Erreferentzialtasunak

Kattalin Miner / 2015-10-02 / 247 hitz

Aste oso hau furgoneta batean daramadan honetan, hain zuzen Emakumeen Mundu Martxako karabana feministan, buruan ez dut bozgorailuetatik behin eta berriz errepikatzen ditugun lelo eta kantuen burrunba besterik.

Tarte batez geratuz, ordea, burrunbaren atzean ageri zait erokeria honetan buru-belarri sartzeko arrazoiaren oihartzuna. Izan ere, badaude pribilegiatu sentiarazteko gaitasuna duten uneak, eta Euskal Herriko hogeita bost herri zazpi egunetan gurutzatzea horietako bat da. Borroka feministaren grina ez dago geldirik, eta herriz herri bulkada bakoitza gehitzen zaigu jada akituta nabari dugun gorputzera.

Emakumeen Mundu Martxa emozio, ilusio eta festa da. Beraz, EMM politika da. Bai, behintzat, emozio, ilusio eta festa politika diren neurrian, baina baita barnebiltzen duen borroka, aldarri eta eraldaketarako gogoa politika direlako.

Bost urtetik behin ekiten zaio nazioarteko ekintzari, eta bost urtetik behin Euskal Herriko mugimendu feministaren hautsak astindu eta martxan jartzera behartzen gaitu. Horrek termometro lan izugarria egiten du, hain zuzen, gure herriko mugimendu feministaren osasuna neurtzeko. Eta aurten baiezta dezakegu osasuntsu ez ezik indartsu ere badagoela.

Eta hor akordatu naiz nola behin eta berriz azaldu behar izan dudan urte honetan zer den Emakumeen Mundu Martxa, eta nola, erreferentziei eutsiz, galdekatu nauten «a!, beraz, Korrika feminista bat da?», edo EAJko zinegotziaren hitz ederretan: «Gure Aberri Eguna bezalakoa orduan!».

Eta, zergatik ez, izan liteke korrikalaririk gabeko Korrika feminista bat, izan liteke aberririk gabeko Aberri Egun bat, eta pentsatzen dut, erreferentzialtasunak beti besteen kopia izatera bagaramatza, agian noizbait beste ekimen batzuk Emakumeen Mundu Martxa bezalakoak izango direla; eta hala bada, soilik esan diezazuket zorionekoak izango zaretela.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.