Musikak ez zaitu adimentsuago bihurtuko, baina, nori axola zaio?

Juanma Gallego / 2020-09-03 / 660 hitz

Musika ikastea eta gaitasun kognitiboen hobetzea lotu dituzte zenbait ikerketek, eta oso zabalduta dago musikak adimena bultzatzen duela dioen ideia. Gaiari buruz egin den azken berrikuspenak, ordea, bestelako ikuspegia eman du.

Aspalditik errotutako ustea da: musika ikasteak adimena sustatzen du. Nolatan ez da izango, bada? Harreman hori logika hutsezkoa da, eta atzean dagoen ideia ere nahiko argia da: kognizioaren ikuspuntutik ahalegin handia eskatzen duten atazetan trebatzeak ezinbestean kognizio gaitasunak handitzea dakar. Baina, batzuetan, logikoa dirudiena eta errealitatea ez datoz bat. Halakoetan, noski, hoberena da datuetara jotzea.

Halere, datuak ez dira beti argi mintzatzen, edo horien interpretazioa bederen ez da beti erraza. Gaurkoan hizpide dugun gaiaren inguruan, orain arte egin diren ikerketek emaitza kontrajarriak izan dituzte. Batzuek musikaren ikasketaren eta gaitasun kognitiboaren arteko harremana aurkitu duten arren, beste batzuek ez dute atzeman lotura berezirik.

Harremana aurkitu duten ikerketen kasuan, adituek hainbat azalpen aurkeztu dituzte. Batzuek argudiatu dute musika ikasteak orokorrean adimena indartzen duela. Beste batzuk zertxobait zehatzagoak izan dira, eta proposatu dute epe laburreko oroimena hobetzen laguntzen duela. Zuhurtzia gehiago erabili dutenek, berriz, soinuaren pertzepzioan izandako hobekuntzan jarri dute arreta: hobekuntza horren ondorioz prozesatze fonologikoa hobetuko litzateke, eta, horrekin batera, irakurtzeko gaitasuna.

Epe luzerako ondorioak tartean daudenean gertatu ohi den moduan, momentuz honetan neurologiak ezer gutxi esan dezake, eta korrelazioen mundu labainkorrean sartu beharra dago, halabeharrez. Eta, hasieran aipatu dugun bezala, horietan denetariko emaitzak atera dira. Egoera argitu nahian, gaiari buruz egin diren ikerketen eta esperimentuen gaineko berrikuspena egin dute Giovanni Sala eta Fernand Gobet ikertzaileek. Memory & Cognition aldizkarian argitaratutako ikerketa batean aspaldi errotutako mitoa apurtu dute: atera duten ondorio nagusia da berez musika ikasteak ez dakarrela gaitasun kognitiboen hobetzea.

1986-2019. urte tartean argitaratutako 54 ikerketa kontuan hartu dituzte berrikuspenean. Orotara, ikerketa horiek guztiek 6.984 haurren inguruko datuak biltzen dituzte.

Datuetan oinarrituta, ikusi dute musika ikasteak ez dituela hobetzen ez gaitasun kognitiboak ezta eskola emaitzak ere. Gaitasun horiek, gainera, atalez atal aztertu dituzte: ahozkoak zein ahozkoak ez direnak bereizi dituzte, eta ikasketaren abiadurari loturiko faktoreak ere kontuan hartu dituzte.

Parte-hartzaileen adina edota ikasketaren iraupena edozein izanda ere, harremanik ez dute aurkitu. Arreta berezia jarri dute kalitate handiko ikerketetan, hau da, haien esperimentuetan kontrol-taldeak erabili izan dituzten artikuluetan. Horietan, musika ez baina antzeko jarduerak egin dituzten umeak ere kontuan hartu dituzte. Adibidez, dantza edo kirola egiten duten umeak. Beste modu batean esanda, musika ez diren aldagaiak ere kontuan hartu dira esperimentu horietan.

Egileek azaldu dute musikan trebatzetik eratortzen diren ustezko onuren inguruan adituek erakutsi ohi duten baikortasuna aurreko ikerketetan jasotako datuen interpretazio okerretik abiatu daitekeela. Berreste alderako isuria aipatu dute, atzean egon daitekeen arrazoietako bat bezala.

Giovanni Sala egile nagusia argi mintzatu da prentsa ohar batean: “gaitasun kognitiboak edo akademikoak hobetzeko helburu soila duen musikaren irakaspena alferrikakoa da. Garuna trebatu daiteke modu batean non, musika jotzen baduzu, musikan trebeagoa bihurtuko zaren; baina onura hauek ez dira orokortzen modu batean non, musika jotzen baduzu, zure burua matematikan hobetuko duzun”.

Egileen arabera, arlo kognitiboan abantailarik ez egoteak ez du zertan esan nahi musikak bestelako onurak izan ez ditzakeenik, hala nola gaitasun sozialen hobetzea edota autoestimuaren handitzea. Halere, gaitasun horietan musika lagungarri ote direneko daturik ez dute aurkeztu, eta, are gehiago, onartu dute horren inguruan oso ikerketa gutxi egin direla orain arte. Agian, batek daki, etorkizunean beste ikerketa batek esango du hori ere mito bat dela.

Dena dela, ikerketa askok behin baino gehiagotan erakutsi dute musikak plazera ematen duela, eta hori argi azaltzen da neurologoek musika entzuten ari den garuna euren tramankuluekin aztertzen dutenean. Plazeraren guneak piztu egiten dira, accumbens gunea bereziki. Hortaz, ez dago argudio askorik behar zibilizazioaren agerpen bera baino lehenagotik gurekin dagoen jardun horren balioa aitortzeko.

Eta ez pentsa musika mota bati loturiko balioa denik: gustuen arabera, estilo guztiek plazera sortzen dute. Ez dago entzefalogrametara jotzeko beharrik: nork du inoiz sentitu plazer ederra auto baten leihatiletatik ateratzen den reggaetoia aldendu eta isiltasunaren musika ederra nagusitu denean?

Erreferentzia bibliografikoa:

Sala, G., Gobet, F. (2020). Cognitive and academic benefits of music training with children: A multilevel meta-analysis. Memory & Cognition. DOI: 10.3758/s13421-020-01060-2


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.