Orreagako batailaren lurrak

Mikel Arrizabalaga / 2014-01-17 / 548 hitz

Orreagako lurrak zeharkatu ditugu; 778ko abuztuaren 15ean, baskoiek frankoen errege Karlomagno garaitu zuten han.

Orreagako (Nafarroa) ostatuaren atzetik atera eta gertu dagoen aparkalekura iritsi aurretik, eskuinetik erreka aldera jaisten hasi gara. Erreka pasatu, gure ezkerrera baso-igel gorriaren putzua utzi eta metalezko langa igaro ostean, pista zabalari jarraitu diogu. Ibilbidean GR 65ari (Donejakue bidea) dagozkion marka zuri-gorriak ikusi ditugu. Berehala bidegurutze batean eskuinera doan pista utzi (seinale zuri eta berdeak), eta ezkerretik igotzen den pistari heldu diogu. Pagadi bikaina gurutzatzen dugun bitartean, aldapa gogortzen hasi da, eta horrek abiada moteltzera behartu gaitu.

Ohikoa da bide honetatik Santiagora doazen erromesak Orreaga aldera jaisten ikustea, baina guk kontrako bidean jarraitu dugu.

Izerditan hasi orduko, aldapa amaitu, eta Donsimon esaten zaion ingurura iritsi gara. Indarrak eta arnasa errekuperatu orduko, malda txiki bat jaitsi, eta berriro pagadian zehar igotzen jarraitu dugu. Goraka jarraitu, eta Lepoederrera igotzeko azken malda piko eta gogorrari ekin diogu. Errepidera iristean, hura gurutzatu, eta, metro batzuk gorago, lepoan gara. 1.429 metrora dagoen puntu hau Donibane Garazitik datozen erromesen derrigorrezko igarobidea da. Ikuspegi zabalaz nahikoa gozatu ondoren, bertan dagoen zurezko hesola batek lagundu digu Orreagara itzultzeko bidea aukeratzen.

Ibañeta

Lepotik errepide aldera doan xendari jarraitu, eta berehala asfaltoa zapaldu dugu. Tarte bat bertatik bete izan behar dugu, gure ezkerrera zabaltzen den haran osoaren ikuspegi ederraz gozatzen dugun bitartean. Ondo markatutako bideak bizpahirutan zeharkatzen du hedagailura igotzen den bidea. Gezi horiek eta GRaren seinaleek ondo lagundu digute bide eroso eta atseginena aukeratzen. Azken zatia errepidez bete daiteke, baina metro batzuk lehenago ataka txiki bat ikusi dugu, eta, hori igaro ondoren, pagadian sartu gara, Ibañetako lepora inguratuz. Xenda nabarmen batek Errolanen omenez jasotako monumentuaren ondora eraman gaitu. Metro batzuk beherago, mendatean bertan San Salbatore ermita dago, eta, horren ondoan, erromesek zur adarrez egindako hamaika gurutze pilaturik.

778ko abuztuaren 15ean, baskoiek frankoen errege zen Karlomagno garaitu zuten Orreagako lurretan. Garai haietan, ia penintsula osoa zegoen musulmanen eskuetan, baina iparraldeko buruzagi batzuek ez zuten onartzen Kordobako aginpidea, eta penintsulako iparraldea bereganatu nahi zuten. Suleiman ibn al-Arabi Zaragozako gobernadoreak, bere helburua betetzeko, Karlomagno errege frankoari laguntza eskatu zion, eta ordainez lurrak eman.

Karlomagnok musulmanen eskaintza onartu zuen, eta Orreagatik barrena Iruñetik igaro, eta Zaragozara iritsi zen, baina ez zioten sartzen utzi, hiria beste gobernadore baten esku baitzegoen. Erregeak bueltatzea erabaki zuen, eta, Iruñetik igarotzean, harresiak suntsitu, eta hirian sartu zen. Frankoen lurretara itzultzean, mugan zain zituen baskoiak; Eneko Aritza buru zutela, laurehun bat artzainek suntsiezina zirudien Frantziako Armada garaitu zuten.

Orreaga

Ibañetatik Orreagara jaisten hasi gara, eta, horretarako, gure ezkerrera Hegaztien Migraziorako Interpretazio Zentroa utzi, eta ondo markatutako bidean zehar abiatu gara. Berriro pagadian sartu, eta, beheraka hasi orduko, pista zabal batera atera gara. Kilometro erdi eskas geratu zaigu Orreagako ospitale eta gazteen aterpera iristeko.

Orreaga Pirinioetako igarobide naturala izan da antzinatik, eta erromesek han aurkitu dute beti laguntza eta atsedena hartzeko lekua. Gaur egun aurkituko ditugun eraikin nagusiak hiru espaziotan banaturik daude: lehenengo zatian, sarrerako zabalgunean, ostatua, Izpiritu Santuaren kapera, Done Jakueren kapera eta Batailaren monumentua daude. Ondoren, eraikin modernoagoak diren Priore etxea, Liburutegia eta Museoa; Itzandegia aparte geratzen da. Bigarren zatian, Kolegiata (Andre Mariaren eliza, klaustroa, kanpandorrea eta San Agustin kapera) eta Benefiziodunen etxebizitzak. Hirugarren zatian, berriz, ospitalea eta gazteen aterpea. Eraikin multzo hori ostatu txiki batekin eta garai batean errota izandako informazio bulegoarekin osatzen da. Auritz aldera errepidetik jaitsiz, Erromesen gurutzea dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.