Mandoegiko itzulia

Mikel Arrizabalaga / 2014-06-03 / 539 hitz

Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeen artean kokatzen den mendi honek Urumea eta Leitzaran ibaien banalerroa eratzen du.

Goizueta herritik abiatuz, Mandoegiko zirkuaren magaletan ibilbide desberdinak egin daitezke. Itzuli zirkular honetan tontorrera iparraldetik igo eta gero, Errekalkoko bide klasikoa hautatu dugu abiapuntura itzultzeko. Asemegi eta Alkasoaldeako estazio megalitikoak bisitatzeko parada izan dugu, Goizuetako herritarren arbasoek utzitako megalito multzo eder eta interesgarria.

Mandoegi

Goizuetako enparantzan utzi dugu autoa, udaletxearen eta elizaren ondoan. Ikuzleku berrituaren ondotik pasatu eta berehala, zubi ederra zeharkatu dugu Urumea ibaia gainditzeko. Ezkerraldera biratu eta porlanezko pistatik aurrera egin dugu supermerkatua ezkerrera utziz. Metro batzuk igotzen hasi eta pistak bira handia ematen duen lekuan, hau utzi eta eskuinaldetik ateratzen den beste pistatik metro batzuk egin dugu. Berehala berriro eskuinerantz jo eta errekaren ondotik hedatzen den lurrezko bidetik igotzen hasi gara alanbrezko hesiaren paraleloan. Metro gutxi bete eta bidea utzi, egurrezko ataka gainditu eta goian ikusi dugun baserrira igo gara belardian zehar. Ibilaldiaren lehen zati hau nahasi samarra gertatzen da eta erne ibili beharra dago.

Goizuetako etxeak gure mendean, lurrezko pista zabal eta erosoa hartu eta erraza suertatu zaigu metroak irabaztea. Soilgune batera heltzean, jaitsierako ibilbidea ikusteko aukera izan dugu. Aldapa pikoa igo eta bide nabarmenak kaseta baten ondora eraman gaitu. Biosoroko lepora igo, pista amaitu eta aldats belartsuari aurre egin diogu. Atzean Mandoegi ikusi dugu. Belarretan marrazten den bidezidor nabarmenetik Ahuntz Bizkarrera gerturatu gara. Gandorretik aurrera egitea ezinezkoa gertatu zaigu eta ipar partetik zabaltzen den magaletik saihestu dugu. Xenda kontu handiz jarraitu behar izan dugu, txilarrak dena inbaditzen du eta. Gandorrera itzuli eta ez dugu xenda utzi gailurrera iritsi arte. Igoeraren zatirik ederrena. Haizeak gogor astintzen du eta mendiaren beste isurialdean bilatu behar izan dugu babesa. Talai bikain honetatik dagoen ikuspegi paregabeaz gozatu ostean, gandorrari eutsi eta Abadekurutzekin konpartitzen duen lepora jaitsi gara. Azken pendiza gainditu eta geldialditxo bat egin dugu tontorrean gara. Gertu 1779an Tomas Arrillaga presbitero leitzarra hil zutenaren oroimenez jarritako gurutzea. Leitzar honen hilketaren inguruan bertsio desberdinak zabaldu ziren: pilota apustuak, karta jokoak, Aranako neska gazte bat haurdun utzi… auskalo!

Añona

Tontorra eta istorio hauek atzean laga eta bide seinale zuri-gorriek erakusten diguten norabidean Errekarteko lepora jaitsi gara. Pista utzi eta Leunetaren magala zeharkatzen duen xenda nabarmenetik Errekalkoko lepora iritsi gara, hogei mairu baratze baino gehiagoz osatutako ingurune megalitikora. Hauetako batzuk nahikoa osaturik daude eta erraz nabarmentzen dira bidearen alboan. Aranora eta Arriurdiñetara doazen bideak ezkerrera utzi eta Goizueta aldera zuzentzen den pista zabaletik egin dugu aurrera. Denbora gutxi behar izan dugu profanatuta egon arren ondo kontserbaturik dagoen Añonako trikuharriaren ondora heltzeko.

Inguru honetan estazio megalitiko asko daude eta Goizuetako Udalak bi ibilbide prestatu ditu herrian aurkitu diren estazio megalitiko batzuk ezagutarazteko, duela 5.000 urte inguru bertan gizakia bizi zela erakusten digute aztarna horiek bertatik bertara ikusi ahal izateko. Aitasemegiko ibilbidean 33 monumentu megalitiko bisita daitezke, eta Alkasoaldeakoan, berriz, 55. Ingurune aberatsa, beraz. Nahiz eta trikuharri eta tumulu gutxi batzuk izan, Goizuetako lurralde hauetan ugariagoak dira mairu baratzeak. Etorri garen bidetik jarraituz, gune megalitiko hauek bisitatzeko aukera izan dugu. Asfaltatuko bidera iristean, ezkerraldetik atera eta gertu ikusi dugu herria. Kanposantuaren ondotik pasatu eta berehala iritsi gara zubira. Herrian sartzean, XVI-XVIII. mendeen arteko eraikuntza bikain batzuk ikusi ditugu, garai hartako burdinolek herriari ekarritako garapen ekonomikoaren ondorio. Horien ondoan, gotiko errenazentista erako Santa Maria eliza herriaren erdi aldean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.