Alde egiterik ba ote dago Omelastik?

Estibalitz Ezkerra / 2014-11-30 / 720 hitz

Petxeroaren irudia aztertzen du estatubatuar letrei egindako ekarpenagatik saritu berri duten Ursula K. Le Guin idazleak ‘The Ones Who Walk Away from Omelas’ ipuinean.

Omelas hiria ez da inongo mapatan ageri, baina Ursula K. Le Guinen (Berkeley, Kalifornia, AEB, 1929) The Ones Who Walk Away from Omelas (1973, Omelastik alde egiten duten horiek) ipuineko narratzailearen arabera izan bada halako tokirik nonbait. Hain perfektua da, ezen maitagarri istorioren batean azalduriko hiria ematen duen, antzinako garai zehatzezin batekoa. Izan ere, erabateko zoriontasuna da nagusi Omelasen. Han ez da erregerik, ez soldadurik, ez apaizik, ezta esklaborik ere. Hiri oparoa eta arrakastatsua da, eta hiriko biztanleak oparotasun eta arrakasta horren hartzaile dira neurri berean. Herritar oro heziketa ezin hobea jasotakoa da, jabetza arloan ezberdintasunik ez da haien artean, ezta soldatari dagokionez ere.

Urtero, udari ongietorria emateko jaialdi bat antolatzen dute Omelasko biztanleek urtaroko lehen egunean. Umeak partaide dituen zaldi lasterketa da jaialdiko saiorik garrantzitsuena, umeak oso maiteak baitira hirian. Are gehiago, guraso zein seme-alabarik ez dutenentzat bitxirik preziatuena dira Omelasko haurrak, eta, haien ongizatea eta zoriontasuna bermatzearren, edozer egingo lukete tokiko helduek, errugabe baten bizitza sakrifikatzea barne. Gizabanako baten bizitzak ez baitu komunitate oso baten bizitzen pisurik. Askok ez lukete pentsaera hori ulertuko, baina Omelasko herritarrek ondo baino hobeto dakite erabateko zoriontasuna ez dela nola edo hala lortzen, nolabaiteko konpromisoa eskatzen duela. Batek argi eduki behar du hala dela beti; beste alde batera begiratzeak ez du errealitatea aldatuko. Kontua zera da, bizi daiteke/gaitezke halako egiarekin?

The Moral Philosopher and The Moral Life (1891, Filosofo morala eta bizitza morala) saioan, ondokoa planteatzen du William James psikologo eta filosofoak (New York, 1842-Tamworth, New Hampshire, 1910): «Fourier, Bellamy eta Morris jaunen utopiak gaindituko lituzkeen gizarte-eredua eskainiko baligute, hots, milioika lagun behin betiko zoriontsu izatea baldintza bakar batekin: arima galdu bat erabateko torturapean bizi beharko litzateke, eskainitako zoriontasunari eusteko joera nagusituko balitz ere, zenbateraino izango litzateke hura ankerra halako trukearen ondorio izanik?».

Omelasko herritarrek ezetz erantzungo lukete, azken batean hiriaren oparotasuna denek ezagutzen duten sekretu ikaragarri batean oinarriturik baitago: sei eta hamar urte arteko ume bat giltzapetua dute gela txiki batean, eta haren miseriak bermatzen du herritarren ongizatea.

Umea den gelako atea itxita dago beti. Inor ez da sekula barrura sartzen, baina, batzuetan (umeak ez du denboraren igarotzeari buruzko zentzu handirik, beraz, ez dago jakiterik zehazki noiz gertatzen den), atea danbateko batekin zabaldu egiten da, eta pertsona bat edo hainbat azaltzen dira bestaldean. Haietako batek ostikada bat emango dio umeari, zuti dadin. Gainerakoak ez dira gerturatuko, baina begira arituko zaizkio, beldurrez eta higuinez. Janariarentzat eta urarentzat dauzkan katiluak hala moduz bete, eta berriro itxiko dute atea, auskalo noiz arte. Atea zaintzen dutenek ez dute inoiz ahoa zabaltzen, baina umeak, beti ez baita egon gela horretan giltzapetuta eta eguzki-argiaren zein amaren ahotsa oraindik ere gogora baititzake, zera esan ohi die: «Ona izango naiz. Mesedez, ateratzen utzi, ona izango naiz». Haren erreguei, baina, entzungor egiten diete zaindariek.

Garai batean, umeak negar eta garrasi egin ohi zuen gauean, baina, orain, intziri ahul bat besterik ez zaio ateratzen eztarritik. Egunek aurrera egin ahala, geroz eta gutxiago hitz egiten du. Hain dago argal, hanketan apenas haragirik duen. Sabela puztu-puztuta dauka. Egunean katilu-erdi arto eta gantz jasotzen ditu. Biluzik dago, ipurdia eta izterrak zauriz beteta dauzka, bere gorotzaren gainean lo egiten du.

Zortzi eta hamabi urte bitartean daudenean kontatzen diete Omelasko herritarrei haien zoriontasuna zeri zor dioten. Hasieran atsekabetu egiten dira umeak beren adinekoa den eta giltzapetuta bizi den umeagatik, baina gehienek egoera onartu egiten dute azkenean, eta, haurraren zoritxarrak eta sufrimenduak zerbaiterako merezi izan dutela frogatze aldera, beren bizi-baldintzei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen dira.

Ez dezala irakurleak pentsa Omelasko herritarrak gupidagabeak direnik. Gupida zer den ondo dakite. Sentitu ere senti dezakete. Hain zuzen, umeak hainbeste babesten badituzte, ume bat haiengatik guztiengatik sakrifikatua izan delako da. Azken batean, hiriaren ongizatea ume jakin baten sufrimenduari lotuta dago. Jakin badakite iluntasunean ume bat dardarka ari delako beste batzuek musika jo dezaketela, eguzki-argitan jolas daitezkeela, hots, bizimodu alaia izan dezaketela.

Tarteka, herritar gutxi batzuek, gazte zein adineko, «sekretua» arrazoitzeko ezgai, hiritik alde egiten dute isilean. Inork ez daki nora doazen. «Doazen lekua zoriontasunaren hiria baino zailago da irudikatzen», esaten digu narratzaileak. «Ezin dut inolaz ere deskribatu. Agian, ez da existitu ere egiten. Baina nora doazen jakin badakitela ematen du, Omelastik alde egiten duten horiek».

Eta guk, Mendebaldeko biztanleok, alde egingo ote dugu inoiz gure Omelastik?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.