Txerriak eta loreak

Txerriak eta loreak, Jon Arretxe, Erein argitaletxea

Arbizuko hestebete-lantegi batean gertatzen den txistor lapurreta misteriotsua da abiapuntua, eta hortik aurrera umore klabean idatzitako trama beltza dator, oso beltza, erritmo bizikoa, elkarrizketa ugarikoa, «tarantinoar» estetikakoa.
Txerriak eta loreak ezohiko nobela da, laburra eta pertsonaia bereziez hornitua: Zuriñe Ruiz de Gordoa gasteiztar mandatugile bitxia, Gabriel Abrisketa basauriar enpresari ustela, Fermin Bakaikoa arbizuar txistorgile iluna… Harridura, dibertimendua eta ustekabeak ziurtatuta daude.

“—Ziur zaude hemen dela?
—Hemen izan behar. Arbizuko industria-poligonoan gaude, hor… –Bista fokatzen saiatu da–: «Ez-dakit-zer Arbizu» ipintzen du, eta marrazkia txistor batena da, ezta?
—Ez dakit, txorizoa ere izan liteke, edo lukainka.
Gizon biak horma-irudira begira geratu dira auto gorriaren barrutik. Udako gau sargoria da eta, poligono bakartiko pabilioi itzaltsuen artetik hainbat buelta eman ondoren, «Bikain
hestebeteak, Arbizu» iragarkia daukanaren aurrera heldu berri dira.
—Zer desberdintasun dago txistorraren, txorizoaren eta lukainkaren artean?
—Loditasuna, beharbada?
—Bueno, berdin dio. Hauxe izan behar da lekua, goazen!
Esan diete ez dagoela kamerarik inguruan, baina, badaezpada, biek jantzi dute buru berokia, eta autotik jaitsita pabilioiaren sarrera nagusirantz abiatu dira. Batak palanka eta gakorde-sorta daramatza eskuetan, besteak zaku bi lepoan. Euren informazioaren arabera, alarmak ez du joko, eta sarrerako atea ez da sendoegia. Gauzak hala, erraza suertatu zaie bortxatzea eta hallean sartu dira, bulegoen gunean. Hainbat koadrotxo daude hormetan esekita, ez dakit zer sari, ez dakit zer kalitate-agiri… Ate bat dago pasabide labur baten amaieran eta, hau irekita, ekoizpen-eremuan barruratu dira. Tenperatura hogeitaka graduz jaitsi da bat-batean, espazioa askoz handiagoa da, zabaleraz zein altueraz, eta metalezko ate asko daude. Bat ireki dute, hozkailu erraldoia dirudi, haragi puxketa izoztuak daude, tonaka. Bigarrenean, txorizo arruntak topatu dituzte, hutsean bilduta eta makina bat kutxatan sailkaturik…”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.