Imanol Mercero / 2012-11-25 / 189 hitz
- Izenburua: Smara
- Idazlea: Paula Carballeira
- Ilustratzailea: Carole Henaff
- Itzultzailea: Fernando Rey
- Argitaletxeak: Pamiela-Kalandraka
Haur eta gazte literaturari eskainitako apalategietan topatuko duzu narrazio liburu hau. Liburu honetan basamortuko jendearen mitoak eta ele-zaharrak aurkituko dituzu, XXI. mendeko kronika estiloan eratuak, protagonistaren aitaren lan bidaia aitzakiatzat hartuta.
Baina Smara ez da soilik liburu goraipatua bere narrazio eta ilustrazioengatik, Smara maiz ahoskatutako izen bat da, arrazoi askorengatik.
Smara Mendebaldeko Saharako herri bat da geografia liburuetan, 50.000 biztanletik gora dituena, eta historikoki basamortuko karabanen iparraldeko ataritzat jo izan dena.
Historia liburuetan, Smarakoek okupatzaile guztien aurka erakutsi duten grinarengatik da ezagun, espainolen aurka lehenik, frantsesen aurka jarraian eta, orain, marokoarren aurka.
Ahozko tradizioa mantentzeko ere, gainerako alorretan erakutsi duten seta berbera erakutsi dute smaratarrek. Basamortuko eguneroko bizitzarekin uztartzen dituzte sinesmenak, biziaren eta heriotzaren arteko betiereko talka, herritarren nortasuna zizelkatzen duten pasarte gogoangarriak.
Obra hau duela sei urte kaleratu zuten lehen aldiz, eta harrera bikaina izan zuen, The Withe Ravens zerrenda ospetsurako izendatua izateko adina. Ilustrazioak ere Galiziako Editoreen Elkarteen saria jaso zuen.
Hamar ataletan banatutako 60 orrialde xumetan, helduentzako zein haurrentzako solasa eskaintzen digu; esaterako, ozen irakurrita, pantailadun traste oro itxi, eta basamortuari leihoa zabalduta.