Duela 3.500 urteko zeramika puskak aurkitu dituzte San Adriango koban

Igor Susaeta / 2014-06-04 / 417 hitz

Aranzadi zientzia elkartekoen iritziz, Brontze Aroko gizarteen bizimoduak berreraiki ahal izango dituzte 1.500 zati horiei esker.
Ontziak solidoak eta likidoak biltzeko erabiltzen zituztela uste dute.

Material hauskorra da zeramika, baina milaka urtetan iraun dezakete haren zatiek. Bada San Adriango kobako aztarnategian, (Zegama, Gipuzkoa) Aizkorriko tontorraren hego-ekialdean, duela 3.500 urteko 1.500etik gora zeramika puska aurkitu dituzte Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoek, eta pentsatzen dute horiei esker Brontze Aroko gizarteen bizimoduak berreraiki ahal izango dituztela. «Sasoi hartako biltegi izugarri batekin topo egin dugu», nabarmendu du Miriam Cubas Aranzadiko arkeologia saileko kideak. Puskak banan-banan aztertu ondoren, iruditzen zaio horiekin ontzi askotarikoak egiten zituztela eta, orokorrean, solidoak eta likidoak biltzeko erabilgarriak zitzaizkiela.

Lurrazalaren azpitik 30 bat zentimetrora aurkitu dituzte, baina ez dute ontzi ale bakar bate ere osorik topatu; osoenetako bi, halere, komunikabideen aurrean aurkeztu zituzten, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Blanca Gomez de Segura Euskal Buztingintza Museoko zuzendariak, gainera, hainbat erreplika landu ditu, jatorrizkoetatik abiatuz.

Aranzadikoak 2008an hasi ziren San Adriango haitzuloan induskatzen, eta joan den abuztuan jakinarazi zuten azken glaziazioa gertatu zeneko, Goi Paleolitoko, orain dela 14.000 urteko, aztarnak aurkitu zituztela. Arkeologoek uztailean ekingo diete, berriro, indusketa lanei, eta aztarna horiek jarraituko dituzte, Cubasek atzo esandakoaren arabera.

Piezen aurkikuntzen balioa «ohiz kanpokoa» dela nabarmendu du. «Izan ere, sasoi hori ez dago oso dokumentatuta Euskal Herrian». Euskal Herriaren iparraldean topatutako zeramika pieza zaharrenak Neolito garaikoak dira —duela 5.000 urte—, eta Kobaederrako aztarnategian (Kortezubi, Bizkaia) aurkitu zituzten orain 20 urte ia.

San Adrianen aurkitutako ondareko piezak garbitu egin dituzte aurrena, gero horien inbentarioa egin dute, eta orain Gordailua Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentrora eramango dituzte, Irunera, sakonago aztertzeko.

Baina zeramika puskez gain, sasoi hartako flora eta fauna aztarnak ere topatu dituzte haitzuloan, eta, oraingoz «susmoak» besterik ez diren arren, Cubasek uste du Brontze Aroko gizarteak sedentarioak zirela «gutxi gorabehera»: artzainak eta laborariak. «Etxeko animaliak zituzten; ardiak eta behiak». Eta zeramikaz ondutako ontzietan pilatzen zuten esnea, esaterako, eta baita aleak ere. «Laboreak ere dokumentatu ditugu». Arkeologoen ikerketen arabera, ontziak ez zituzten kozinatzeko erabiltzen, ez baitituzte «su marka» gehiegi.

Zeramika puskak estalita ez dauden aztarnategietan aurkitu ohi dituzte, Cubasen hitzetan. «Hortaz, horien kontserbatzea oso eskasa izaten da, eta ez dute profilik eraikitzea ahalbidetzen». Orain haitzulo batean eta 1.000 metro inguruko garaieran topo egin dute horiekin. Dauzkaten datuak kontuan hartuta, adituek ez dakite, ordea, han bizi zirenek negua ere han igarotzen ote zuten, adibidez.

Aurkezpenean Cubasek, Garazi Lopez Etxezarreta Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendariak, Edurne Albisu Zegamako alkateak, Ioritz Imaz Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren presidenteak eta Blanca Gomez de Segurak parte hartu zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.