LaPublika, arteak esparru publikoa sortzeko duen gune berria

Gorka Erostarbe / 2015-10-02 / 279 hitz

Bilboko Consonni arte ekoiztetxe eta argitaletxeko zuzendari Maria Murrek argi esan zuen atzo Tabakaleran egindako aurkezpenean: «LaPublika ez da artea gune publikoetan jartzea, biribilguneetan adibidez. Artearen bidez espazio publikoak sortzea da helburua, espazio horietan zer gertatzen den pentsatzea, eta pribatuaren eta publikoaren arteko mugez gogoeta egitea». Consonnik zuzentzen du LaPublika proiektua; Donostia 2016k eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak ekoizten dute, eta elkarlanean ariko dira Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren fakultatearekin ere.

Arteak, interes komunetan oinarrituta, zer-nolako gaitasuna duen gizartean eragiteko eta gizartea bera sortzeko; horra LaPublikak izango duen xede nagusia hilabeteon bertan hasi eta 2016ko amaierara bitarte. Lehenengo jarduera urriaren 18an egingo da. Gerard Ortin artista katalan donostiartuak mendi bidaia bat proposatuko du transect metodoa oinarri hartuta. Metodo horren bidez lur zati bat zedarrituko du, hura ikertzeko: «Asmoa da hainbat gairen inguruan gogoeta egitea: paisaia eta lurralde kontzeptuak, maparen eta esperientziaren arteko tentsioa, markatutako mugen eta ibiltzearen beraren arteko tentsioa eta abar», zehaztu zuen Murrek.

Tailerrak eta hitzaldiak

«Erreferentziako jendeak» hartuko du parte LaPublikan. Besteak beste, han izango da Petra Bauer artista eta zinemagile suediarra. Kasseleko Documenta jaialdian edo Veneziako azken biurtekoan parte hartu duenak, tailerra eskainiko du azaroaren 24tik 26ra bitartean, eta hitzaldia azaroaren 26an. Horrez gain, Max Andrews ingelesak eta Mariana Canepa Luna uruguaiarrak, Latitudes komisario-agentziako kideek arte garaikidearen gaur egungo arazoak aztertuko dituzte, azaroaren 9tik 11ra. Bi egitasmo horiek Tabakaleran egingo dira. An Mertens software-idazle eta artista, aldiz, literatur sorkuntzaren bidez helarazitako algoritmoen eta informatika kodeen inguruan arituko da lanean abenduaren hasieran, Bilbon. Lekua zehazteke dute oraindik antolatzaileek.

2016an ekintza gehiago izango dira, eta azken hiruhilekoan itxiko dute programa, nazioarteko sinposio batekin, «ikerketa laborategiaren faseak islatzeko». Proiektuaren webgunea honako hau da: www.lapublika.org.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.