Hainbestean?

Andoni Egaña / 2015-01-18 / 503 hitz

Irakasle on bat izan duenak, bakar bat bada ere, sekulako zortea izan du bizitzan». Aspaldi entzun nuen esaldia. Eta ni neu oso zorioneko izateko baldintzapean hezia izan naizela atera nuen ondorio.

No estamos solos liburuan irakurri dudan pasarte batek eragin dit gogoeta. El Gran Wyomingek idatzia da eta elkarrizketak ditu oinarri. Marina Garcés filosofia irakasleari egindakoan, emakume honek kontatzen du Espai en Blanc kolektiboan txertatu zenetik, pentsatzen ikas dezagun duela helburu nagusi, gauzen, hitzen, filosofiaren, politikaren eta demokraziaren egiazko zentzua berreskura dezagun. Beldurra da, bere ustez, botereak betidanik erabili izan duen armarik behinena. Beldurrak urritzen digu askatasuna eta konformista bihurtzen. Beldurrak omen garamatza errealitatea ikuspuntu bakarretik ulertu eta asebeterik sentitzera. Intsektuen begirada bagenu, milaka ikuspuntu txikiz osatua, irudiak mosaiko gisan jasoko omen genituzke, eta errealitateari taxu egiazkoagoa hartuko omen genioke. Nolanahi ere, Europan indarrean dabiltzan murrizketekin, gero eta desberdintasun handiagoetara omen goaz. Hezkuntzan eragiten ari direnekin, esaterako, beken kopurua urritu, matrikulak garestitu, ratioak ukitu… Gero eta gazte eta ez hain gazte gehiago geratzen ari omen dira oinarrizko eskubideetara ere heldu ezinik.

Pasadizo xume bat kontatzen du Marina Garcések. Adiskide batekin egin zuen topo manifestazio batean. Antropologoa, Institutu irakasle eta Unibertsitaterako ikerketa lanak egiten zituena. Ez omen zeukan, urteetan lan horretan aritu arren, postu finkorik eta batetik bestera ibiltzen omen zuten. Diosalarekin batera egin omen zion aitorpena: «Badakizu? Turismo-gida ari naiz lanean». Harridura azaldu zion eta azalpenak jaso. «Hezkuntzatik ez didate deitzen, eta okerrena da ez didatela deituko beste puska batean, ordezkapen arau berriak direla eta zakurraren ipurdian geratu bainaiz zerrendetan. Ez didate lan-ordutegia murriztu edo hilabeteetan itxaronaraziko. Ez didate deituko eta kitto. Etsia hartu dut. Utzi egin dut irakaskuntza eta turismo-gida ari naiz. Ez ditut astean hogeita bost ordu sartzen hogeita hamazortzi baizik. Eta ez ditut hilean mila eta bostehun edo mila eta zortziehun euro irabazten, bederatziehun baino. Baina ongi nago…». «Nola daiteke egoera horretan ongi sentitzea?», egiten dio galdera Marinak. Gizarteak kanporatu egin zaitu. Gizarte horretan irakasle zinen, nor. Egiten zenizkion ekarpenak gizarte horri. Zailtasunak zailtasun, gizarte horren parte zinen eta orain egotzi egin zaitu. «Tira… Okerrago izan zitekeen», erantzun zion irakasle ohiak. Eta filosofoak erantzun horri eusten dio epaia emateko: iritsi da, eta nabarmenago iritsiko gerora, justua ez den sistema batekiko konformidadea. Eskailera-maila bat jaitsarazi didate baina ez naiz barreneraino erori. Biziraupena lortzeko borrokan katramilatu gabe nabil oraindik. Hainbestean beraz.

Guk, euskaratik, oso argi daukagu konformidadea ez dela bat etortzea, batak eragindakoari, besteak, hobe beharrez edo kalte handiagoen beldur, men egitea baizik. Ez dela adostasuna ere, ados jartzeko biek behar baitute parean. Gure zaharrek zioten konformidadearen kutxan zetzala zorionaren giltza. Zorigaiztoarena datzala han ari gara konturatzen. «Zer moduz?» ohiko galderari euskaraz hain jatorra den «hainbestean» formulaz erantzutea ere birpentsatzen ari naiz. Etsi kutsua du. «Ongi» erantzungo dut aurrerantzean. Edo «gaizki». Dagokiona. Baina ez «hainbestean». Irakasle onek euren lanari uko egin beharrik dioten bitartean ez baikara hainbestean ibiliko. Jendarteari eskaintzeko zeukanik eta onenen huraxe kendu baitiote. Egungo boteredunek, aldiz, nahiago izango dute beti irakasle on bat baino turismo-gida txar bat. Ezagutza, ideiak eta harremanak aireratu ordez, haizatu daitezela giza-emakumeon eta txanponen joan-etorriak!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.