Aingeru Epaltza: «Irakurlearen bilaketan, euskal literaturak etorkizuna jokatzen du»

Iker Tubia / 2014-11-20 / 675 hitz

Euskal literaturaren iragana eta etorkizuna hizpide izan ditu Aingeru Epaltzak Barañainen.

Inoiz egin den literaturarik onena, ugariena, zabalena eta anitzena egiten ari gara. Inoiz baino idazle, bitartekari eta irakurle gehiago ditugu, eta lehen aldiz historian kanpora ateratzen hasia da euskal literatura». Baina hala ere, egoera ez da panazea. Hitzok eta gogoeta Aingeru Epaltzak egin zituen herenegun Barañaingo liburutegian. Euskal literatura. Nondik gatozen, nora goazen hitzaldian euskal literaturaren iraganari so eginez, etorkizunerako erronkak eta aurreikuspenak egin zituen idazle iruindarrak. Euskal literaturarentzako garairik onenean, garaiak ez dira onak. Kezka hori, baina, nekez antzeman liteke sektoretik landa.

Errekarekin alderatu zuen Epaltzak euskal literatura. Historiaren zatirik zabalenean, Arases ibaia izan da «gehienez ere»: berantiarra eta etena, lur azpian desagertu eta berriro ere agertzen dena. Orain, Arga edo Ega ibaiekin alderatu daitekeela uste du. Etenik gabeko emaria du.

Aditu batzuek diote hamarkada gutxi barru literatura bazter fenomenoa izanen dela. Iruindarrak onartu zuen literaturaren munduan dabiltzanek «puntu agonikoa» izaten dutela. «Guri berehala alarmak piztu egiten zaizkigu gure ondoko jendea dantzan ez badugu ikusten». Horri jarraikiz, sarri esan ohi da euskal literaturan belaunaldi gazterik ez dela. Baina Epaltzak onartu zuen orain arte errealitateak bestelako egoera utzi duela agerian: «Erreleboa ematen ari da, egiazki eta erregularki».

Belaunaldi gazteari, baina, kritika egiten zaio: beren proposamen literarioek anbizio falta dutela, ez direla inguruarekin sobera kritiko eta ezagun zaiela irakurleari galderak egin eta gauzak zailtzeko beldurra. «Kritika egiten ahal zaie, baina guri bezala», zehaztu zuen iruindarrak, haren belaunaldiko idazleei ere hiru afera horiek kritikatzen ahal zaizkiela iritzita. Gora-behera horiek albo batera utzita, baina, Epaltzak hutsune bat nabarmendu zuen: «Gazte tropan belaunaldi gisa nabarmenduko duen libururik falta da. Baina, agian, etortzen ari da». Izan ere, liburuak ez dira saldoka ailegatu, baina bai etenik gabe. Hala esan zuen hizlariak.

Feminizazioa

Belaunaldi berriek, badakarte aldaketarik. Irakurleak emakumeak dira batik bat, aspalditik. Idazleak ere, geroz eta gehiago andrazkoak. Europa osoan gertatu da literaturaren feminizazioa, baita Euskal Herrian ere, nahiz eta fenomenoa berriagoa izan. «Gure kultura oso maskulinoa izan da, gure literaturak ere kutsu maskulinoa du, eta, agian, emakumea bazter utzi du». Are, desagertzen ari den publiko batentzako produktua egiten ez ote duten galdetu zion bere buruari Epaltzak.

Emakume tropa horretan esperantza jarri zuen idazle iruindarrak. Idazle gizonen ezinari buelta emanen diote, agian. «Euskal Herrian idazle asko emakumeak dira, horrek goitik beherako aldaketa dakar. Euskal literaturako fenomeno inportanteena da Atxagak Obabakoak idatzi zuenetik».

Eta harekin batera, hiriburuetako egoera hobetzea. Epaltzak zioenez, Bilbo euskal literaturaren hiriburuetako bat da, ez dagokio soilik Donostiari; «Gasteiz jadanik ez da anekdota bat» eta «Baiona berriz agertu da mapan». Iruñea errezeloz begiratu zuen, ez ote da atzean gelditu. Kezka azaldu zuen, baina ikasketa unibertsitarioak euskaraz egiteko dauden zailtasunek eraginik izan dezakeela aipatu zuen.

Irakurleak erakartzea

Besteak beste, kontsumoari ere begiratzen zaio literaturaren osasuna neurtzerakoan. Irakurle indizeak negargarri izatera ere ez direla ailegatzen uste du Epaltzak, eta, gainera, sektoretik kanpo ez dela aferarekiko kezkarik. Literatura irakurleetan dabil herren, batik bat, eta dentsitatea jo du euskarazko kulturaren kontsumo apalaren erantzule. «Euskal zinema badago, baina batez ere erdal zinema; euskal kazetaritza badago, baina batez ere erdal kazetaritza; euskal literatura badago, baina batez ere erdarazkoa».

Bertsolaritza jarri du kontrako egoeraren adibide gisa. Izan ere, ez da erdarazko bertsolaritzarik, eta, haren iduriko, bertsolaritza da euskaraz bizi den herrian arrakasta duen bakarra. «Erdarara jotzen da ahalegin gutxiago eta kalitate handiagoa emanen balu bezala», kritikatu zuen.

Egoera horri itzulia emateko bidezidorrak sortzen ari dira, baina. Adibidez, irakurle taldeak. Euskal Herrian azkar zabaltzen ari dira, eta, Epaltzaren aburuz, ezohiko irakurleak erakarri dituzte. «Perretxikoak bezala sortu dira klubak, eta bestela etorriko ez zen jendea erakarri dute». Begi onez ikusi zituen, irakurleren bat erakartzeko gai diren heinean.

Egoera hobetzeko, instituzioen bultzada ere beharrezkoa zela ohartarazi zuen. Adibidez, irakurketa bultzatzeko plan estrategikoa garatuz. Dena den, ez zuen baztertu idazleen erantzukizuna. «Guk ere egin ditzakegu lan hobeak, handinahiak, askotarikoak, eta, batzuetan, irakurlea gehiago hartu beharko genuke kontuan». Irakurlea erakartzea da lehentasuna: «Bada lana. Irakurlearen bilaketan, euskal literaturak etorkizuna jokatzen du».

Irakurle taldeez gainera, produktua saltzearen garrantziaz ere mintzatu ziren hitzaldiaren bukaeran idazlea eta bertaratutakoak. Epaltzak onartu zuen hutsunea: «Saltzeko momentuan sormenean eragin behar da, hori da agian falta zaiguna.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude