Eider Carton / 2012-09-20 / 476 hitz
Menopausia ez da batere fenomeno arrunta bizidunen artean. Eta ugaltzeko gaitasuna galdu ondoren bizialdi luzea izatea are fenomeno bakanagoa da. Dakigula, hiru espezietan bakarrik gertatzen da: gizakietan, orketan eta pilotu-izurdeetan. Pilotu-izurde hegamotz emeek 35 urte inguruan uzten diote ugalkor izateari, eta 65 urte baino gehiago bizi daitezke. Orka egoiliarren kasuan (bizileku finkoa duten orkak), handiagoa da aldea: 40tik 90era doa.
Gizakia ahaide hurbilenarekin alderatuz gero ere, txinpantzearekin, nabarmena da desberdintasuna. Bi espezieen ugalkortasun-kurba oso antzekoa da emeentzat: 30 urtetik behera jotzen du goia, eta ia zerora murrizten da 45 urte betetzerako. Bizi-itxaropenari dagokionez, berriz, oso bestelakoa da egoera: populazio historikoen eta ehiztari-bilatzaileen populazioen azterketa demografikoen arabera, gizataldeko emakumeen herena 45 urtetik gorakoa izan ohi da; txinpantzeen kasuan, aldiz, taldeko emeen % 3 besterik ez.
Menopausiak eta menopausia ondorengo bizialdi hain luzeak zergatik eta nola eboluzionatu duen azaltzeko, bi bidetatik jo dute zientzialariek. Lan-ildo batek dio albo-ondorio hutsa direla, eta ez dutela balio adaptatiborik; hau da, ez dira hautetsiak izan mesedegarri direlako. Beste ezaugarri adaptatibo batzuekin batera etorri zirelako garatu ziren, ustez, bizialdi luzeagoak izateari loturiko ezaugarri abantailatsuei lotuta.
Bigarren lan-ildoak adaptatitbotzat hartzen ditu menopausia eta haren ondorengo bizialdi luzea, eta abantailak zein izan daitezkeen aztertu du 1950eko hamarkadan lehenengoz proposatu zenetik.
Gizakiaren kasuan, Amonaren hipotesia izena du emakumezkoek menopausia zergatik duten azaltzen duen hipotesi onartuenak. Hipotesi horrek ahaide-hautespenaren mekanismoaren bidez azaltzen ditu menopausiaren eta haren ondoko bizialdi luzearen balio adaptatiboa: amonak bilobak zaindu eta haien biziraupenari laguntzen die urte luzez, eta, ikuspegi ebolutibotik, horrek abantaila handiagoa ematen dio seme-alaba gehiago izateak emango liokeena baino. Ondorioz, hautespen naturalak faboratu egin du menopausia. Hipotesiarekin bat datozen datu enpirikoen artean daude, berrienak aipatzearren, XVIII. eta XIX. mendeko Finlandiako eta Kanadako bi populazioren erregistroetan egindako analisiak, zeintzuek agerian utzi baitzuten amonaren bizialdiaren iraupenak seme-alaben ugal-arrakastan eta biloben biziraupenean eragina zuela; edo1960-70eko hamarkadan Gambiako nekazari-herrietan egindako analisi demografikoen emaitzak.
Gizakiak alde batera utzita, joan den asteko Science aldizkariak jaso zuen Estatu Batuetako eta Kanadako kostaldean bizi diren bi orka-populazio egoiliarrekin egindako ikerketa-lan baten emaitza, eta, hark ere, hipotesi adaptatiboaren alde egiten du. Ia 40 urteko datu demografikoen analisiak erakutsi du amaren heriotzak asko handitzen duela kume helduak hurrengo urtean zehar hiltzeko arriskua, 14z biderkatzeraino 30 urtetik gorako kume arren kasuan. Esan liteke Amaren hipotesia betetzen dela hemen, eta kumeei zuzenean lagunduz hedatzen dutela orka eme antzuek ugal-arrakasta.
Datu enpiriko horiek bat datoz gizakien, orken eta pilotu-izurdeen ahaidetasun-dinamikak ikertzeko 2010ean garatutako eredu matematikoarekin. Eredu horrek emeek taldeko gainerako banakoekiko duten ahaidetasuna denboran zehar nolakoa den aztertzen du, aintzat hartuz seme-alabak taldean geratzen diren edo ez, semeak ala alabak diren taldea uzten dutenak ugaltzeko, bilobak nork hazten dituen… ikusteko menopausia ebolutiboki abantailatsua izateko kondizioak betetzen ote diren hiru espezie horien dinamika sozialetan. Eta orka egoiliarren kasuan, bete-betean asmatu du ereduak: kume arrekiko atxikimendu handiagoa iragarri zuen orka amentzat, eta horixe da neurtutakoa. Ama gabe, hiltzeko arrisku handiagoa dute kume arrek kume emeek baino.