5.000 urte inguruko herria

Berria / 2015-09-08 / 181 hitz

Giza Portaeraren Eboluzioaren Ikerketarako Zentroak ondorioztatu du euskal herritarrak Atapuercan ikertutako lehen nekazarien ondorengoak direla.

Zentro horretako ikertzaileek Atapuercako (Espainia) arrastoetan bizitako zortzi nekazarien genomak aztertu dituzte, eta ebatzi dute gaur egun genoma horrekin antzekotasun handiena dutenak euskal herritarrak direla. Hori horrela, ondorioztatu dute euskal herritarrek 5.000 urteko historia dutela.Cristina Valdiosera biologoak eman ditu xehetasunak: “Ez dakit gaur egun Euskaditzat jotzen den eremuan zeuden, baina esan dezakegu gutxienez duela 5.000 urte Atapuercan zeudela”. PNAS Ameriketako Estatu Batuetako zientzia aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

“Iberiar penintsulako biztanleek jatorri nahiko komuna eta berria dugu. Baina egia da euskal herritarrek, mendialdean, ez zutela hainbesteko eragin genetikorik jaso, Andaluzian musulmanekin edo Mediterranioan erromatarrekin gertatu zenaren kontrara. Euskal herritarrek garbitasun neolitikoa hobeto gorde dute”, esan du Jose Maria Bermudez de Castro Atapuercako arrastoetako zuzendarikideak.

Torsten Gunther Upsalako (Suedia) Unibertsitateko ikertzailea da ikerketaren egile nagusia, Valdioserarekin batera: “Euskal herritar garaikideen eta garai hartako nekazarien arteko antzekotasunek adierazten dute euskal herritarrak nahikoa isolatuta egon zirela 5.000 urtez, baina ez askoz gehiagoz”.

Euskararen jatorria, ordea, ezin dute zehaztu: “Baliteke euskara lehen nekazariek erabiltzen zuten hizkuntzaren ondorengoa izatea, edo, agian, nekazari horiek erabiltzen zituzten hizkuntzetako bat. Baina euskararen jatorria ezin dugu zehaztu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.