Urpekariak

Egilea: Fermin Etxegoien
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2015
ISBN:978-84-9109-040-3
R: 7.562

 

Joxemi eta Jonan aita-semeen udako oporraldia kontatzen zaigu liburu honetan, fikzioan independizatu berri den Kataluniako L’Estartit herrian emandako astean zehar gertatutakoa, hain zuzen. Jonan 15 urteko nerabe lotsatia da, eta aitak oporretan ongi pasatzea lortu nahi du. Hori dela eta, urpekaritza bataioa egitea erabaki du; enpresa txiki baten bitartez, itsas-bidaia egingo dute, eta bertan, jatorriz holandarrak diren ama-alaba batzuk ezagutuko dituzte, Luus eta Dael.
Narratzaileak aitaren ikuspegitik kontatzen du istorioa: seme gazteak ez ditu aitaren gustuak partekatzen, aita mendigoizale sutsua delako, eta gaztea ez. Semea ez da aita bezain euskaltzalea… Bi belaunaldien arteko diferentziak nabarmenak dira narrazioaren hasiera-hasieran, baina oporrak aurrera joan ahala, gero eta hobeto ulertuko dute elkar. Jonanek bere lehen maitasun istorioa biziko du; Joxemik, berriz, bere emaztearen falta sumatuko du, nahiz eta ados jarri diren oporrak bananduta pasatzeko, elkarri atsedena emateko asmoz. Hala ere, semearen bizipozaz gozatuko du aitak.

Eleberria erritmo onekoa da, aitaren gogoetak interesgarriak, eta pertsonaiak, sinesgarriak. Irakurlearen jakin-minari eusteko moduko kontakizuna da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude