Gazte horiek

Pili Kaltzada / 2015-02-14 / 542 hitz

Aitor dut: nire buru barruan maiz ahotsak entzuten ditut. Ahots maltzurrak dira, beste garai bateko soinu-banda osatu zuten berba eta esaldiak: aurreiritziak. Uxatzen saiatu arren, lantzean behin datoz, gutxien espero dudanean.

Geure amak beti esan izan du nerabezaroaren zama ez dela jarrera-aldaketa, ezta bat-batean geratzen diren aldartearen zirimolak ere. Horiek eramaten errazak lirateke desoreka horien aldia laburragoa balitz. Urte gutxi dira, baina zein luzeak egiten diren, esaten zuen amak, nekatuta. Ea laster pasatzen den, gaineratuko zuen.

Orain ez naiz jada haren alaba, laster nerabezarora buru-belarri salto egingo duten bi umeren ama baizik, eta ohartzen hasi naiz noraino barneratu ziren ahots horiek. Noraino baldintzatzen nauten gazteen arteko hartu-emanak, arazoak, ikuspegiak edota ikuskerak ulertzeko. Eta konturatzen naiz, halaber, borroka egin behar dudala ahotsok isilarazteko, ia ohartu gabe mendean hartzen gaituztelako aurreiritziek.

Bi gertakariek piztu dituzte antzinako ahotsak aste honetan. Baten, aholku eske etorri zaizkit guraso lagun batzuk, beren seme nerabea whatsapp taldean jasaten ari den jazarpena nola bideratu ez dakitela. Bigarrena ezagunagoa zaigu: Tafallan izandako gertakarien sokatik tira eginez han eta hemen entzundakoak.

Jose Antonio Marina pentsalari bikainak Nerabeen Talentua lana kaleratu du, eta naufragoek ohol-puska batera lotzen diren bezala heldu diot nik, antzinako ahotsen ozeano arriskutsutik erreskatatzeko, sirenen kantek ez zoratzeko antidotoa balitz bezala.

Gauza zentzuzkoak esaten ditu Marina jaunak, horren argi eta begien bistakoak direnak, ezen kontuan hartu ere ez ditugun egiten. Agian, ahaztu egin ditugu, gaztetasuna lurralde latz, zingiratsu eta arriskutsu bezala irudikatzen duten ahots horien artean galduta. Besteak beste gogoratzen digu nerabezaroan ez diogula norbanakoa izateari uzten, eta beraz, gazte guztiak berdindu, desitxuratu eta (are gehiago) errudun bihurtzen duen letania horrek ez duela oinarririk. Are gehiago: kalte handia egiten diegula gazteei, eta geure buruari, uste usteletan eraikitako mitotzarra etengabe berpiztean.

Gazteak eboluzioaren sokari tira egiten dioten euskarri ahaltsuak dira, moldatzeko, egokitzeko, ebidentzia berriak sortzeko gaitasun ikaragarria dutenak. Horregatik gertatzen zaizkigu deserosoak. Eta bertan dio deserosotasuna sortzea ez dela nerabeen berezko guraria, apeta maltzurra, beren betekizuna baizik: gazte izatearekin batera emana zaigula, eboluzioarekiko geure obligazioen artean, jasotako mundua beren erara egokitzen saiatzea. Askotan akastuna izango da emaitza, ez baitago hasieratik beretik perfektua izango den esperimenturik.

Jakina den bezala, Tafallan 17 urteko gazte bat hil zen joan den asteartean, adin bertsukoen artean ustez izandako liskar baten hartutako kolpeengatik. Lerro hauek idazten ari naizen unean ez da oraindik argitu nola gertatu zen guztia, zerk piztu zuen horren ondorio latzak izan dituen borroka. Dakiguna da 17 urteko gazte bat hilik datzala, eta 15 eta 16 urteko beste bi gazte atxilo eraman dituztela adingabeen zentro batera.

Goizero kafea hartzen dudan tabernan solasean ari ziren ondoko mahaikideak, telebistari begira. Kafearen epelean mihia berotu zuten, eta nabarmen zen gertatua zertan argiturik ez zutela behar. Bazekiten jakin zerk eragin zuen auzia: gaztetasun menderakaitzak, lotzerik ez dagoen barruko munstroak. Gazteen arteko kontuak direla esanez garbitu zuten, neska baten gora-behera tartean ote zitekeen gaineratuta, iradokiz bezala horrek esplika zezakeela erasoaren bortizkeria. Ebidentziarik gabe, gazte izate hutsagatik aldez aurretik epaituta, eta aldez aurretik errudun izendatu dituzte guztiak, baita hildako 17 urteko mutila ere.

Axola al digu benetan zer jazo den? Nerabe izan ez balira horren bizkor itxiko genukeen kontua, ala egiazko arrazoiak bilatuko genituzke?

Nire buru-barruko ahots maltzurrek pozik behar dute, kontrakoa uste izaten dugun arren, lehengo burutik dugulako burua: burugabe, naiz eta gazte izateari (ni neuk behintzat) aspaldi utzi diogun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude