Letren arteko lotura, haustear

Iker Tubia / 2014-14-16 / 981 hitz

Finlandiak 2016tik aurrera bazterrean utziko du eskolan irakasten den letra etzana. Horren ordez, mekanografia irakatsiko zaie ikasleei, eta inprenta letra deitzen dena eginen dute eskuz. Hasieran zalaparta sortu badu ere, hainbat adituk begi onez ikusi dute neurria.

Hautsak harrotu ditu Finlandiako Hezkuntza Institutu Nazionalak hartutako erabakiak. Kaligrafia jopuntuan jarri dutela pentsatu dute askok. Papera ez ezik eskuz idaztea ere galduko delako alarmak piztu dituzte hainbat albistek eta iritzi artikuluk. Ez da horrela izanen, baina. Finlandiak eskolako lehen urteetan irakasten den kaligrafia baztertu nahi du, baina ez eskuz egindako idazketa. Letra etzana, jarraia, mekanografiaren mesedetan zokoratuko dute. Batzuen aburuz, kaligrafia tradizionala irakastea ez da beharrezkoa. Beste batzuek onurak nabarmendu dituzte. 2016an abiatuko dute neurria Finlandian.

Denbora asko ematen du haurrei letrak loturik idazten irakasteak. Irakasle batzuek diote geroz eta denbora gutxiago eskaintzen diotela horri. Finlandian hartu dute erabakia: hautazkoa izanen da. Hori bai, inprenta letra deitutakoa ikasi beharko dute haurrek. Horretaz gainera, mekanografiari garrantzi handia emanen diote. Minna Harmanen Hezkuntza Institutuko arduradunak azaldu du zergatia: «Lehiatzeko abantaila».

Inork ez du zalantzan jarri kaligrafiaren beharra. Joana Atxa EHUko Psikologiako irakasleak azaldu duenez, haurrek ekintzen bidez ikasten dute lehen urteetan. Idazten ikasteko, gauza bera egin behar dute. «Umeak soinuak entzuten ditu, eta hitz horien irudikapen fonologikoak barneratu egiten ditu idatzi baino lehen. Gero ikasi behar du irudikapen fonologikoak lotura daukala irudikapen bisual batekin». Horregatik, kaligrafia ikastea onuragarria da. «Irudikapen ortografiko horiek barneratzeko prozesuari laguntzen dio mugimenduaren bidez».

Burmuina bi zatitan banaturik dago. Eskuineko hemisferioa irudietan espezializatua dago, prozesu abstraktuetan. Ezkerrekoa, analisietan. Hitzak kolpean irakurtzeko, eskuinekoa erabiltzen da. Idazteko, berriz, ezkerrekoa. Haurrek urte bat dutenetik hamar-hamabi bete arte bi hemisferioak lotzen dituen gorputz kailukarako zuntzak garatu egiten dira. «Ondo dago gauza biak lantzea: kolpean irakurtzea eta baita prozesu analitiko hori lantzea ere».

Makinaz idaztean ere landu liteke. Baina ez da berdina. «Prozesu analitikoa gehiago lantzen da eskuz, makinaz idazterakoan baino. Hizkiak idazterakoan feedback prozesu bat dago, pixkanaka motrizitate fina landuz hizkiari forma ona ematen diozulako. Makinaz idazteko orduan, prozesu hori eginda dago», azaldu du EHUko irakasleak.

Alfredo Asiainek Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika irakasten du NUPen. Berak ere kaligrafia ikastearen abantailak aipatu ditu. «Beso motorraren, psikomotrizitate finaren, begien koordinazioaren, eta abarren garapen osoa dago horren atzetik, eta hori ordezkatzea zaila da». Esan duenez, haurrak garapenerako denbora behar du, bere idazketa hipotesiak adieraziz joan dadin. Zalantzan jarri du aldaketa handiak egiteko aukera: «Eskoletan lantzen den psikomotrizitate, koordinazio eta grafomotrizitate prozesu osoa ordezkatzeak ez luke zentzurik, haurrak ezinen lukeelako mintzaira eta hura irudikatzen duten grafien arteko lotura egin».

Lotura askatzeko bidean

Ezbaian dagoena, baina, ez da kaligrafia; kaligrafia mota bat baizik. Eskolan erabili ohi dena; etzana deitzen dena, alegia. Hori da Finlandian mekanografiaren mesedetan alboratu nahi dutena. Ignazio Erretegik kaligrafia maite du, baina baita teknologia berriak ere. Maleta berean eraman ohi ditu arkatza, estilografikoa eta tableta. DBHko irakaslea da Oiartzun eta Errenteriako institutuan (Gipuzkoa). Kaligrafia defendatu du: «Oso inportantea da letraren koherentzia; arazoa da mentalitate nagusi modura zabalduta egon dela bakoitzak bere letra duela». Letrak elkarrekin lotzearen alde agertu da, eta, nortasun aldetik, abantaila ikusi du. «Eskumuturra dantzatuz idatzi behar da, ez bakarrik besoa. Gero, horrek eramaten zaitu hobeto esertzera eta idatzi duzuna perspektiba handiagoarekin ikustera. Horra progresiboki iritsi behar dela iruditzen zait», azaldu du.

Jabi Asurmendi informatikari eta DBHko Informatika irakasleak, berriz, ongi hartu du Finlandiako erabakia. Alde batetik, neurria aurrera eraman aurreko prozesua goraipatu du: «Gogoeta egin dute Finlandia osoan, eta, horren ostean, ondorio horiek atera dituzte. Ez da txoriburu bati bururatu zaion zerbait». Gainera, nabarmendu du ez diotela eskuz idazteari muzin egin, jarraian egiten den idazkerari baizik. «Niri oso koherentea iruditzen zait lehen hezkuntzan eskuz idazten irakastea, eta baita teklatuarekin ere; gaur egun idazteko eskua eta bitarteko digitalak erabiltzen ditugu».

Are, letra etzana ez du funtsezkotzat, dioenez adin batetik aurrera denek galtzen dutelako. «Trebetasun handia behar da hori lortzeko; umeek, eskuarekin kaligrafia lantzeaz gainera, beste ariketa batzuk egin behar dituzte trebetasuna lortzeko. Esfortzu handi bat horretarako erabili beharrean mekanografian inbertitu daiteke», esan du. Ez da Euskal Herrian letra jarraitu hori ezbaian jartzen duen bakarra. Asiainek aitortu du eztabaida hori pil-pilean dela hemen ere: «Askotan planteatzen da zentzurik duenetz».

Azaldu duenez, letra mota hori Erdi Aroko asmakizuna da. Idazketa asmatu zenean hizki guziak larriak ziren, eta letra txikia asmakizun bizantziarra dela azaldu du. «Batzuetan arazoak sortzen ditu; beti hitz egin da medikuaren letraz; ulergaitza den horretaz, alegia». Hala ere, zalantzak ditu letra hori behin betiko lurperatzearen inguruan: «Ez dakit sozialki prest gauden ordenagailuko inprenta letrarekin ordezkatzeko». Aitortu du, dena den, haurrek hizki larria eta xehea ikasi ondoren, inprenta hizkiaren eta etzanaren arteko idazkera ikasten dela. Hori bai, hori desager litekeela uste du NUPeko irakasleak. Baina lotutako minuskulak defendatu ditu: «Zailtasunak sortzen ditu, baina haurraren garapena ere bideratzen du».

Ordenagailua vs eskua?

Askotan kontrajartzen dira analogikoa eta digitala, papera eta ordenagailua, teklatua eta eskumuturra. Ez du hala izan beharrik, baina. Gehienek mekanografia eskolan sartzearen alde egin dute. Asurmendiren aburuz oso ondo hartutako erabakia da. Euskal Herriko egoeraz kexu da informatikaria: «Bigarren hezkuntzan hautazko informatika irakasgai batean mekanografia irakastea astakeria iruditzen zait. Oso oinarrizko gauza da bigarren hezkuntzako ikasleentzat». Egungo gizartean informatika eta komunikazio teknologiak oinarrizkoak direla uste du, eta transbertsalak. Izan ere, lan esparru askotan eta bizitzako eremu askotan erabiltzen dira. Horregatik, mekanografia eta informatikako oinarrizko ezagutzak lehen hezkuntzan irakastearen alde egin du.

Aisiain ere mekanografia irakastearen aldekoa da. Baina hizkuntza bakoitzak bere eredua behar duelakoan dago. «Euskara eta gaztelera hizkuntzak fonetikoki grafian oso antzekoak dira; beste hizkuntza batzuek —adibidez, ingelesak— askoz gehiago erabiltzen dute letreiatzea irakurmena eta idazmena lantzeko». Hala, euskararen kasuan, haurrekin eboluzioa asko lantzen da soinuari dagokion grafia ikasten duten arte. Ingelesaren kasuan, adibidez, zuzenean teklatuak erabiltzera igarotzeak abantailak izan ditzakeela uste.

Aitzitik, mekanografiari dagokionez, iritzi guziak ez dira berdinak. Erretegi ez da horren aurka agertu, baina ez du defendatu. Ez dio etorkizun handirik ikusten. «Appleko sortzaileak esan zuen eskuarekin berriro idaztea eta irudikatzea zabalduko dela». Aplikazio batzuekin, eskuz idatz liteke jada. Garai bateko arbeltxoen eta egungo tableten artean, agian, ez da hainbesterako alderik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.