Iñarbegiko auzoa

Mikel Arrizabalaga / 2014-11-25 / 439 hitz

Iñarbegiko erreka inguratuz Baztanen dauden paraje hauetan kontrastez betetako paisaia ikusgarriak bezain liluragarriak aurkituko ditugu.

Ibilaldi honetan, Baztango hainbat zoko eta bazter bisitatuko ditugu: Gorostapalo eta Iñarbegiko nekazari giroko auzoak eta errekak ibarrean zehar egiten duen ibilguneak sortutako ur-jauzirik eder eta ikusgarrienetakoa da Xorroxingoa. Igoera, Auza mendiaren magalean beteko dugu, errekaren alderik ospel eta hezeenetik, eta itzulera, berriz, panoramika zabalak eskaintzen dituen bide zabal eta erosotik. Tartean, monumentu megalitikorik ez da faltako. Ibilbidea bide seinale zuriz eta horiz balizaturik dago (PR-NA 7), eta, soilik, Xorroxingo ur-jauzira desbideratzeko SL-NA 12aren marka zuri eta berdeak jarraituko ditugu.

Erratzuko herriko plazan ibilgailua utzi, eta handik ekingo diogu ibilaldi lasai eta eder honi. Kilometro eta erdi bete ostean, Gorostapalo auzoan sartuko gara, eta Nahigabeetako edo Doloretako Ama Birjinaren ermita ikusi ahal izango dugu. Gertu, auzoan sartu gabe, harrizko galtzadatik jaisten hasiko gara, eta behera egingo dugu azkar. Iñarbegiko errekaren ondora iristean, harrizko zubitik gurutzatu, eta berehala helduko gara bide balizatuak bereizten diren bidegurutzera. Eskuinaldetik zabaltzen den bide laua aukeratu, eta lehen ur-jauzi txikia atzean utzita, ur-jauzi nagusiaren ur-hotsak lagunduko digu bide zuzena aukeratzen. Metro batzuk aurrerago, bide balizatuak aurrera jarraitzen du, zubi bat igaro eta gero, baina guk ezkerraldetik hartuko dugu, eta Xorroxingo ur-jauzi ikusgarriaren ondoraino helduko gara, Xorroxingo Purrustara, hain zuzen ere. Elezaharrak dioenez, ingurune bakarti eta xarmagarri horretan lamiak ibiltzen omen ziren beren urrezko orraziekin ilea orraztu eta apaindu.

Zuhaitz mota askoren (haltzak, lizarrak, pagoak, haritzak, gaztainondoak…) babesean bere urak ozenki isurtzen dituen ur-jauzia atzean utzi, eta berriro bidegurutzera itzuliko gara. Iñarbilera doan bide balizatu berde eta zuria utzi, eta Iñarbegira doan bide zaharra aukeratuko dugu. Auza mendiaren magalean zabaltzen den bide ospel eta hezean zehar, errekastoak gurutzatu, eta hainbat borda eta belardien ondotik pasatuko gara berriro bide asfaltatura atera aurretik. Bide horretatik aurrera egin, eta kilometro bat bete baino lehen, ezkerraldetik Lepiñerreko borda eta Sorginetxoa trikuharriaren ondora igoko gara. Leku horretatik dagoen Iñarbegiko ibarraren ikuspegi zabalaz eta ederraz gozatu eta gero, auzoko baserri sakabanatuen aldera jaitsiko gara.

Abiapuntura iristeko tenorean, bidegurutzean porlanezko bidea utzi, eta ezkerreko aldetik ateratzen den bide zabaletik igoko gara, ur-biltegi baten ondotik pasatuz. Bidetik at geratzen den Aznabazterra trikuharrira doan bidegurutzean, eskuinaldetik jaitsiko gara. Bide balizatuak erraz erakutsiko digu aukeratu beharreko bide zuzena. Axerixuloetako zubitik pasatu, eta poliki igoko gara belardi eta borden artean. Iñarreko borda eskuin aldean lagata, bide lau eta erosoan zehar, Auza mendiaren ikuspegi bikaina izango dugu. Zubipunta baserriaren parean ikusiko dugun bidegurutzean Gorostapalora eskuinetik ateratzen den bidea utzi eta ezkerrekoa aukeratuko dugu. Mariskonea bordaren ondotik pasatu eta gero, eskuinetik Gorostapalora jaisten diren bideak saihestuz Etxeberriko bordaren ondotik pasatuko gara, eta denbora gutxi beharko dugu ibilbidearen hasieran auzora igotzeko hartu dugun errepidera ateratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.