Beste hizkuntza gutxitu batzuen lekukotasuna, euskararen ispilu

G. Goikoetxea / 2015-02-25 / 152 hitz

Aurrera zenbat egin den, egindakoak beste batzuei ere nola balio dien, besteetatik ere nola ikas daitekeen. Euskararen aurrerabidea eta beste hizkuntza gutxitu batzuena ispilu baten eran agertu du Garabide taldeak Beltzean mintzo dokumentalean. Ameriketako hizkuntza komunitateetako ordezkariak bildu dituzte, zein egoeratan dauden azaltzeko eta euskara nola ikusten duten kontatzeko. Erreferentetzat jotzen dute.

Komunitate hauetako kideek parte hartu dute: kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek. Garabidek eta Mondragon Unibertsitateak Jatorrizko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu titulua ematen dute, eta hango parte hartzaileak dira hizlari. Jon Sarasua Garabideko kide eta irakaslearen ustez, lekukotasunek adierazten dute euskara «korapilo unibertsal» baten barruan dagoela, eta azken hamarkadetan eginiko bidea erreferente izan daitekeela.

Pausoak ematen ari dira komunitate horietan ere, euskara adibide hartuta: D ereduaren gisakoak jartzen, adibidez. Hizkuntz lankidetzan ahalegin handiagoa egin behar dela adierazi du Sarasuak.

Beltzean mintzo dokumentala atzo aurkeztu zuten, Andoainen (Gipuzkoa). Zabaltzeko asmoa daukate: emanaldi gehiago antolatu dituzte beste herri batzuetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude