Itzultzaileak ere baditu

Iñaki Petxarroman / 2015-09-17 / 174 hitz

Ondo daki Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak euskara hizkuntza ofiziala dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, beraz, hala erabakitzen duten udalek hura erabil dezaketela eguneroko jardunean. Baina epaile batek gogorarazi behar izan dio. Gaintzako eta Amezketako udalen aurka Urkijok berak zabaldutako prozedurak ez zuela oinarri juridikorik ebatzi du Donostiako Auzitegiak, eta bi udalek eskubidea dutela aktak euskara hutsez jaso eta bidaltzeko.

Egia da antzeko kasu batean beste epaile batek kontrakoa ebatzi zuela Lekeitioko Udalaren aurka zabaldutako prozeduran. Egia da indarrean dauden udalen eta euskararen legeek ez dutela behar bezala bermatzen euskaraz bizitzeko eskubidea. Baina Urkijok kolpe txiki bat jaso du. Eta euskaraz bizitzea erabaki duten Uemako udalek babes esanguratsu bat, euskaraz bizitzen eta lan egiten jarraitzeko.

Eta Espainiako Gobernu ordezkariak baditu tresnak — itzultzaileak, besteak beste — udal horien akten edukia ulertzeko. Eta euskara hutsez egin izan diren ekitaldi batzuk  —Segundo Ibarra Izurieta presoari iaz Bilbon eginiko harrera ekitaldia, kasurako —, «terrorismoaren apologiagatik» salatzeko erabili zituen bezala, erabil ditzala. Edo, askoz ere hobeto: euskaldun ditzala bere burua eta gidatzen duen erakundeko funtzionario erdaldun andana. Bada-eta garaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude