Mirari

Anjel Lertxundi / 2014-12-09 / 123 hitz

Errege batek hiru alaba zituen, janzten zituen gorriz, janzten zituen horiz, janzten zituen zuriz, esatea nahi berriz? Hirua da, zenbaki perfektua, kontakizun laburraren motorea, ipuin eta testu tradizionaletan hiru izaten dira semeak edo alabak mundura irteten direnak arazoren bati aurre egitera, beti hirugarrena izaten delarik, ustez ahulena, arrakasta lortzen duena.

Gure belaunaldiak Sobrari izena jarri zion sustoz enkargatutako hirugarren seme-alabari («Lehena Mirari, bigarrena Margari, hirugarrena Sobrari» dio ditxoak), eta aspaldi geratu ginen Sobrari gabe. Eustatek eman berri dituen datuek diote galdu dugula Margariren aukera ere: EAEn 1,4koa da ugalkortasun tasa emakumeko, urruti dago jada bi seme-alaben bataz bestekotik.

Mirarirekin gelditzen ari gara: ume bakar gaxoaren belaunaldiak mirari asko eta itzelak egin beharko ditu bizi-iraupenaren esperantza gora eta gora egiten ari den gure gizartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.