Lurrikaren inguruko heziketa

Koldo Nuñez / 2014-11-09 / 216 hitz

Gizakion memoria ez da urrun iristen; gehienetan, mende batzuk baino ez. Eta memoria horri lotuta hartzen ditugu hainbat erabaki. Badirudi gogoratzen duguna ez dela gertatu edo, gertatzekotan, guri ez zaigula suertatuko. Ameriketako Estatu Batuetako San Frantzisko hirian lurrikarak ezagun izan dira betidanik, baina biztanleen memorian ez zegoen lurrikara handirik, eta, ondorioz, lasai bizi ziren XX. mendearen hasiera aldean. Espero ez zena 1906ko apirilaren 18ko goizaldean gertatu zen, 8 indarreko lurrikara batek gogor astindu zuenean eskualdea. Guztira, 3.000 lagun inguru hil ziren, eta biztanleen hiru laurdenek etxea galdu zuten. Geroztik, izan dira lurrikara handi gehiago, eta, neurriak hartu arren, kalteak izan dira.

San Andreas failara begira jartzen gaitu horrek; faila multzo handi baten nagusia da. Faila horietan urtean Estatu Batuetan gertatzen diren sismoen laurdena gertatzen da; gehienak oso txikiak baina, oso handiak ere bai tarteka. Ikerketen arabera, % 97ko probabilitatea dago datozen 30 urteotan 8 edo indar handiagoko lurrikara bat izateko. Horregatik, era guztietako neurriak hartzen ari dira kalteak ahalik eta txikienak izateko. Esaterako, Kalifornian urtero 20 milioi lagunek parte hartzen dute egiten diren simulazioetan; saiatzen dira gizartea hezten lurrikaretan zer egin jakin dezan.

Euskal Herria sismizitate handiko eskualdea ez da, ez dago arrisku handirik; baina, egon, badago. Hala ere, neurri gutxi hartzen dira. Hortaz, lurrikara eta beste fenomeno naturalen aurrean babesa nola hartu hezi beharra dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.