Dakitenek dakite

Anjel Lertxundi / 2014-11-13 / 129 hitz

Dakitenek dakite. Eta diote, handia da esateko, kazetari jende parte batek ez duela prentsa baino irakurtzen, diote irakasle askok ere ezetz, diote halatsu dabiltzala kulturaren ardura duten politikari gehienak ere. Diote, eta itzela da esateko, liburuarekin harreman profesionala duen askok ez duela irakurtzen. Diote, eta larria da esateko, idazle askok ere ez ote duen irakurtzen. Dakitenek dakite.

Dakitenek dakite. Eta diote ez duenak ezin duela ez duenetik eman, diote irakurri gabe ezin litekela mintzoa trebatu, kultura transmititu eta kudeatu, ez herria ez mundua ulertu eta ulertutakoa hobetu. Diote jakin-minik gabe lau lausoa eta ertzik gabea bihurtzen dela gure begirada. Diote halaxe ikusten dela errealitatea ere, lau lausoa eta batere ertzik gabea, eta ez goitik gainditzen eta barrendik ahultzen gaituen munstro multiforme baten gisa. Dakitenek dakite.

Dakitena dakigu, dakiguna dakite

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude