Falta den tresna

Lander Muñagorri Garmendia / 2015-02-01 / 991 hitz

Euskal Herriko ekonomiak indar pixka bat hartu ahala, beste kezka bat sortu da lan munduan. Enpresetako ugazabek diote lanpostu gehiago sortzen hasten denerako ez direla egongo kualifikatutako behar beste langile. Gazteak, eta batik bat emakumeak, industriara erakartzea da asmoa.

Aurreikuspenen arabera, aldagai gehi- enak alde dauzka industriak. Hainbat ahotsek behin eta berriro ziurtatu dute 2015ean ekonomia hazi egingo dela, bankuen finantzaketa egonkortu, eta lanpostuak sortzen hasiko direla lantegiak. Baina adierazle batek kezka sortu du ugazaben artean; hezkuntzak, hain zuzen ere. Ekonomiaren hazkundea handiagoa den garairako, eta lanpostu gehiago sortzeko direnerako, langile kualifikaturik ez dela egongo adierazi zuen FVEM Bizkaiko metaleko patronalak urte hasieran. «Gaur egun, jendeari moketa gehiago gustatzen zaio industria baino. Esango nuke orain industria ez dagoela modan», adierazi zuen Jose Luis Lopez presidenteak. Asteak pasatu ondoren adierazpenak gogorregiak izan zirela onartu du Jaime Fernandez patronaleko zuzendariak, baina «arazoa ezagutarazteko baliagarri» izan direla onartu ondoren.

Deigarria da enpresariek zabaldutako mezua, batez ere langabezia tasa %14,5 den testuinguruan. Are gehiago, lanik gabe dauden askoren hautua ikasten jarraitzea den honetan. Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea: «Langabeen zerrendan kualifikazio handiko hainbeste jende ikustea harrigarria izan daiteke, baina, hala bada, merkatuak lanpostu horiek eskatzen ez dituelako izango da». Hau da, kualifikazio maila edozein dela ere, lanposturik ez dagoen sektorean nekez topatu ahalko dela lanik. «Jendeak jakin behar du non sortuko diren lanpostuak, ondoren ikasketa horiek egiteko». Etorkizun hurbilean industriak lanpostu ugari sortu beharko dituela uste du Arevalok. FVEMek, esaterako, aurten Bizkaiko metalaren sektorean mila lanpostu inguru sortuko direla aurreikusi du; Confebaskek, berriz, 17.000 Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia osoan.

Beraz, kezka hortik dator. Lanpostu sorreren aurreikuspenak hobetu diren arren, Lanbide Heziketan (LH) industriaren ildoa hautatzen duten ikasleen kopuruak ez dituela postu horiek beteko. Arevaloren arabera, une honetan LHko ikasleen %43 daude industriarekin zerikusia duen graduren bat ikasten, «eta gutxi barru industriak izango dituen beharrei erantzuteko %60ra igo beharko da proportzio hori». Aldea nabarmena dela dio. Eta are gehiago, kontuan hartzen bada lantegietan batez ere LHko ikasleak behar dituztela. Une honetan, industrian behar egiten duten langileen %14k egiten dute unibertsitateko ikasketaren bat, %16ek ez daukate kualifikaziorik, eta %70ek LHko graduren bat egina du. Proportzio hori, ordea, ez da nahikoa. Izan ere, Europako Batasunak 2020. urterako eginda daukan plangintzaren arabera, proportzioak bestelakoa izan beharko du: lizentziatuek %15 izan beharko dute, kualifikaziorik ez duteneek %8, eta graduren bat egin dutenek %77. «Industria izango da krisitik irteteko sektore garrantzitsuenetako bat, eta, horregatik, hezkuntzatik hasi behar da ildo horretan lan egiten. Eta garbi dago une honetan oraindik lan asko daukagula egiteko», Arevaloren arabera.

Egungo egoera hori bizi izan du, beste behin, Arevalok. Krisia hasi baino lehenago arazo hori zegoen euskal industria sarean. «2005. urtean, esaterako, Gipuzkoan bertan LHko ikasleen kopuruak ez zuen industriak zituen lanpostu eskaeren %21 betetzen, eta kanpotik ekarri behar izan genuen jendea behar egitera». Eskaera hori krisia hastearekin batera isildu zen, «baina berriz itzuliko dela dirudi».

Etena komunikazioan

Behar horren oihartzuna Julen Elgeta Hetel Lanbide Heziketako ikastetxe kontzertatuen sareko zuzendariaren belarrietara ere iritsi da. «Enpresek ideia hori errepikatzen digute behin eta berriro, batetik, langile askok erretiroa hartuko dutelako datozen urteetan, eta, bestetik, lanpostu berriak sortuko direlako». Baina egungo gazteek industriaren ildoa hautatzen ez badute, komunikazioan eten bat egon delako da, haren ustez. «Etxetik edo familiatik datorren gauza bat da».

Baina, era berean, Jaurlaritzak LHrako duen plangintzak ere zeresana duela dio: «Jaurlaritzatik diote industria sektore estrategikoa dela, ados. Baina eskaintzen dituzun graduen artean zerbitzuetako asko baldin badituzu, jendeak izena emango du horietan. Beraz, eskaintza eta eskariaren arteko egoera orekatu egin beharko litzateke». Horrela egiten ez den heinean, «jendea engainatzen» dela dio, ondoren irtenbide profesionalik izango ez duten lanpostuetara bideratzen direlako ikasleak. «Ez da horren erraza», erantzun dio Arevalok. «Gobernuak ezin dio inori esan zer egin behar duen, asko jota orientatu egin dezake, sektoreen egoera nola dagoen azalduta». Baina alde horretatik komunikazio arazo bat dagoela onartu du. Batez ere, industriak azken urteetan izan duen garapena behar bezala ez azaltzean, dioenez.

Ideia horrekin bat egiten du Fernandezek. «Jende askok lantegiez daukaten ikuspegia iraganekoa da, oraindik zikinak eta ilunak direla uste da». Baina ikuspegi horretatik urrun daude egungo lantegiak, dioenez. «4.0 industria iritsi gabe ere dagoeneko lantegiak aldatu egin dira. Ekoizpen aurreratuak, eta teknologia berriei esker langileek ez dute iraganeko indarrik erabili behar». Pertsonen jarduna robotenarekin batera uztartzen ari dela dio, eta,horregatik, aurrerantzean lantegietan beharko den lana ezberdina izango dela. «XXI. mendeko industriak zerikusi txiki dauka XX. mendekoarekin», borobildu du Arevalok. Egoera berri horretara egokitzeko LHko ikastetxeak ahalegin berezia egiten ari dela azaldu du, berriz, Elgetak «enpresek eskatzen diguten beharrei egokitzen» ari direlako.

Emakumerik apenas

Lantegiek behar baino ikasle gutxiago izateaz gain, eragile guztiek onartzen duten beste arazo bat dauka industriak: emakumerik ez dagoela apenas. «Urte askotako kultura da, emakumeak lan zehatz batzuetarako hezi dituzte, eta, orain ekoizpen modua aldatu baldin bada ere, zaila da ikuspegi hori aldatzen», dio Arevalok. Eta joera hori hezkuntzan bertan hasten da: industria saileko graduetan ikasleen %10 soilik da emakumezkoa. Eta ez hori bakarrik, Elgetak adierazi duenez azken urte hauetan ez da aurrerapausorik eman: «Oso emaitza txarrak dira».

Sara de la Rica EHUko katedradunak itxaropena badu lantegietako lana digitalizatzen den heinean emakumeen presentziak gora egingo duela, «une honetan eurentzat ez delako lanpostu erakargarri bat». Normalizazio horretarako, ordea, denbora beharko dela uste du. Lantegi asko, gainera, ez daude emakumeentzako prestatuta. Elgetak adierazi duenez, bekaldiak egiteko eskaera egiten duten enpresa askok eskatzen die emakumezkorik ez bidaltzeko oraindik ez daukatelako eurentzako aldagelarik. Fernandezek gaiari garrantzia kendu nahi izan dio, «kasu batzuetan bakarrik gertatzen dela» esanda, baina Heteleko ordezkariak onartu du «nahi baino gehiagotan» tokatu zaiola egoera hori.

Era berean, De la Ricak gizartearen pentsatzeko moduan ikusten du arazoa. «Ez ditugu emakumeak behar bezala babesten seme-alabak izan ditzaten, eta hori eragile guztiengatik diot». Hori dela eta, lanorduak eta familiaren kontziliazioa uztartzen den heinean aurrerapausoak emango direla uste du. Baita industrian ere. Baina emakumeen presentziak ez du, ziurrenik, LH eta enpresen artean dagoen desoreka hori konponduko, haren ustez: «Arazoa ez da emakumerik ez dagoela, egoera berrietara egokitzeko zailtasunak baizik». Horregatik, arazoak denbora batez iraungo duela esan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.