Hizkuntzan hartu dute leku

Mikel Asurmendi / 2013-05-05 / 445 hitz

  • Izenburua: Alkasoroko benta
  • Egilea: Mikel Taberna
  • Argitaletxea: Susa

Alkaiaga auzoa badago egon: Lesakan. Hangoa da Alkasoroko benta eleberriaren egilea. Nafarroako Bortziriak ezagunak dira: Bera, Lesaka, Etxalar, Arantza eta Igantzi. Eleberrigileak bortzerriak mudatu ditu, eta Seiherri bihurtu. Alkasoro biziarazi du berriz ere. Alkasoro lekua —ez-lekua— ageri izan baita behiala ere idazle honen irudimenean. Martin Irazoki dugu istorio(ar)en narratzailea. Zubiko Bentako semea. Zein zubiko? Bada, Urrabia erreka gainekoa.

Urrabiak Txokolatezko dinamita ipuin sortara eraman nau. Harribitxitzat jo nuen berau, gure literaturan txitean-pitean ageri den liburua. Egileak eskertu zidan, baina «soberazkoa» iruditu zitzaion eman nion taxua. Iruzkin ponposoegia enea, naski. Haatik, Alkasoroko Benta ere halaxe iruditu: perlatxoa.

Alkasoron agitzen dena —Bentan ikusietatik eta entzunetatik kontatua, besteak beste — gure herriaren historia da. Gure herria, bere txikian, zabala da, eta Bidasoaren magalera bizitakoa euskaldunon izaeraren hagitz adierazgarria. Nobelak, bere txikian, antigoaleko erromatar hiriak —Irun eta Iruñea— batzen ditu. Batzen ditu Erresumako menditarra eta Erriberako ez-euskalduna. Alkasoroarrek bide egiten dute Bilboraino, bidasoarrek nola. Alkasoroarrak —eta bortziriarrak orobat——gure Iparraldekoak dira hein batean. Bortziriarrak del norte de España bezain dira kontinentekoak, gaineratiko euskaldunok baino europarragoak.

Irazoki 1950eko hamarraldiko semea da. Tabernak ez dio bere bigarren abizena alferrik eman protagonistari. Irazoki eta haren lagun gazteen garaia arras berezia da. Orduan gauzatu zen egungo munduaren dualtasunaren sinbiosia: baserriaren eta industria-hiriaren artekoa. Lanaren eta kontsumo jendartearen bilakaera. Orduko eskola-elizaren eta egungo eskola-komunikabideen eraginen eraldaketa. Gurasoen eta seme-alaben arteko aldentzea. Euskal mundua mudatu zen urte gutxitan. Iraganaren eta geroaren mugarriak determinatu ziren orduan.

Gure historiaren aldi bateko hamar istoriok osatzen dute nobela. Ez da berria. Narratzeko modua ere ez, naski. Garai hura kontatzeko jaidura da bestelakoa, egileak darabilen doinu naturala. Pasadizoak ezagunak zaizkigu belaunaldi hartakooi. Garai hartako gutako edonor izan daiteke Martin, Xabi, Malixa, Gabika, Axun edo Tturko. Alabaina, doinu naturalean kontatua izaki, berezko xarmak harrapatzen zaitu.

Historiako istorioak antzekoak izaten dira, kontatzeko manera da diferentea. Kasuon, Urrabiak dakarren uraren doinuetan kontatua izatea. Txokolatezko dinamita-n nola, hara! Konparazionera: alkasoroarrei gol gehien sartzen ziona guardia zibil semea zen. Berako futbol taldeko Padilla.

«Izorra hadi, Piarres!», zioten alkasoroarrek. «Alkasoro, Alkasoro, bi etxe txar eta lau txoro», erraten zuten beratarrek.

Ekaitz alimale baten kontakizunak girotua da nobelaren amaiera. Alkasoroko bentaren magalera lehertu zen ekaitz-jende-oste hura amainatu gabe dago egun. Erregimen frankista ankerraren menpe hezitako gazte zoldazu haien seme-alabek ufaka segitzen dute, oldarrean segi ere.

Ezin da ulertu oraina, historiaren aldagaiak ulertu gabe. Alkasoroko bentan-en murgilduz gero, iraganeko ez-aldietan eta ez-lekuetan barrena sar zaitezke. Memoria kolektiboa eraikitzeko fikzioa ere behar dugu, asko eta anitz. Honatx batto, xumea. Nobela ez da literatura unibertsalaren mailara jalgiko; tira, egileak ez du horretarako jaidurarik agertu ere.

Ekaitzak sorrarazitako hildakoek leku bat merezi dute. Mikel Tabernari esker, nobelako hildakoek hizkuntzan hartu dute leku eta atseden.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.