Unai Ugartemendia / 2015-12-01 / 1.234 hitz
Ez dira egun asko igaro Ama Dablam (Nepal, 6.812 metro) menditik itzuli dela. Azaroko azken egunetan Euskal Herrian izan da, Portugaleteko (Bizkaia) Ganerantz mendi elkarteak antolatzen duen mendi astean. Gazteen ilusio berarekin jarraitzen du, eta haren begiek hasiberrien distira dute, nortasun agiriak 76 urte dituela dioen arren. 11 zortzimilako igo ditu jada, eta buru-belarri saiatuko da hamalauak osatzeko ahaleginean. Gorputzez txikia, eskarmentuz handia, badu zer kontatua Carlos Soria (Avila, Espainia, 1939) alpinistak bizitzaz, mendiaz eta bere etorkizuneko proiektuei buruz.
Ama Dablametik itzuli berri zara. Nola joan da espedizioa?
Oso ondo. Espedizioak bi helburu zituen: gailurrera igotzea eta Nepalen egiten ari garen eskolei laguntzea.
Niretzat, Ama Dablam da munduko mendirik politena. Askotan egona nintzen haren magalean, beste mendi batzuk igotzeko girotze lanak egiten, Khumbuko haranean gehienbat. Askotan pentsatzen nuen: «Nik horra igo beharra daukat egunen batean». Eta, azkenean, igotzeko aukera izan dut.
Eskolei laguntzeko trekking bat prestatu genuen, eta 26 pertsona elkartu ginen. Bakoitzak 220 euro inguru jarri genituen. Horrez gain, jendeak bere kabuz dirua jarri du, eta guztira ia bi eskola egiteko dirua lortu dugu.
Nolako igoera izan zen?
Oso gogorra, nik uste nuen baino askoz ere gogorragoa. Harri asko topatu dugu, eta soka finko asko zegoen bertan. Orain urte asko jarritako sokak dira, eta inork ez ditu kentzen. Kentzea ondo egongo litzateke, jaitsieratan ez baitakizu zein den hartu beharreko soka. Azken urteetan jende asko joaten ari da, eta horrelako sokek arriskua sortzen dute.
Oso mendi komertziala al da? Zergatik?
Bai, oso ezagun bihurtu da. Oso polita eta ikusgarria da. Everestekin gertatu zen bezala, modan jarri da, eta, gainera, nork ez du nahi horrelako mendi polit bat igo? Gu oso goiz joan gara, eta azkar igotzeko aukera izan dugu. Lehenetarikoak izan ginen, eta gailurreko egunean, gu, emakume norvegiar bat eta haren gidaria bakarrik geunden tontorrean. Oso igoera polita izan zen.
Euskal Herria oso gogoko omen duzu, baita bertako alpinistak ere. Ama Dablamen zeunden bitartean, Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak, Chamlang igo dute. Zein iritzi duzu haiei buruz?
Esan daiteke oraintxe bertan munduko onena dela hirurek osatzen duten soka taldea. Nik behintzat ez dut zalantzarik. Alpinista batek eduki behar dituen dohain guztiak dituzte, eta, daukaten esperientziarekin, edozer gauza egiteko gai dira. Beste gauza bat dira.
Hastapenetara itzulita. Noiz hasi zinen mendian?
Gune irekien zalea izan naiz umetatik. Etxean ez nuen inor mendizalea. Nire familia oso txiroa zen, eta oso etxe txikia geneukan. Uste dut horregatik naizela gune irekien zalea, etxean egoteko oso leku gutxi geneukalako. Nik errekak eta haranak maite nituen, ez hiriak. Eskolan jai genuenetan, mendira joatea gustatzen zitzaidan. Familian tapizgintzan aritzen ziren, eta ni ere horretan hasi nintzen, 14 urterekin, nahiz eta nik ez nuen gogoko. Hamalau urterekin, beste lagun batekin batera, La Pedrizara joan ginen [Madril, Espainia], hamabost egun pasatzera. Orduan konturatu nintzen mendia oso gogoko nuela.
Beraz, mendian ere goiz hasitakoa zara. Garai hartako lagunek zer esaten dizute? Mendira joaten jarraitzen al dute?
Ez, ez. Orain urte batzuk bizikletan ibiltzen ziren ni laguntzeko, baina azken urteetan dena utzi dute. Oso lagun izaten jarraitzen dugu, baina ni orain askoz jende gazteagoarekin ibiltzen naiz.
Zure ibilbideari begira jarrita, esan daiteke bi garai izan dituzula: bata 50 urtera arte eta bestea gaur egun arte.
Denbora libre gehiago izan dudalako, bai lanean eta bai etxean. Arraroa den arren, igotako hamaika zortzimilakoetatik hamar 60 urte baino gehiagorekin igo ditut. Esan dizudan moduan, denbora kontua izan da. 65 urterekin erretreta hartu nuenean, denbora gehiago eduki dut. Zortzimilakoak egiten nabilen arren, nahiago nuke zailtasun eskaladan ibili; baina horretara ere 50 urte baino gehiagorekin hasi nintzen.
Nola gogoratzen duzu Nanga Parbatera (Pakistan, 8.126 metro) eginiko lehen espedizio hura?
Ni, aurretik, 1973an eta 1975ean Manaslun [Nepal, 8.156 metro] egona nintzen. Orduan, espedizioko kide batzuk tontorrera igo ziren arren, nik ez, edema batengatik. 37 urte geroago igo nuen.
Nanga Parbatera, Jakako [Aragoi, Espainia] militarrekin joan nintzen lehenik. Lau joan ginen, bi kataluniar eta nire beste lagun bat. Orduan ezin izan genuen igo. Bi urte geroago, igotzeko aukera izan nuen, nik antolatutako espedizio batean. Bitxia izan zen, ia etxera bueltatzeko asmoarekin ginenean, eguraldia lagun, bigarren kanpalekutik bi egunean igo baikinen tontorrera.
Hamalau zortzimilakoak osatzeko Annapurna, Shisha Pangma eta Dhaulagiri falta zaizkizu. Zein asmorekin zabiltza?
Otsailean abiatuko naiz Annapurnara eta Shisha Pangmara. Bi mendietarako daukagu baimena. Biak kateatzea zaila izango den arren, badaezpada lortu ditugu. Annapurna ez da oso zaila, baina oso arriskutsua da. Oso goiz joango gara; seguruagoa dela uste dut.
Zerk bultzatzen zaitu oraindik mendira joatera eta halako grina izatera?
Gauza askok. Lehenik eta behin, nire zaletasunak. Oso ondo pasatzen dut. Mendia ez da bakarrik gailurra. Ni askotan jaitsi izan naiz gailurra lortu gabe. Bidaiatzeko aukera ematen dizu. Nik, esaterako, leku asko ezagutzeko aukera izan dut mendizaletasunari esker. Mundu guztian eskalatzeko aukera izan dut, Antartikan, Indonesian… Niri benetan gustatzen zaidana mendian egotea da. Oraintxe bertan 20 egun daramatzat etxean, eta jada berriro bueltatzeko irrikan nago.
Zure urteengatik, belaunaldi asko ezagutu izan dituzu. Zein aldaketa nabaritu duzu?
Dena asko aldatu da. Ez mendia bakarrik, mundua osotasunean. Gehien izorratzen nauena zera da: garai bateko lagunek esaten didatenean gaur egungoa ez dela lehengoaren berdina. Baina nola izango da ba berdina! [Kar-kar]. Ezinezkoa da, eta hobe, gainera, horrela ez izatea. Lehen ez genuen ezer. Nire lehen motxila nire eskuekin egin behar izan nuen. Ez geneukan informaziorik, lau liburu asko jota… Gaur egun, ordea, informazio asko dago; materiala ere ezin hobea da; laguntza gehiago dago denetarako. Hala ere, niretzat, gehien aldatu dena informazioa da.
Zer da zuretzat mendia?
Nire bizitzako zati garrantzitsuenetariko bat da. Ni alpinista jaio nintzen. Lehen aldiz mendiak ikusi nituenean maitemindu egin nintzen haietaz. Etxekoekin tartekatzeko aukera ere izan dut, gainera, eta nire bizitzako lagunik onenek mendiarekin zerikusi handia dute.
Etorkizunerako zer proiektu dituzu?
Hamalau zortzimilakoak osatzea gustatuko litzaidake. Oso polita izango litzateke. Hala ere, nire filosofiarekin jarraitzeko asmoa dut: tontorra lortzeko aukerarik ez badut, ez dut inongo arazorik izango berriro ere atzera bueltatzeko. Orain artean inoiz ez naute erreskatatu behar izan, eta hemendik aurrera ere horrela izatea gustatuko litzaidake. Ahal dudan neurrian jarraitu nahi dut eskalatzen, bizikletan ibiltzen eta kirola egiten, hori baita gustatzen zaidana.
Eta gero?
Mendian jarraituko dut, noski. Pakistanera itzultzea gustatuko litzaidake. Mendi xumeagoak egin Hushe haranean, Txinako mugan dauden mendi politak ezagutu… Ez dakit egiteko aukerarik izango dudan, nire adina aintzat hartuta eta belaunean ditudan arazoak ikusita.
Zer esan nahi du erretiro hitzak zuretzat?
Ez dut nire hiztegian [kar-kar]. Menditik erretiratuko banintz, bizitzari agur esango nioke. Hau da niri gustatzen zaidana. Agian ezingo naiz goi mendietara itzuli, baina paseo txikiak egiteko edo beste gauza batzuk egiteko aprobetxatuko dut. Kiroletik, behintzat, ez naiz inoiz erretiratuko.
Nola entrenatzen duzu zure gorputza?
Azkenaldian, nahiko erotuta nabil, bai prentsarekin eta baita betebeharrekin ere. Goizero entrenatzen saiatzen naiz, hiru edo lau orduz. Atzo, esaterako, goizean eskola batean hitzaldi bat nuen goizeko hamarretan. Ba, goizeko seietan jaiki nintzen, arrabola pixka bat eta oreka ariketa batzuk egiteko. Juan del Campo entrenatzaile eta lagunarekin ibiltzen naiz. Beste askotan etxe inguruan dudan mendi batera joan-etorriak egiten pasatzen dut goiza. Arratsaldero, bazkalondoko kuluxka egiten saiatzen naiz.
Aspaldi honetan beldurrik sentitu al duzu mendian?
Mendian elur-jausiei bakarrik diet beldurra. Beste ezeri ez diot beldurrik, badakidalako nora noan, zer aurkituko dudan eta edozein lekutan sartzeko nola nagoen. Baina elur-jausiei bai, gehienbat seracek sortutakoei. Elurrak sortutakoak aurretik ikus daitezke batzuetan, baina besteak ez. Horiek dira Annapurnan eta Dhaulagirin aurkitu ditzakedan arazoak. Beldur asko pasatutakoa naiz mendian, egun eta erdi batean hiru elur-jausi ere erori zitzaizkidan.
Nola izaten dira mendira joan aurreko uneak, etxekoekin?
Normaltasun osoz agurtzen ditut. Gehienetan, emazteak edo alabek eramaten naute aireportura. Jada ez dut oparirik ekartzen espedizioetatik.