Itsasoko olatuen indarra hobeto iragartzeko eredu bat garatu dute

Juanma Gallego / 2015-09-06/ 399 hitz

24 orduko aurrerapenarekin itsasoaren uhinen potentzia zenbatekoa izango den aurreikusteko algoritmo bat aplikatu dute lehenbiziko aldiz EHUko hainbat zientzialarik.

Bizkaiko golkoan buien bitartez jasotako erregistro historikoak erabili dituzte EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek itsasoaren indarra zenbatekoa izango den aurreikusi ahal izateko. Interneten pilatzen den informazioa ikertzeko erabili ohi den algoritmo bat erabili dute datu horiek guztiak aztertu eta ondorioak atera ahal izateko. Emaitzak Ocean Engineering aldizkarian plazaratu dituzte, eta lagungarria izango dela espero dute itsasoaren energia baliatuz argindarra lortzeko bidean.

Itsasoan sortzen den energia baliatzea aspaldiko ametsa da. Hori ahalbidetuko duen teknologia, ordea, garatzear dago oraindik ere, zenbait muga tekniko gainditu behar baitira. Traba horietako bat olatuen berezko izaera da, ezinezkoa baita itsasoari aginduak ematea. Ezta eguzkiari edo haizeari ere. Izan ere, aldizkakotasuna da energia berriztagarrien muga komun handienetako bat. Batzuetan, indar asko bideratzen dute elektrizitate sarera, baina, beste batzuetan, energia jarioa eten egiten da. Horregatik da hain garrantzitsua olatuek izango duten indarra ahal den neurrian aurreikustea, elektrizitate sarearen beharretara egokitzeko. «Olatuen indarra aurreikusita, energia mota horrek izan dezakeen muga hori desagertzen da», azaldu du Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle Gabriel Ibarrak.

Ikerketa burutu duen EOLO ikerkuntza taldearen koordinatzailea da Ibarra; fluido geofisikoak aztertzea du helburu EHUko lan talde horrek. «Big Data ikertzeko erabili ohi den random forest izeneko algoritmoaz baliatu gara, eta lehen aldiz aplikatu dugu itsasoaren energiaren arloan», azpimarratu du Ibarrak. «Datu asko daudenean, zentzu edo joera nagusi batzuk ateratzeko, behar-beharrezkoa da horrelako algoritmoen erabilera», azaldu du.

Teknologia iraunkorra

Itsas energiaren garapena oraindik ere lehen faseetan dagoela ohartarazi du adituak, baita olatuen indarra ustiatzeko teknologien alorra ere. «Oraintxe bertan, prototipo asko garatzen ari dira. Seguruenik, hemendik 25 edo 30 urtera prototipo horietatik lauzpabost nagusituko dira, baina oraindik ere ez dakigu zeintzuk izango diren».

Baikor azaldu da Ibarra horrelako ustiaketa batek izan lezakeen ingurumen inpaktuari dagokionez. «Prototipoak direnez, oraindik gailu txikiak dira. Eskozian, lehen azterketa batzuk egin dira makina handiagoekin, eta inpaktua nahiko txikia da. Orokorrean, oso alternatiba garbia da, besteak beste ez dagoelako CO2 isurketarik». Prototipo horitako batzuk Euskal Herrian frogatuko dira EEE Euskal Energiaren Erakundeak Armintzako (Bizkaia) kostaldean garatuko duen itsasoaren energia ustiatzeko BIMEP eremuan. Oraingoz, Euskal Herrian instalazio esperimental txiki bat baino ez dago, Mutrikun (Gipuzkoa), elektrizitate sarean txertatuta dagoena.

Ikertzaileek garatutako eredu horrek bestelako aplikazioak izan ditzake meteorologia eta klimatologiaren alorrean ere, eta horretan ari dira lanean. «Azken mendean olatuen energiak izan duen bilakaera ikertzen ari gara; datuak oraindik argitaratzear dagoen beste lan batean plazaratuko ditugu. Olatuen altuera, energia eta frekuentzia ikertu ditugu, eta datuak oso esanguratsuak dira, parametro horietan itzelezko gorakada izan baita».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.