Errazagoa, zehatzagoa: hobea

Arantxa Iraola / 2014-09-21 / 544 hitz

Erresonantzia magnetikoen bitartez gibelean gantza atzemateko sistema bat garatu dute Osatek, Biodonostia eta Donostiako Ospitalean hainbat adituk; biopsiak saihesteko bide lagungarria da.

Digestio aparatuko medikua da Luis Bujanda (1965, Moreda, Araba). Ikerketako metodologoa Jose Ignacio Enparanza (1957, Gasteiz). Gibeleko eta behazuneko zirujaua Raul Jimenez (1970, Barakaldo, Bizkaia). Erradiologoa Txema Alustiza (1959, Legazpi, Gipuzkoa). Donostia Ospitaleko, Osatek-eko eta Biodonostiako adituak dira; alegia, badute «gaixoen ohe buruko» arazoen berri, baina ikerketan ere ari dira. Oparo. Elkarlanean, beste hainbat osagilerekin batera, —bidean lagun izan dute Philipseko Javier Sanchez (1976, Madril) clinical scientist fisikaria— ikusi dute zein eraginkorrak izan daitezkeen erresonantzia magnetikoak gibeleko arazoak atzemateko.

Sarritan gantza pilatu ohi da gibelean —«arazo ohikoa izaten da, esaterako, gizen dauden pertsonetan; hondatu egiten da gibela horren ondorioz, eta minbizia ere eragin dezake», esplikatu du Enparanzak—, eta orain arte biopsiak egin behar izaten zitzaizkien pazienteei arazoari neurria hartzeko. Orain, erakutsi eta frogatu dute, ordea, erresonantzia magnetikoak eginez errazago eta hobeto egin daitekeela diagnostikoa. Albiste oso ona da, Bujandak esplikatu duenez: «Izan ere, teknika erasokorra izaten da biopsia; arazoak eragin ditzake».

Biopsia bidezko emaitzek, gainera, badute beste eragozpen bat. «Esaten dute gantz kopurua ugaria, ertaina edo txikia den; baina ez dute zehazten zenbatekoa den», ohartarazi du Enparanzak. Izan ere, azterketa kimiko konplexuak behar dira zehazteko, eta oso gutxitan egiten dira. Aldiz, erresonantziaren bidez lortu dute gibelean pilatutako gantzaren kopuru doiak ematea: gibeleko gramo bakoitzeko zenbat miligramo gantz dauden zehazten dute. «Lanaren lorpen handiena horixe da: zehaztu egiten du erresonantziak zenbat gantz dagoen gibel horretan. Orain arte horrelakorik ez zuen egin inork ere», nabarmendu du Bujandak.

Horren onurak agerikoak direla esplikatu du; medikuen eguneroko jardunean erabilgarriak.«Ez ditu saihestuko gibeleko biopsia guztiak, baina modua izango da hainbat eriri diagnostikoak egiteko horrelakorik egin gabe». Epe luzerako ebaluazioak egiteko ere zinez baliagarria dela erantsi du Enparanzak. «Diagnostikoak egiteaz aparte, monitorizatzeko balio du erresonantziak; hartara, ikusi ahal izan dugu, batere biopsiarik egin gabe, argaltzen diren pertsonek, pisua galtzen duten neurrian, lortzen dutela gibeleko gantza urritzen joatea».

Gibelean burdina atzemateko hasi ziren erresonantziak erabiltzen —«1999an hasi genuen bidea», oroitu du Alustizak—, eta esperientzia horri lotuta egin dute urrats berria. «Lehen burdina atzemateko egiten ziren biopsia asko saihestu egin dira orain; ez denak, baina asko bai», azaldu du Enparanzak. Eta xedea gantzarekin horixe dela esan du Bujandak: «Urratsez urrats goaz, baina jomuga biopsiarik ez egitea da».

161 pazienterekin

Animaliekin egin zituzten lehen testak. Ezinbestekoak izan dira ondoren pazienteak. Beren parte hartzerik gabe ezingo zuten aurrera egin. Baimena eman zuten hainbatek, zenbait ebakuntza egin zizkietenean —obesitatea tratatzeko kasu askotan— ikerketan parte hartzeko, eta horri esker egin du aurrera ikerlanak. Raul Jimenez zirujauaren parte hartzea erabakigarria izan da fase horretan. 97 paziente gizen aztertu zituzten, eta bestelako patologiaren batengatik gibeletik operatu behar zituzten beste 32 lagun. «Gibeleko erresonantzia bat egin genien denei ebakuntza aurretik, eta lagin bat hartzen genien ebakuntza egiteko orduan: aztertzeko». 129 gaixo horien datuei begira atera zuten erresonantzia magnetikoen bidez gantza neurtzeko erabiltzen duten «formula matematikoa». Ondoren, beste 32 pazienterekin «baliotu» egin zituzten azterketaren emaitzak.

Bat datoz denak. Gakoa izan da hainbat alorretako profesionalen arteko elkarlana. «Azterketa klinikoa da; ez esperimentala. Horrek esan nahi du lantalde handi bat behar dela atzean». Eta lana. Handia. «Ez da zoriaren fruitua; 2006tik ari gara lanean», zehaztu Bujandak. Eta, diotenez, badira «ikerketa lerro gehiago» ere erresonantzia magnetikoen alorrean. Diagnostikoak errazteko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.