Iñigo Satrustegi / 2020-05-08 / 488 hitz
Arevalo beka batekin joan zen El Salvadorrera, eta egonaldia boluntario modura luzatu du. Adierazi du hasieran hara joateak beldur pixka bat ematen zion arren,«oso gustura» dabilela.
Mikel Arevalo (Bilbo, 1994) soziologoa da, ikasketaz. Iazko uztailean Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren arteko Gaztenpatia programarekin Suchitotora (El Salvador) joan zen bekadun. Han gustura zebilen, eta gelditzea erabaki zuen. Orain, boluntario lanak egiten ari da hango elkarte batean.
Zerk eraman zintuen El Salvadorrera?
Gaztenpatiak soziologiako ikasleentzat eskaintzen zituen programen artean, El Salvadorkoa gustatu zitzaidan gehien. Gainera, Mexikon egona naiz lehenago ere, eta oso gustura egon nintzen. El Salvador aukeratuta, Mexikora erraz bueltatu ahalko nintzela pentsatu nuen.
Beka bukatuta, han geratzea erabaki duzu. El Salvadorrek harrapatu zaitu?
El Salvadorrek baino gehiago, hemengo jendeak harrapatu nau. Oso pertsona bereziak ezagutu ditut hemen, eta oraintxe bertan zoriontsu naiz jende horrekin.
Orain, berriz, boluntario zabiltza Plataforma Globalean, ezta?
Hori da, hainbat alderdi lantzen dituzte, musikarekin, ekintzailetzarekin eta abarrkin. Ni, berriz, tabernaria nintzen, Suchitotoko egoitzan. Oso giro polita genuen lankideon artean. Horrez gainera, laguntza behar zuten edozerekin ere aritzen nintzen. Abenduan, etxe bat eraikitzen hasi ginen, esaterako. Hala ere, uste dut beste momentu bat iritsi dela, eta soldatapeko lana bilatzen saiatuko naiz.
Esan daiteke El Salvador ez dela oso ezaguna, eta entzuten dena ez dela oso positiboa…
Nik ezagutzen nuen El Salvadorren egondako pare bat pertsona, eta etorri aurretik haiekin hitz egin nuen. Esan zidaten ez zuela zer ikusirik entzuten denarekin. Abentura hasi baino lehen, noski, beldur nintzen. Nik tatuajeak dauzkat, eta beldur nintzen arazorik sortuko ote zidan horrek, baina gerora ohartu naiz kanpotarrak ez garela banden helburua. Nik Mendebaldeko hazpegiak ditut, eta, beraz, salbu naiz, nolabait esateko.
Eta hara iristean, zerk harritu zintuen?
Gerraostean daude hemen oraindik. Ohikoa da 10 urteko haur bat arma batekin ikustea, eta horrek, noski, harritu egiten zaitu…
Nolakoak dira salvadortarrak?
Zaila da galdera horri erantzutea. Oso ezaugarri orokorrak eman beharko nituzke. Hala ere, hemengo jendearekin hitz egin dudanean, hiriguneetako jendea zuhurra dela esan didate. Suchitoto landa eremuan dago, eta ez dago horrenbesteko indarkeriarik. Baina, hiriburuan, bai, eta, horregatik, tentuz jokatzen dute une oro, arazoetan ez sartzeko.
Bidaiatzeko aukerarik izan al duzu?
Bai. Hondurasen asteburu-pasa bat egin nuen, El Salvadorko gerran erbesteratu behar izan zutenen omenezko jaialdi batera joanda. Baina, batez ere, herrialde barruan mugitu naiz: Loreen Ibilbidea egin dut, herri txiki eta ikusgarriak lotzen dituen, eta hondartza turistiko eta ez hain turistikoetara ere joan naiz. Nahiago ditut hondartza txikiagoak eta lasaiagoak, egia esan.
Koronabirusa hara ere iritsi da…
Bai, baina egoera ez da hain larria. Interneten ikusi nuen neurririk zorrotzenak dituen herrialdeetako bat dela El Salvador. Nik ez dakit oso ondo. Hala ere, kalean harrapatzen bazaituzte, kontzentrazio esparru antzeko batera bidaltzen zaituzte. Bideoak eta albisteak zabaldu dira han gertatzen denari buruz, baina ez dira oso ziurrak ere.
Bueltatzeko asmorik bai?
Hegaldia hartua nuen, martxoan bueltatzeko, baina, birusa dela-eta, ezin izan nuen hartu. Orain zaila ikusten dut lan egitea, egoera honek dena zailduko duelako, eta, beraz, azarora bitarte, behintzat, geratuko naiz, hori aurreikusten dut.