Asteko ezinbestekoak eskuan

Berria / 2015-10-08 / 317 hitz

Bihartik aurrera argitalpen digital berri bat jarriko du BERRIAk irakurleen eskuetan: Berria Astekaria. Asteko artikulu hautatuekin, hau da, irakurri gabe utzi ezin diren artikuluekin, osatutako bilduma da Berria Astekaria aplikazioa. BERRIAren edukiak zabaltzeko modu berri bat da: astean argitaratutako artikuluen artean hautaketa bat egin, eta telefono eta tabletarako diseinatutako aplikazio batean bilduta eskaintzea ostiralero zenbaki berri bat eskaintzea.

Aplikazioa doan deskargatu daiteke Google Play eta Appleren App Store dendetan, bai smartphone-etan bai tabletetan. Garapen berri hau, funtsean, BERRIAlagunen ekarpenari esker egin da. BERRIAlagun izaten jarraitzea edo BERRIAlagun bihurtzea da modurik hoberena garapena eta berrikuntza eten ez daitezen.

Berria Astekarian asteko artikulu ezinbestekoak eskaini nahi dira, bi aldiz irakurtzea merezi duten artikulu horiek (iritzi artikuluak, analisiak, elkarrizketak, kronikak edota erreportajeak). Diseinu erakargarri eta moderno batez aurkeztuta, era erraz batez jarri nahi dira irakurleen esku, nonahi eta eroso irakur dezan.

Aplikazioa norberaren sakelako telefono edo tabletetan instalatuta, zenbaki berriak automatikoki kargatzen dira, astero, ostiral goizetan. Zenbaki berria prest dagoenean, erabiltzaileak push jakinarazpen bat jasoko du bere gailuan horren berri emanez. Nahi izanez gero, jakinarazpen horretatik zuzenean ireki ahal izango du aplikazioa, zenbaki berria irakurtzeko.

BERRIAko editoreek hautaturiko albisteak

Zenbaki bakoitzak artikulu kopuru mugatua eskainiko du (12-20 inguru), irakurleak bilduma erraz ikusi eta gogokoa aukera dezan, eta nahi duen unean era atsegin batez irakur dezan. Artikuluen aukeraketa ez du makina batek egingo, baizik BERRIAko editore taldeak, astero.

Artikuluak gailu mugikorretan irakurtzeko diseinatuta daude, testua eta irudiak era orekatuan txertatuz. Bideoak ere ikusi ahalgo dira artikuluetan. Artikulu batetik hurrengora hatza eskuin aldera irristatuz joan daiteke, eta ezker aldera eginez aurrekora itzultzeko.

Artikulu guztiak banatu ahal izango dira sare sozialen bidez edo posta elektronikoaren bidez. Halaber, artikuluek esteka bat izango dute BERRIAren webguneko jatorrizko bertsioa ikusi ahal izateko. Argitaratutako zenbaki guztiak gordeko ditu aplikazioak, eta edozein unetan egongo dira irakurlearen esku. Halaber, artxiboak bilatzaile bat du edozein artikulu errazago topatu ahal izateko. Berria Astekaria aplikazioaren garapen teknikoa Ideable enpresa teknologikoak burutu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.