Irakurtzea, gure bizi(o)a

Goizalde Landabaso / 2014-09-16 / 232 hitz

Irakurtzen duen herria ez da inoiz hilko. Hortaz, lasai, irakurle estimatua. Hainbeste irakurtzen duen gure herriak iraunen du zutik. Euskaraz irakurtzen ez badu ere, iraunen du zutik; irakurtzeko hizkuntza ez baita arazo. Irakurtzea da kontua. Azkarragoak, enpatikoagoak, irudimentsuagoak, hiztunagoak, irekiagoak, arrakastatsuagoak gara leitzeari ekiterakoan. Alzheimerrari eta antzeko gaixotasunei aurre egiteko tresnak ere garatzen ditugu. Ez du, baina, edozein irakurketak balio. Eroskiren edota Ikearen katalogoa irakurtzeak ez du balio. Eleberrietan datza gakoa. Antza denez, eleberri surrealistak irakurtzen dituztenek inteligentzia garatzen dute. Fikziozkoak irakurtzen dituztenak, ostera, sortzaileagoak dira, eta garun malguagoa dute. AEBtako Emory Universityn egindako azterketaren ondorioak dira hauek guztiak.

Irakurtzea garapenaren adibide argia da. Izan ere, gure arbasoak leizeetan bizi zirenean ezin ziren ariketa bakarrean erabat kontzentratu, bizitza jokoan zegoelako. Demagun Kant-en Kritik der reinen Vernunft (Arrazoi garbiaren kritika) irakurtzen ari dela gure leizeko arbasoa (emakumezkoa, jakina, irakurle gehienak emakume baitira), eta irakurketan zeharo kontzentraturik ez du ikusi atzetik datorkion hartz handia (ez konstelazioa, animalia baizik). Dzaust! Bizi iraupena ezinezkoa zen irakurketarekin. Vaughan Bell, Londresko King’s College-ko ikerlariak esana utzi zuen: «Gauza bakarrean kontzentratzeko gaitasuna gure bilakaera psikologikoan anomalia bat da». Horregatik, beranduago sartu zen bizio bilaka litekeen ohitura, irakurtzearena; azkarrago egin ginenean. Hau dena irakurri ostean, ez dakit zu, baina ni lasaiago geldituko nintzateke agintzen gaituztenak, lantzean behin, eleberri bat besapean ikusiko banitu. Argazkiren batean bada ere.

Beraz, gora irakurtzen duen herria. Gora gu, irakurketa data altu-altua dugun herri ezin azkarrago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.