Mikroalga bat, nekazaritza elikagaien hondakinak garbitzeko

Erredakzioa / 2014-05-29 / 183 hitz

‘Chlamydomonas acidophila’ espezieak amonioa asimilatzen duela baieztatu dute Neiker-Tecnalian.

Neiker-Tecnaliako ikerketa zentroko kideek baieztatu dutenez, Chlamydomonas acidophila izeneko mikroalgak ahalmena du nekazaritza elikagaietatik datozen hondakinen kudeaketan sortzen den nitrogeno amoniakal kutsagarria xurgatzeko.

Nekazaritzako elikagaien hondakinen deskonposizio prozesuak, oxigenorik gabeko kondizioetan, nitrogeno amoniakal askoko efluenteak sortzen ditu. Hondakin hori erruz sortzen da abeltzaintzako ustiategietan eta biogas fabriketan, adibidez. Funtsezkoa da hori kudeatzeko metodo egokiak aurkitzea, amoniakoa ez dadin lurrundu eta akuiferoetara eta azaleko uretara joan.

Chlamydomonas acidophila mikroalga likido horietan haz daiteke, bai eta amonioa asimilatu ere. Horrenbestez, gas hori amoniako moduan lurruntzea eta atmosfera kutsatzea galarazten du. Gainera, prozedura horretan lortutako mikroalgen biomasa biogasa ekoizteko lehengai gisa erabil daiteke; eta animalientzako elikagai, konpost edo ongarri moduan ere bai. Luteina iturri bikaina ere bada (elikagaietan gehigarri gisa erabiltzen den antioxidatzaile indartsua).

Mikroalga horren potentziala egiaztatzeaz gain, hura ikertzen dihardute Neiker-Tecnaliako kideek. Esaterako, egiaztatu dute mikroalga horrek ezaugarri egokiak dituela nekazaritzako elikagaien hondakinen deskonposiziotik datorren likidoaren %50era arte duen ingurune batean hazteko eta ugaltzeko. Mikroalga horren hazkuntzak oso ingurune azidoetan garatzeko ahalmena du, eta oso tolerantzia handia du metal astunen presentziarekiko eta karga organiko handiekiko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude