Ilargi Agirre / 2013-05-05 / 1.123 hitz
Euskal Herriko arkeologo talde bat Saharako ondare kulturala ikertzen eta berreskuratzen dabil. Tartean dago Andoni Saenz de Buruaga; beduinoekin bizitzen denboraldiak pasatu ditu.
Goizeko seiak aldera, gameluak bakarrik alde egiten hasten dira, eta euren atzetik joan behar izaten da presaka gal ez daitezen. Elkarrengandik asko ez urruntzea da garrantzitsuena, basamortuaren erdian zaila izaten delako bestela», dio Andoni Saenz de Buruagak. Beduinoekin bizitzen eman ditu denboraldiak Saharan, hassani hizkuntza jakin gabe, baina oso harreman estua lortu du. Arkeologoa da, eta EHUn Historiaurreko irakaslea. 2004tik hona, Saharako kultur ondarea ikertzen eta berreskuratzen dabiltza euskal arkeologo batzuk. Etnografia, arkeologia, paleoklimatologia eta toponimia aztertu dituzte, besteak beste.
Azken bidaia martxoan egin dute; aztarna arkeologikoak bilatzen pasatu dute hilabetea, eta harkaitzetan arte adierazpide berriak aurkitu dituzte. «Jirafa gorriak eta gizakien irudiak topatu ditugu kobazuloetan marraztuta. Oso ezohikoa da hori, animaliak irudikatzen baitzituzten, gehienetan», azaldu du Etor Telleriak. Arkeologoa da hura ere, Saenz de Buruagaren lankidea. Hiru joaten dira Euskal Herritik normalean; Joan Mari Arruabarrenak osatu du taldea. Zuriz eta gorriz marraztutako irudiekin topo egin dute orain arte, zaldiekin batez ere.
Tirisen lan egiten dute, Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetatik (Aljeria) hegoaldera, 1.000 kilometrora dagoen gune batean. 100.000 kilometro karratu baino gehiago ditu desertuko eremu horrek. «Gipuzkoa berrogeita hamar aldiz». Klima erabat lehorra du, eta eguzkiak gogor jotzen du eguneko ordu askotan. Beroarengatik sufritu dute aurten, normalean baino hilabete beranduago joan baitira, Maliko gerra zela-eta Aljeriak ez zielako uzten Tindufeko kanpamentuetara sartzen. «Ikaragarria izan da beroa. 45 eta 46 gradu egin dizkigu», esan du Telleriak. Sahararrek edozerentzat dute erremedioa, hala ere. «Urez betetako botila zaku moduko batean sartzen dute fresko mantentzeko».
Desertuaren horizontaltasuna granitozko mendi handiek apurtzen dute. «Ezerezaren erdian zaude. Noizean behin pasatzen diren nomadak eta Fronte Polisarioko soldaduak bakarrik daude han. Unibertsoan eta munduan gizakiak daukan benetako neurriaz jabetzeko balio du. Darwinen teoria inon baino hobeto ikusten da han. Indartsuenek bakarrik irauten dute bizirik», dio Saenz de Buruagak.
Baldintza gogorretan jarduten dute. Fronte Polisarioak jartzen dizkie bi 4×4 ibilgailu, sukaldaria, gidariak eta bizkartzainak. Fronte Polisarioko Kultura Ministerioko jendea ere joaten da haiekin. «Bizkartzainek ere gurekin lanean bukatzen dute, azkenean».
Neolito garaiko aztarnak aurkitu dituzte, orain dela 5.000 urte ingurukoak edo zaharragoak. Saharako desertu idorra leku heze bat zen orduan. Lakuz, errekaz eta zingiraz beteta zegoen, eta animalia eta jende asko bizi zen. «Afrikako sabanaren itxura zeukan, berdeagoa zen», azaldu du Telleriak. Lurrazalean bertan, aire zabalean, hondarrez estalita aurkitzen dituzte historiaurreko aztarnak. Zeramika zatiak, suharrizko tresnak, kobazuloetako artea eta hilobi monumentuak. Hemengo trikuharrien parekoak dira batzuk, baina eskala handiagoan eginak. Altueran zortzi edo hamar metrokoak. Zirkuluan dauden monumentuak ere badaude, eta batzuen perimetroa 800 metro baino handiagokoa da: «Oso bereziak eta oso afrikarrak dira».
4.500 monumentu erregistratu dituzte, dagoeneko, 2004an hasi zirenean hogei baino gutxiago zeudelarik. «Zientziaren ikuspuntutik hutsune izugarria zegoen han», azaldu du Saenz de Buruagak.
Materiala bilatu, jaso eta sailkatu egiten dute. «Poltsak eta poltsak biltzen ditugu egunero. Euskal Herriko arkeologo batentzat pentsaezina da, baina oso erraz bilatzen da han materiala. Eskuragarri dago oso», jarraitu du Telleriak. Arkeologo batentzat desertuan lan egitea amets moduko bat dela uste du. Lanbidearen irudi erromantikoarekin bat egiten duelako, erabat, herrialde ezezagun batera joateak «altxorrak» bilatzera. «Beste mundu batean sartzea bezala da. Giro oso ona dago gure artean, eta sahararren abegikortasuna izugarria da».
Ez dute iragana bakarrik aztertzen, ordea. Orainari ere erreparatzen diote. Galzorian dauden tradizio eta ohiturak dokumentatzen dabil Saenz de Buruaga. Adineko jendeari elkarrizketak egin dizkie itzultzailearen laguntzarekin, eta beduinoekin bizitzen denboraldiak eman ditu. Joxemiel Barandiaran izan du eredu. «Lau bost ordu pasa ditzakegu hizketan. Kultura tradizionalari buruz hitz egiten dugu, baina gero askatasuna uzten diet sentimenduei eta bizipenei buruz jarduteko. Ez da ahaztu behar nazioarteko politikak bazterrean utzitako leku batean bizi direla. Zokoratuta sentitzen dira».
Lanik kutunenetako bat du elkarrizketak egitea. «Janaria eskaintzen dizute, eta bukaeran eurek ematen dizkizute eskerrak zuri erabat hunkituta». Basamortuan 2.000 kilometro oinez egindako lagunekin hitz egin du, landare bakoitzak zein gaixotasun sendatzeko balio duen azaldu diote, eta mitologiako sinesmenak kontatu dizkiote. Gabezia gorrian zeudenean otiak jatera iristen ziren elkarrizketatuetako asko. «Otien izurritea iristea Alaren oparia omen zen. Aise harrapatzen dira, eta erre eta birrinduta jaten dira. Oso zapore ona dutela diote. Askok esan didate nahiago dutela otiak jan gameluak baino».
Beduinoen bidelaguna
Beduinoekin bizitzen eman dituen denboraldietan ez du otirik probatzeko aukerarik izan. Lau aldiz egon da lau familiarekin pare bat hilabete pasatzen. Hassani hizkuntzarik jakin gabe, gidariak hitz egiten duen frantses apurrarekin moldatu da. Nomaden familietako errege-erreginak gameluak dira. Gameluak dira ekonomiaren funtsa eta elikaduraren oinarri. Horien esnea edaten dute, sarritan. «Desertuan hazten diren graminea landareekin egindako talo moduko bat jaten dute, eta garagarrarekin hondarretan bertan prestatutako ogi bat». Animalia bat zahartzen denean, hil egiten dute jateko. «Gameluaren haragia lehortzen jartzen dute hobeto mantentzeko, eta larrua eta azkazalak ere jaten dituzte».
Eguna goiz hasten dute beduinoek, 05:30ak aldera, gameluak, ahuntzak eta ardiak jezten dituztenean. Seietan ateratzen dira kanpamentutik gizonezkoak, eta egun osoa pasatzen dute gameluen atzetik ibiltzen, bazka dezaten. Lau edo bost haimaz osatutako kanpamentuan geratzen dira emakumeak, haurrak zein adinekoak.
Gauak gustatzen zaizkio arkeologoari. Haimaren kanpoaldean biltzen dira guztiak. «Izarrei begira afariaren zain egotea oso atsegina da. Hizkuntzarik jakin ez arren, harreman oso estua lortzen duzu eurekin, eta oso maitatua sentitu izan naiz. Gizonezkoek eskua hartzen dizute, eta begietara begira geratzen zaizkizu. Han ohitura hori dago».
Une txarrak ere bizi izan ditu. Siroko izeneko behe lainoa sartu eta basamortuan bi metrora ikusten ez denean, haizeak harea jaso eta azalean ere min ematen du. 2011n izan zen azken aldiz beduinoekin bizitzen. Ezegonkortasun politikoarengatik, iaztik ez da joan. «Bost bizkartzainekin joatera derrigortu ninduen hango gobernuak, eta nik ezezkoa eman nien. Azkenean beduinoek nirekin eta bizkartzainekin bizi beharko zutelako».
Lanabesekiko interesa
Sahararekiko begirunea aspaldidanik datorkio Saenz de Buruagari. Harriekin hasi zen guztia. Harriekin egindako historiaurreko lanabesekin. Frantzian izan zen ikasten, eta herrialde askotako bildumak ikusi ahal izan zituen han. «Saharako desertuan egindako batzuekin txundituta geratu nintzen, eta ‘hara joan behar dut’, esan nion neure buruari». Hainbat herrialdetako enbaxaden ezezkoak jaso zituen, 2004an Fronte Polisarioko ordezkariarekin harremanetan jarri zen arte. Geroztik ari dira elkarlanean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak diruz lagunduta. Ziurgabetasun une batean daude orain. Ez dakite datorren urtean Eusko Jaurlaritzak proiekturako diru laguntza berrituko dien edo ez.
Nolanahi ere, sahararrek asko baloratzen dute egiten ari diren lana. Iraganarekiko interes handia dute. «Guztiek daukate guri kontatzeko zerbait: artelan bat ikusi dutela ez dakit non… Eurek emandako informazioarekin aztarnategien mapa gero eta osatuagoa ari gara egiten», dio Telleriak.
Elkartasunaren eta kooperazioaren bidetik, elkarlanean bildutako materiala eta informazioa sahararrei zabaltzea da euren asmoa. Bi liburu kaleratu dituzte jadanik. Etorkizun iluna ikusten dute, ordea, arkeologoek. Artzain nomaden bizimodua eta kultura arriskuan daudela dio Saenz de Buruagak, globalizazioaren ondorioz. Beduinoak jakitun dira kultura hiltzen ari dela. «Galzorian dago. Denbora gutxi geratzen zaie. Kultura adierazpide hauek desagertzean izango dugun galera izugarria da. Mingarria da oso, baina konponezina», azaldu du Saenz de Buruagak.