Idoia Torregarai / 2018-04-24 / 582 hitz
Barretartia umore zerbitzuak proiektua jarri du martxan Idoia Torregarai-ek, azken urteetan jasotako esperientziari bide emanez. Bertan, umorearekin lotutako ikastaroak, hitzaldiak, albisteak, elkarrizketak, ikuskizunak eta jakingarriak eskaini eta bilduko ditu. Elkarrizketa honetan egitasmo honen nondik norakoak azaltzen ditu.
Idoia Torregarai Martija (1974. Usurbil, Gipuzkoa) kazetaria da ikasketez, komunikazio-arduraduna UEUn eta umore-zalea bihotzez. Betidanik erabili eta interesatu zaio umorea, eta 2012. urtean Barretartia bloga ireki zuen, umorea euskaraz egin eta umoreari buruz aritzeko. Azken urteetan umorezko kolaborazioak egiten ari da hainbat mediotan (Euskadi Irratia, Info7, ETB) eta umorearen inguruko ikastaroak ere eskaintzen ari da. Oraingo honetan, umoreari lotutako proiektu integralari ekin dio: Barretartia umore-zerbitzuak.
Nondik datorkizu umorearekiko lotura hau?
Etxetik. Aita txiste-kontalari maitatua zen Usurbilen, eta ama ezagutzen dudan pertsonarik optimistena da. Bien konbinazioa naizela esan daiteke. Horretaz gain, nerabezaroan konturatu nintzen umoreak munduan ni izateko modu bat eskaintzen zidala, eta estrategia baliagarria zela bizitzan aurrera egiteko (koadrilako “guapa” inoiz izango ez nintzela konturatu nintzenean). Ordutik bide horri jarraitu diot, hori baita umorea niretzat, bizitzeko era bat.
Duela urte batzuk sortu zenuen Barretartia bloga. Zergatik?
Barren barrenean sentitzen nuen behar baten erantzuna izan zen. Umorearekin zerbait egiteko gogoa nuen aspaldidanik, eta hori gorpuzteko modu bideragarriena blog bat sortzea zela pentsatu nuen. Umorea euskaraz egiteko leku bat sortu nahi nuen, bai eta umoreari buruz hausnartzeko tokia ere. 300 post baino gehiago idatzi ditut urte hauetan guztietan, mota desberdinetakoak: medioetarako idatzi ditudan kolaborazioen gidoiak, twitterreko txiolariak profilak, aholkuak, beste pertsonen kolaborazioak, artikuluak,…
Orain, berriz, Barretartia umore zerbitzuak jarri duzu martxan.
Bai, umoreak gure egunerokotasunean duen garrantziaz gero eta gehiago jabetzen naiz eta bertan sakontzen jarraitu nahi dut. Azken urte hauetan umoreari buruz asko ikasi dut eta eskaintza polita egin dezakedala pentsatzen dut. Teoria eta praktika uztartuz, eskaintza integral bat bideratu nahi dut Barretartia umore zerbitzuak-en bidez.
Eta zer da zehazki eskainiko duzuna?
Blogean edukiak sortzen jarraituko dut, baina nire asmoa umore sorkuntzari ez ezik, umoreari buruzko jakingarri, aholku eta abantailei toki zabalagoa ematea da. Horretaz gain, ikastaro desberdinak proposatzen ditut: umorea hezkuntzan, umorea eta sormena, umorea eta generoa, umorea egunerokotasunean, barreterapia… Bestetik, umoreari buruzko hitzaldiak ere eskainiko ditut eta azkenik, banakako edo binakako bakarrizketak ere bai.
Norentzat da Barretartia berria?
Denentzat. Umoreaz gozatu nahi duenak hortxe izango du bloga edukiekin barre egin eta informazioa jasotzeko. Bestetik, umorea estrategia gisa bere egunerokotasunean eta lanean erabiltzen ikasi nahi duenak ikastaroak eta hitzaldiak izango ditu: irakasleak, profesionalak, gurasoak, norbanakoak,… Azkenik, bere herrian edo elkartean umorezko ikuskizuna antolatu nahi duten horiek ere aukera izango dute Barretartiaren bidez zerbait desberdina programatzeko.
Hain onuragarria al da umorea?
Noski. Fisikoki barre egiteak bihotza indartzen du, azala gaztetzen du, arteria-presioa jaisten du, sistema immunologikoa gogortzen du, digestioa hobetzen du, arnasa errazten du eta abar. Horretaz gain, umorearen “txipa” piztuta edukitzeak konfiantza eta animoa igotzen ditu, talde kohesioa eta harremanak errazten ditu, tentsioak askatzen ditu, motibazioa areagotu eta ahalduntzen ere laguntzen digu.
Baina umorea batzuetan ere kaltegarria izan daiteke…
Zalantzarik gabe, umoreak min handia egin dezake norbait zapaltzeko erabiltzen badugu. Umorea erabiltzerakoan beti galdetu behar diogu gure buruari ea egiten ari naizen hori zein botere harremanetan kokatzen den: nire parekoari egiten ari naiz, ni baino ahulago den norbaiti egiten ari naiz edo nire gainetik dagoen norbaiti? Erantzun horrek esango digu erabiltzen ari garen umorea beste norbait beheratzeko den ala ez.