldo eta Koldobike bizkien abentura kontatzen duena. Bigarren partean, dinosauroen berri ematen zaigu, azalpen formalen bidez, informazioa zazpi ataletan banatuta, aurkibide batekin.
Lehen parteko ipuina orrialde bat-biko irudietako sekuentzietan kontatzen da. Pertsonaien hitza globoetan ematen da, eta narratzailearen ahotsa goiburuan edota orri oinean dator, komikietan bezala. Istorioa ezdeusa da, aitzakia bat irakurlea testuinguruan jartzeko, gainetik bada ere, landaredian, ugalketan, belarjale eta haragijale dikotomian eta ingurunean.
Bigarren partean, azalpenak emateko modua aldatzen da, baina oro har gaiak errepikatu egiten dira, eta beste bi gai ukitzen dira: desagerpena eta bilakaera “agerpena, bilakaera, desagerpena” aro geologikoen arabera.
Obra honetaz gain, dinosauroei buruz, Ttarttalok beste pare bat argitaratu zituen 2010ean, Dinosauroak: landa gida eta Dinosauroen garaian 2010ean “txoko honetan kritika egin genion, 2011-III-20, Natur zientziak”.
Ongi pasa, eta asko ikasi!