Suitzak asteko egun bat haragirik gabekoa izatea nahi du

GAZTEZULO / 2022/04/29 / 267 hitz /  Jaione Dagdrømmer @hellehellei

“Veggieday” deitutako ekimenak ostegunero Suitzarren platerak haragirik gabeak izatea du helburu.

Astean behin haragia zerbitzatu eta jateari uztea. Zehazki, ostegunero. Proposamenaren helburua egun horietan taberna, jatetxe, jantoki, kafetegi eta etxeetako mahaietan plater begetariano edo beganoak zerbitzatzea da. Ekimen honek geroz eta indar handiagoa du Suitzan. Maila nazionalean burutzen ari da Veggieday – Tasty Thrusday (Egun begetarianoa – Ostegun zaporetsua) deitutako kanpaina eta helburua haragia kontsumitzeak sortzen dituen ingurumen eta osasun arazoak ikusaraztea da, edota haragiaren industriak animalien eskubideak ere kaltetzen dituela ohartzea.

Pasa den urteko urrian eman zitzaion hasiera proiektuari eta egun arrakasta nahikotxo izaten ari da Greenpeace, WWF edota Suitzako Nutrizio Erakundearen babesa dela eta. Herrialdeko hainbat pertsona publikok ere babesa agertu diote kanpainari, horien artean Andrea Brotschi modelo eta aurkezleak.

Ez da harritzekoa mota honetako ekimena Suitzan sortu izana. 2020an haragiaren ordezko begetalek 115 milioi euro eskuratu zituzten herrialdean, 2016an lortutakoaren bikoitza. Bitartean, urtebetean haragiaren eta haragiarekin egindako produktuak %13,7 hazi ziren, aldiz, aukera begetalak %49,4. Hanburgesa begetala da produktu izarra herrialdean.

Izan ere, Suitzak dieta berdeekin duen harremana ez da moda kontua. Zürichen ireki zen orain dela 124 urte munduko lehenengo jatetxe begetarianoa. Egun Hiltl jatetxeak prestigio handia du, nahiz eta ireki zutenean bezeroak atzeko atetik sartzen ziren irainak ez jasateagatik. Berean jarraitu zuen Ambrosius Hiltl jabeak, ordea, lehengo pertsonan bizitu baitzituen dieta begetarianoaren onurak. Dieta mota honek artritisari aurre egiten lagundu zion.

Ordutik, mugimendu honekin bat egiten dutenen aldarrikapena osasuna izan ohi da eta Veggieday hau ez da salbuespena. Egitasmo honekin, haragiaren kontsumoa murrizteaz gain, honek gure osasunean dituen eraginez kontzientziatu nahi du biztanleria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.